Sara Ortiz: "Norbaitek konfiantza ematen dizunean, erronkei aurre egitea errazagoa da"

CIC energiGUNEko ekonomia eta finantza zuzendaria proiektuaren hastapenetatik aritu da lanean, paper garrantzitsua izan duelarik ikerketa zentroaren azken urteotako bilakaeran. Bere iritziz, paradigma aldaketa bat ematen ari da enpresetan, eta geroz eta emakume gehiago daude ardura postuetan.

Sara Ortiz CIC energiGUNEko Ekonomia eta Finantza zuzendaria | Argazkia: Utzita Sara Ortiz CIC energiGUNEko Ekonomia eta Finantza zuzendaria | Argazkia: Utzita

2016az geroztik, CIC energiGUNEko ekonomia eta finantza zuzendaria da Sara Ortiz. Proiektuaren hastapenetatik dihardu ikerketa zentroan, Garapen Korporatiboko Zuzendaritzaren laguntzaile gisa hasi zelarik lanean, eta egitasmoaren hazkundearen eskutik egin ditu Ortizek bere ibilbide profesionalaren azken urteak. Energiaren biltegiratzean espezializatutako ikerketa zentroak Arabako Parke Teknologikoan du egoitza, eta energia elektrokimikoa, termikoa eta hidrogenoaren berrikuntza nahiz teknologiaren garapena ditu ardatz. Besteak beste, BCARE eta Basquevolt proiektuak ugaldu dira ikerketa zentroaren jardueratik, eta horien sustatzaile eta kontseilari ere bada Ortiz. Azken urteotan egindako lanaren aitortza jaso berri du, Arabako Emakume Profesional eta Enpresarien Elkarteak (AMPEA) 2023ko zuzendari onenaren saria eman baitio.

Zer suposatu du zuretzat AMPEAren saria jasotzeak?

Ilusio handia egin dit pertsonalki, baina batez ere, taldeak egindako lanaren aitortzagatik. Lantaldea gabe ezinezkoa litzateke egin dugun lana egitea, eta egia esan, goi mailako taldea dut.

Sariketak ardura postuetan zaudeten emakumeen lana eta ibilbide profesionala aitortzea du xede, zuk 2016tik daramazu CIC energiGUNEko ekonomia eta finantza zuzendari gisa, nolakoa izan da zure esperientzia?

Niretzako erronka handia izan zen. Ama izan nintzen lehen aldiz 2016an, eta une berean izendatu ninduten zuzendari. Ez nuen sekula sentitu amatasunak oztopoak jarri zizkidanik, baina bi gauzak une berean ailegatuta, banekien erronka izango zela. Sari banaketako hitzaldian aipatu nuen, norbaitek konfiantza ematen dizunean, erronkei aurre egitea errazagoa da.

Emakumeei bere merituak erakusteko aukera ematen bazaie, geroz eta gehiago ikusiko ditugu ardura postuetan. Historikoki, emakume askori ez zaie utzi beren merituak azaltzen. Azkenean, nolabait tapatzen bazaituzte, zaila da distira egitea. Dena den, nik uste dut paradigma aldatzen ari dela, politika batzuk ezarri direla, aitatasun eta amatasun bajak berdintzen, esaterako. Enpresak geroz eta kontzienteagoak dira kontziliazioa ez dela emakumeen kontua soilik. Niretzat, paradigma aldaketak hortik datoz, erantzunkidetasunetik.

Aipatzen duzun paradigma aldaketa horren isla litzateke ardura postuetan dauden emakumeen zenbatekoa areagotzea?

Lehengo eskemak apurtzen ari dira, enpresetako giza baliabideek ezin dute horien baitan aritzea permititu, lehiakortasuna galduko bailukete. Paradigma aldaketarekin modu naturalean emango da emakume gehiago ardura postuetan egotearena, meritokraziagatik. Egia da berdintasun politika beharrezkoak direla oraindik, baina espero dugu laster hala ez izatea.

Sara Ortiz: "Ama izan nintzen lehen aldiz 2016an, eta une berean izendatu ninduten zuzendari"

Geroz eta emakume gehiago gaude kontseilu eta zuzendaritza batzordeetan. Aitortu beharra dago sektore guztietan ez dela erritmo berean ematen ari aldaketa, badira tradizionalagoak diren industria batzuk, zeinak motelago dabiltzan. Gurean, ordea, azkarrago doa, izan ere, talentuak garrantzia handiagoa du, eta zailagoa da eskuratzen.

CIC energiGUNEn 2010ean sartu zinen, Garapen Korporatiboko Zuzendaritzaren laguntzaile gisa. Nola izan zen proiektuaren hastapena?

Lau pertsona hasi ginen gaur egungo CIC energiGUNEren egitura izango zena muntatzen. Bikaintasun baterako ikerketaren oinarriak sortzea izan zen gure ardura, baina modu disruptibo batean. Lehen urratsak ematea zaila izan zen, egin beharreko kudeaketa oso profesionalizatua baitzen, bai aholkularitzan eta industria arloan. CIC energiGUNEk oso azkar egin du aurrera energiaren biltegiratzea eta transferentzia gauzatzeraino.

Zenbat langile ditu egun CIC energiGUNEk?

Ni hamargarrena izan nintzen proiektura gehitzen. Orduan kudeaketa arloan lau pertsona geunden. Orain 200 pertsonek egiten dute lan hemen.

Lehen esan bezala, 2016an ekonomia eta finantza zuzendari izendatu zintuzten. Zer aldaketa ekarri zituen horrek?

Ikerketa zentroa handitzen ari zen eta berregituraketa bat egitea beharrezkoa ikusi genuen. Bertan egoteak eraldaketa prozesu osoaren genesian egotekoa aukera eman dit. Orduan, inpaktu handiko proiektuak genituen esku artean, baina ez ginen deus transferitzen ari. Plan estrategiko berria egin genuen, eta saltzen hasi gintezkeela planteatu genuen, euskal industria lehenetsiz betiere.

Sara Ortiz: "Ikerlarien zerbitzurako egiten dugu lan, ahalik eta distira gehien egin dezaten"

Eraldaketak oso garrantzitsua eta zaila izan zen. Merkatuko aldaketak, enpleguaren sorkuntza, fakturazioa... erronka ugari sortu ziren, eta erabaki guzti horiek hartzen diren organoetako parte izan nintzen.

Orain nolakoa da zure egunerokotasuna zuzendari ekonomiko finantzario gisa?

Bi alorretan aritzen naiz ni. Alderdi ekonomiko finantzarioan proiektuen garapena ahalbidetzen dugu, baina ez kontrol finantzario bat ezartzearen ideiarekin, ikerketak posible egiteko proiektu horien segizioa egiten dugu. Behar dutena identifikatu eta baliabideak bilatzen ditugu. Beste arloa estrategia da, zeinetan proiektuen euskarri lana egiten dugun, beren balioa maximizatzeko nola lagundu aztertzen dugu. Gure departamentua Kudeaketa eta Zerbitzuak deitzen da, Management and Services, eta horretarako gaude, hain justu, ikerlarien zerbitzurako, ahalik eta distira gehien egin dezaten.

Hortaz, baliabidea finantzarioak ematen ditugu eta era berean, egitura eta prozesuak sortzen ditugu ikerketek balioan irabazi dezaten.

Energiaren biltegiratzea duzue guztiaren ardatz, egun zer egoeretan aurkitzen da ikerketa zentroa?

Energiaren biltegiratzea trantsizio energetikoa gauzatzeko giltzarrietako bat da. Biltegiratzetik gabe oso konplikatua izango da trantsizioa. Bi ikerketa esparru nagusi ditugu energia elektrokimikoaren biltegiratzea eta energia termikoaren biltegiratzea, eta horien baitan hainbat proiektu ditugu. Ibilgailu elektrikoen bateriak, esaterako.

Teknologia honen garapenean jarraitzea funtsezkoa da, bateriak merkeago izan daitezen, eta erregaizko ibilgailutik elektrikorako aldaketa demokratizatu dadin. Izan ere, egun zeinek du ibilgailu elektrikoa? Erosahalmen handia duen jendeak. Egoera hau ez badugu aldatzen, trantsizio energetikoa oso zaila izango da. Ezin da biztanleriaren zati handi bat alboratu. Teknologikoki eta zientifikoki aurrerapausoak eman behar ditugu trantsizio energetikorako bateriak eduki ahal izateko. Ibilgailuen prezioan jarri behar dugu fokua, diru laguntzez harago.

Sara Ortiz: "Jasangarritasuna eta trantsizio energetikoa indartzeko ekosistema gehigarri bat sortu behar dugu, industriak bere trantsizioa egin dezan"

Bateriak aipatu dituzula, BCARE eta Basquevolt CIC energiGUNEtik sortutako egitasmoak dira. Zer puntutan aurkitzen dira proiektuok?

BCAREk energia biltegiratzeaz gain, hainbat produktu sortzeari ekin dio. 15 pertsona ditugu plantillan eta milioi bateko fakturazio egonkortua du. Industrian premia bat antzeman genuen, enpresek aholkularitza espezializatua behar zutela baterien munduan. Hor nitxoa zegoen eta horrela sortu zen. Merkatuan ditugu hainbat diagnostiko modelo edota baterien egoera jakinarazten duten moduluak, besteak beste.

Bateriez harago, zein beste ikerketa lerro dituzue abian egun?

Biltegiratze termikoan oso proiektu garrantzitsuak ditugu. Bero industrialaren berreskuratzean ari gara lanean adibidez, baita beroaren biltegiratzean ere. CIC energiGUNEren bihotza sodio bateriak dira, baina gero ikerketa lerro ugari ditugu merkatuko tendentziei jarraiki. Europako elkarte garrantzitsuenen preskriptoreak gara.

Energia sektoreko eragile garrantzitsu zaretelarik eta zuk sektorean duzun esperientzia kontuan hartutik, non kokatzen duzu euskal industria eta berrikuntza jasangarritasuna eta trantsizio digitalaren esparruan?

Nik uste dut hemen pribilegiatu batzuk garela, administrazioak hau bultzatzen urteak asko daramatzalako. Abagune hau aprobetxatu beharra dugu. Gure abiapuntua oso ona dela esango nuke eta industria inportante bat dugu atzetik, energia konpainia handiak, baita automobilgintzakoak ere. Hau guztia indartzeko ekosistema gehigarri bat sortu behar dugu, industriak bere trantsizioa egin dezan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK