Sabadellek uko egin dio BBVAren bat-egite eskaintzari, "bakarka balio handiagoa" sortuko duelako

Sabadelleko administrazio kontseilua atzo bildu zen BBVAren eskaintza aztertzeko, eta bigarren aldiz atzera bota du fusioaren proposamena

Argazkia: VIA Empresa Argazkia: VIA Empresa

Sabadellek ez du onartu BBVAk joan den astean proposatutako balizko fusioaren eskaintza, atzo arratsaldean administrazio kontseiluak hala erabakita. Bilera hartan, Kataluniako bankuak proposamena atzera botatzea erabaki zuen, "bakarka balio handiagoa" sortuko duela iritzitaa. Dagoeneko erabakia Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari jakinarazi diote.

Halaber, erakunde independente gisa, Sabadelleko kontseiluak azken erabaki hau " Banco Sabadelleko bezeroen eta langileen interesekin bat datorrela" uste du. 

Bestalde, BBVAk tamaldu egin du Sabadellek eskaintzari uko egin izana, Kataluniako bankuak lehenengoaren proposamenak konpainia eta haren hazkunde-aurreikuspenak modu independentean "nabarmen gutxiesten" dituela iritzi ostean. 

Gauzak honela, BBVAk hiru aukera ditu. Lehena, saiakera bertan behera uztea. Bigarrena, eskaintza hobetzea, mahai gainean diru gehiago jarrita. Eta hirugarrena, erosketa eskaintza publiko erasokorra egitea.

Gaur-gaurkoz Sabadellen kapitala oso sakabanatuta dago, akziodunak oso atomizatuta daude eta akziodun nagusiak kapitalaren %15era ez dira heltzen. Hala ere, bankuen kontzentrazioa ez dago ondo ikusita, eta bai Generalitatea eta baita kataluniako alderdi gehienak aurka azaldu dira. Horrek traba handia suposatu lezake.

Europak banku handiagoak nahiago ditu, baina batez ere mugaz gaindiko fusioak nahi ditu, eta zentzu horretan, Sabadellena Europako beste banku batekin bat egiteko lehen urrats gisa ulertu ahal da. 

Joan den asteazkenean, BBVAk Sabadelli akzio bakoitzeko %30eko gainsaria eta egoitza korporatibo bikoitza eskaini zizkion. Eragiketak aurrera egingo balu, 11.500 milioi inguru jarriko luke mahai gainean, akzio truke baten bitartez, Sabadell bankuaren akzioak eskuratzeko. Sortuko litzatekeen finantza-erakunde berrian Sabadellen egungo akziodunek kapital osoaren %16 inguru kontrolatuko lukete.

Informazio gehiago
BBVAk Sabadelli akzio bakoitzeko %30eko prima eta egoitza korporatibo bikoitza eskaini dio
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK