Nafarroako ipar-mendebaldean kokatuta, historikoki Sakanak oso harreman estua eduki du Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiarekin. Horren ondorioz, Foru Erkidegoan lehen industrializatutako eskualdetako bat izan zen XX. mendean, batez ere Gipuzkoatik etorritako inbertsioek sustatuta, hango fabrikek lur gehiago behar zuten eta, eta espazio hori Sakanan aurkitu zuten.
Iker Manterola nekazari ingeniero teknikoa eta Sakanako Garapen Agentziako kudeatzailea da. Berak azaldu du “garaiko administrazio frankistak tokiko industria bermatzeko planak” zituela, baina zenbait historiagileek “hori gabe ere industrializazioa gertatuko zela diote". Bestalde, EHUko ekonomia aplikatuko irakaslea den Joseba Garmendiak bere tesi doktorala eskualde horren garapen ekonomikoari buruz osatu du, eta ziurtatu du “Sakanaren industrializazioan kooperatibek pisua izan dutela, bai iraganean baita orain ere“.
2008ko krisia
2008 eta 2013 arteko krisialdia bereziki gogorra izan zen eskualdean. Izan ere, Manterolak dioen bezala, “langabezia ia ez edukitzetik Nafarroako langabezi-tasa altuena zuen eskualdera izatera pasa zen, %20 ingurukoa”. "2.000 lanpostu galdu ziren”, gehitu du Garmendiak.
Krisia hainbat arrazoiengatik gertatu zen, hala nola “zortzi enpresen itxiera edo deslokalizazioa, horien artean Gamesa”, aipatu du Manterolak. Krisialdia “enpresa handi batzuen itxierarekin hasi eta beste sektore guztietara zabaldu zen”, eta desagertutako enpresa handi horiek utzitako hutsune hori betetzeko “enpresa ertainak hazten joan dira”.
Iker Manterola: “Langabezia ia ez edukitzetik Nafarroako langabezi-tasa altuena zuen eskualdera izatera pasa zen Sakana, %20 ingurukoa”
Enpresa bakoitzak era ezberdinetan erreakzionatu zuen krisiaren aurrean. Adibidez, Aceros Moldeados de Lacunza, altzairuaren lanketan ibiltzen den enpresa, “nolabait prest zegoen”, 2.000 urtetik bertan lanean ari den Cristina Blazquezen arabera. Egoitzak Lakuntzan eta Arbizun ditu, eta 90 langilek osatzen dute konpainia. Bizirauteko erabilitako estrategia “bezero-espektro dibertsifikatua edukitzea” izan zen, merkatu bakar batera mugatu ordez, “normalean sektore guztiak ez direlako aldi berean erortzen, eta bati gaizki joaten bazaio, gainontzekoetan saltzen jarraitu ahal da”.
Eskualdeko eragileen erantzun bateratua
Egoera horren aurrean, Garmendiak azaldu duenez, “erantzun soziala egon zen: klasikoa, sindikatuak lan eskubideen defentsan jarduten; eta ekonomiari buruz kezkatuta zeuden eragileena, sentsibilitate ezberdinekoak, Sakanan Bizi eta Lan plataformaren bidez batu zirenak eta martxak, grebak, manifestazioak eta beste ekimenak sustatu zituztenak”.
“Hausnarketa bat egin zen, egoera honen aurrean gizarte bezala zer egin genezakeen erantzuteko”, esan du Manterolak. Garmendiaren arabera, “2011 inguruan egindako hausnarketa honetan, erantzun soziala oso ongi zegoela eta Nafarroako Gobernu eta administrazioari erantzukizunak eskatzea beharrezkoa zela ondorioztatu zen. Baina horrez gain Sakanako eragile guztiekin osatutako krisialdi-mahai bat eratzea komeni zela argi geratu zen”.
Hausnarketa eginda, hainbat ondorio atera ziren. Horietako bat, Manterolaren esanetan, “teknologia oso heldua eta berritze-tasa txikiegia zela” izan zen. Berritze hori “langileen partez” gertatzen zen gehienbat. Beste gai bat “ezagutzari zegozkion zerbitzuen eta industrien igoera” zen. Hortaz jabetuta, “berrikuntza lanbide-heziketaren bidez sustatu eta ezagutzari inguruko zerbitzuak erakarri edo garatu behar zirela” ondorioztatu zen. Erronka demografikoa ere aipatu du Manterolak. “Sakanak ez du biztanleria galtzen, baina masa kritikoa oso mugatua da, 20.000 lagun ingurukoa”, azaldu du.
Joseba Garmendia: “2011 inguruan egindako hausnarketan, Sakanako eragile guztiekin osatutako krisialdi-mahai bat eratzea komeni zela argi geratu zen”
Gainera, inguruko bailarak (esaterako, Gipuzkoako Goierri) aztertuz gero, krisiak beste indar batekin eragin egin zuela ikusi zuten, eta tokiko politika propioak edukitzeak eta garapen ekonomikorako ekimenak lantzeak nolabaiteko eragin positiboa izan zezakeela ikusi zuten. Sakana biziberritzeko estrategia horretan “arlo sozialetik hainbat adostasun landu ziren”. Hura izan zen lehen aldia “eskualde mailan eragile guztiak elkartzen zirela: enpresariak, udalak…”.
Sakanako Mankomunitateko eta Sakanako Garapen Agentziako lehendakariak, Aitor Larrazak, eragile horien arteko kolaborazioak “konfiantzazko ekosistema” eraginarazi duela uste du. Haren hitzetan, “elkarlan esparrua” eratu da enpresariekin. Izan ere, “lan gatazken ikuspegiari buelta eman zaio eta lankidetza asko burutu dira”.
Krisialdi-mahaiaren lehen bilkuran, jarraitu du Garmendiak, “alderdi politikoek, erakunde publikoek, udal-gobernuek, enpresari-elkarteek, enpresari eta kooperatibista bakanek, sindikatuek eta mugimendu sozialek hartu zuten parte”. Bilera 2011ko ekainetik udazkenaraino luzatu ondoren, adostasun batera iritsi ziren, non “sei urrats edo bektore finkatu ziren: plan estrategikoa sortzea, garapen agentzia eratzea, Sakanako gizarteak sustapen ekonomikoak parte hartzeko plataformak osatzea (handik sortu zen Sakantzen sarea), Nafarroako Parlamentuak prozesuan laguntzea, eskualdea berehalako industrializazio eremu izendatzea eta Foru Erkidegoko eta Sakanako erakundeen arteko kolaboraziorako marko egonkorra eraikitzea”.
Hau dena gauzatzeko lehen urratsetako bat Sakantzen sarea finkatzea izan zen. Horretan “ehun pertsona inguruk parte hartu zuten, kooperatiba-moduko mikroproiektu enpresarialak sustatzeko helburuarekin”. Urrats hau “ekintzailetza komunitario edo sozialeko esperientzia” bezala deskribatu du Garmendiak.
Aitor Larraza: “lan gatazken ikuspegiari buelta eman zaio eta lankidetza asko burutu dira”
2012ko bukaeran, Sakanako Behatoki Sozioekonomikoa etorri zen, izaera instituzionaleko organismoa, mankomunitateak osatua; hor sustapen edo garapen ekonomikoarekin lotuta dauden eragile mota guztiek parte hartzen dute. Behatoki horretan, 2012 eta 2013 artean, “plan estrategikoa abiatzea erabaki zen”, Garmendiaren esanetan.
Horrez gain, Sakanako Garapen Agentzia krisiari aurre egiteko sortu zen, Manterolaren hitzetan. Ordura arte erakunde mota hori, Euskal Autonomia Erkidegoan ohikoa dena, Nafarroan nahiko ezezaguna zen. Gehien gerturatu zitekeen figura Sakanan Landa Garapen Elkartea zen; horren baliokide bat industriarako sortzea ideia ona zirudien.
Garapen Agentzia eratu ostean, lehen plan estrategikoa diseinatu eta gauzatu zen. Orain, urtero plan estrategiko berri batean gauzatzen da. Plan horien funtsezko helburua “eragileek egindako lana jasotzea, koordinatzea eta horri bultzada instituzionala ematea da, era horretan gobernantza erraztuz, finantziazioa bilatuz eta arlo ezberdinetan ekintzak eta proiektuak gauzatuz, eskualde mailan edo udalerri jakin batentzako”, azaldu du Manterolak.
Sakanako Garapen Agentzia krisiari aurre egiteko sortu zen. Ordura arte erakunde mota hori, EAEn ohikoa dena, Nafarroan nahiko ezezaguna zen
Larrazak Garapen Agentzia “industriaren beharren identifikazioan eta plataformen sorkuntzan oso proaktiboa” izan dela uste du, eta “askotan Sakanaren babesean Nafarroako Gobernua estutu duela”. Halaber, Garmendiak plan estrategikoek “Sakanako udalen aho bateko babesa, alderdi politiko guztiek bermatutakoa”, lortu dutela azaldu du. “Hori legitimizazio-prozesuan urrats garrantzitsua da”, ziurtatu du ikertzaileak.
Beste ezinbesteko ekintza bat Nafarroako Gobernuarekin biltzea zen, “prozesu guztia babestea eta dirulaguntzak eta bestelako baliabideak eskatzeko". Orokorrean, lehenbiziko krisi-mahaian finkatutako sei urratsen artean, ia guztiak bete dira. Falta den bakarra “Sakana berehalako industrializazio eremua izendatzea da, baina hori ez da inoiz lehentasuna izan”.
Gaurko egoera, erronkak eta konponbideak
Manterolaren ustez, 2013tik aurrera egoera hobetzen joan da, “inguruko lurralde joerarekin bat etorriz”. Gaur egun Sakana Nafarroan langabezia gutxien duen bigarren eskualdea da. Pertsona langabetuaren batez besteko profila “55 urte gorako emakumea da, zerbitzutan lan egin duena”, eta hori “industriaren pisuagatik eta emakumeek sektore horretan daukaten sarbideagatik da”.
Hori kontuan hartuta, Garapen Agentziak berritutako azken plan estrategikoak hori zuzentzeko hainbat bide egon zitezkeela ikusi zuen, horietako bat “sektore feminizatuetan lanpostuak bermatzea eta horren antzeko ekimenak lantzea” delarik. Baina interesgarriena, industriak orain daukan lan esku beharra ikusita, “emakumeak arlo honetan parte hartzea erraztea” izan ahal da. Era horretan “emakumeen langabezia arindu eta bai sexu bai soldata arrakalari (industriak zerbitzuek baino soldata hobeak eskaintzen ditu eta) aurre egin daiteke”.
Gaur egun Sakana Nafarroan langabezia gutxien duen bigarren eskualdea da
Aceros Moldeados de Lacunza enpresan, Blazquez arlo komertzialean dagoen langilea da, eta bezeroekin harremanak kudeatzen ditu. Bezero horietako asko atzerrikoak dira, batez ere mendebaldeko Europakoak (Alemania, Frantzia, Italia, Finlandia…) eta Estatu Batuetakoak, eta neurri txikiagoan Brasil, Argentina eta beste herrialdetakoak. Bera bezero frantses eta italiarretan zentratzen da.
Bera bezala, industrian emakume gehienek bulegoetan egiten dute lan. Bere enpresari dagokionez, “galdaketa oso gogorra da; emakumeak ez dira baztertuak, baizik eta askotan emakumeek beraiek ez dira lan horietara eskaintzen”. Beste zailtasun batzuk “langile falta eta horrekin lotuta dagoen garraio falta” dira. Lehenbizikoari soluzioa emateko, “Lanbide Heziketarekiko ezagupen lana” jarri da martxan, hura delako etorkizuneko langile berriak erakartzeko eta formatzeko hezkuntza modu aproposena.
Bestalde, garraiobideak iraunkorrak eta egokiak izan behar dira kanpotik etorri daitezken langileentzat, “Sakanak duen biztanleria baino lan gehiago eskaintzen duelako”. Hala nola, bai pertsonak bai merkantziak alde batetik bestera eramateko, “trena gakoa da”.
Cristina Blazquez: “nahiz eta zonalde hau Iruñeatik edo Gasteiztik oso gertu egon eta errepidea autobia ona izan, hiri horietako biztanleak ez daude ohituta lan egiteko distantzia handiak egitera"
Blazquezek baieztatu du batzuetan zaila dela langileak Sakanara erakartzea. Azken finean, “nahiz eta zonalde hau Iruñetik edo Gasteiztik oso gertu egon (kotxez ordu bat baino gutxiago behar da), eta errepidea autobia ona izan, hiri horietako biztanleak ez daude ohituta lan egiteko distantzia handiak egitera”.
Teknologia berriak
Beste erronka bat, Manterolaren hitzetan, “garapen digitala eta Inteligentzia Artifiziala lantzea” dira. Hau bi arrazoiengatik sustatu da: “kontzeptu horiek oso erraz ulertzeko bideak zeudelako eta gehien eragingo zuten arloetarikoak zirelako”. Horren baitan sortu ziren “coworking digitalerako gunea, Irurtzunen kokatuta; eta horri lotuta, tailer teknologiko bat, batez ere fabrikazio gehigarrian oinarritzen dena“. Konbinazio horren bidez “Irurtzungo landa gunera jendea lan egitera etorriko litzateke, hainbat faktorek (ordaintzeko toki erraz bat, bizikletaz joan ahal izatea, etab...) erraztuta eta lehentasunezko lan-espazio bilakatuta”.
Digital Innovation Hubs-ak ere ekimen aipagarriak dira. Sakanan dago bat, Dinabide deiturikoa, “Nafarroako lehen testatze gunea izan zen, ekipamendua ezagutarazteko, enpresek horren potentziala ikusteko, prozesu produktiboan izan zitekeen eragina hausnartzeko eta formakuntza sustatzeko”. Horrez gain “teknologia berritzen den heinean” beren ekipamendua ere berritzen dute.
Iker Manterola: "Dinabide Nafarroako lehen testatze gunea izan zen, ekipamendua ezagutarazteko, enpresek horren potentziala ikusteko, prozesu produktiboan izan zitekeen eragina hausnartzeko eta formakuntza sustatzeko”
Orain arte proiektuaren emaitzak “oso positiboak” dira, “honi esker hiru mikroenpresa sortu direlako, batez ere fabrikazio gehigarrian edo arlo horrekin zerikusia duten sektoreetan jarduten dutenak”. Dinabidek “etorkizunerako ate txiki" bat izan nahi duela gehitu du garapen agentziako koordinatzaileak.
Blazquezek bestalde, “talde gazte eta dinamiko batean” lan egiten duela azaldu du, eta gazteen bidez sartu dira gehienbat berrikuntza teknologikoak bere enpresan. Haien kasuan, adibideak “fusioa simulatzeko programak edo paperaren beharra murrizteko erradiografiaren digitalizazioa” dira.
Industria guneak
Sakanan hiru industrialde nagusi daude: Irurtzun, Altsasu eta Etxarri Aranatz. Manterolak nabarmendu duenez, “industrialde bakoitza ez dago sektore jakin batean espezializatuta”. Ikuspuntu historikotik, “Altsasu izan da gune garrantzitsuena”, baina Irurtzun, Arakil eta Uharte Arakil arteko eremuaren “birgaitze industriala” ere aipatzekoa da. Han, “Inasa enpresaren itxiera gertatu zenetik, poligono industriala erreformatu da eta egun %90eko ahalmena du”.
Berrikuntzen onurak
Garapen agentziako kidearen ustez, “krisiari aurre egiteko neurriek emaitza onak eman dituzte, baina eragileen artean erabakiak hartzeko sortu diren esparruak, prozedurak eta lan kultura izan da aldaketarik baliotsuena". Hori da, hain zuzen, gero eta tamaina handiagoko proiektu anbiziotsuagoak egitea ahalbidetu duena”. Garmendia bat dator iritzi horrekin, “praktikan jarri den prozesu eta metodologia hau oso baliagarria izan daitekeelako, hura nola jorratu behar den erakusteko eta beste toki batzuentzat eredua izateko, egitura produktibo ezberdinetara egokituta”.
Iker Manterola: “krisiari aurre egiteko neurriek emaitza onak eman dituzte, baina eragileen artean erabakiak hartzeko sortu diren esparruak, prozedurak eta lan kultura izan da aldaketarik baliotsuena"
Halaber, “eragileek autoestima eta konfiantza zentzu praktiko aktibo batean bihurtzen jakin dute”. Gainera, “ibilbide honek erakusten du gatazkak eta kolaborazioa ez direla elkargaitzak: testuinguru batzuetan gatazkak normalak eta ulergarriak dira, baina horrek ez du ekiditen beste esparru batzuetan gatazkan dauden eragile horiek elkarlanean ibiltzea”. Garmendiak Garapen Agentziaren papera aldarrikatu nahi izan du, “belaunaldi berriko tresna” da eta, “haren proaktibitateagatik eta ekimen propioez lantzen dituen proiektuengatik, izaera aberasgarria ematen dio”.