Araban aldiriko tren zerbitzu berria abiatzeko lehen urratsak eman dituzte Jaurlaritzak eta Renfek

Gasteizen bildu dira Álvaro Fernández Renfeko presidentea eta Susana García Mugikortasun Jasangarriaren Jaurlaritzako sailburua

Renfeko aldirietako tren bat | Argazkia: iStock Renfeko aldirietako tren bat | Argazkia: iStock

Gaur egin dute Gasteizen bilera, lehen aldiz, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburu Susana García Chuecak eta Renfeko presidente berria den Álvaro Fernández Herediak. Bi erakundeen arteko lankidetzaz, Bilbo inguruko zerbitzuez, Arabako aldiriko tren zerbitzu berriaz eta etorkizunera begirako konpromisoez hitz egin dute ordezkariek topaketan.

Batetik, Bilbo eta Urduña arteko C-3 linea zerbitzua izan dute hizpide, baita sortu diren 16 Civis zerbitzuak ere, zeinaren bidaia-denborak murriztu egin diren; gainera, zerbitzu berria gehitu dela azpimarratu dute, ordu erdiro, Bilbo eta Urduña artean, hain zuzen. Laudiotik Bilbora ordu laurdenero irteerak daudela azaldu dute, eta gaineratu dute asteburuetako zerbitzuak ere indartu egin direla.

Arabari dagokionez, aldiriko tren zerbitzu berrirako egin beharreko urratsak aipatu dituzte. Zerbitzu hori Miranda de Ebro eta Altsasu arteko tren zerbitzuaren bidez garatuko litzateke. Proiektua “lantzen” ari direla esan eta jakinarazi dute Espainiako Mugikortasun Jasangarriko Ministerioa, Jaurlaritza eta Renfe “oso ondo elkar ulertzen” ari direla. Laster iragarriko omen dituzte zerbitzu berriak hasteko datak.

Azkenik, ordezkariek berretsi dute tren zaharrak “pixkanaka ordezteko” konpromisoa dutela, “horiek ordezkatzeko prestazio hobeak dituzten beste batzuk jarrita”. Tren berriak 25 izango lirateke, orotara dauden 44tik.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK