Etxebizitza-politikak debate politikoaren muinean kokatu dituzte alderi politikoek aste honetan. Aurreko astean EH Bilduk eta ERCk Espainiako gobernuarekin lortutako akordioak bultzada emango dio etxebizitzaren afera bere osotasunean jorratuko duen estatu mailako lehen legeari. Orain arte etxebizitzaren hari-mutur desberdinak jorratzen dituzten legeak badira ere, oraingoan lege integrala onartu nahi dute. Gurean Nafarroak eta EAEk lege propioak dituzte, baina estatu mailakorik ez zegoen. Hauteskundeen atariko lehiak gaiari astindua eman dio. Hala, igandean Pedro Sanchezek etxebizitzen alokairu sozialari bultzada emateko Sareben 50.000 etxebizitza alokairu sozialera bideratuko zuela iragarri zuen, eta asteazkenean beste urrats bat eman zuen. Alokairurako eskaintza 43.000 etxebizitzetan indartzea agindu zuen. Horretarako Europako funtsetako 4.000 milioi euro erabiliko ditu ICO Kreditu Ofizialeko Institutuaren lerro berri baten bidez finantzatuz.
Banku txar gisa ezaguna bada ere, Sareb ez da banku bat. Banku berregituraketatik eratorritako aktiboak kudeatzeko sozietatea da, 2012an bankuen erreskatearekin batera PPko gobernuak eratua. 2008ko finantza krisiak eta, batez ere, higiezinen alorreko burbuilak estatuko finantza erakunde nagusien berankortasuna puztu zuten, haien kaudimena eta bideragarritasuna zalantzan jarriz. Bezeroek hipoteka maileguari aurre egin ezinda ordaindu gabe utzitako milaka etxebizitza bankuen esku gelditu ziren. Higiezinen sustatzaileei emandako maileguak ere jan behar izan zituzten bankua, aktibo toxikoen multzoa are gehiago handituz. Bankuen balantzeak garbitu eta euren kaudimenaren inguruko zalantzak uxatu aldera gobernuak Sareb eratu zuen, 1.200 milioi euroko kapitalarekin.
Luis de Guindos ekonomia ministroak Sarebek herritarrentzat kosturik izango ez zuela agindu zuen. Eratzetik 35.000 milioi euro galdu ditu.
2008ko finantza krisiak ezbaian jarri zuen espainiar estatuaren finantza kaudimena eta 2012ko Mariano Rajoyren gobernuak Europari erreskatea eskatu behar izan zion. Europako laguntza, baina, garesti ordaindu zuen Espainiak. Neurri sorta zorrotza onartu behar izan zuen gobernuak, Sareben eraketarena, besteak beste. Estatuak erakunde berriaren kapitalaren % 45,9 hartu zuen bere gain, FROB bankuen berregituraketarako funtsaren bidez. Gainontzekoa estatuko finantza erakunde nagusiek, BBVA izan ezik, hartu zuten. Gurean Kutxabankek 125 milioi euroko ekarpena egin zuen, kapitalaren % 2,53 erosita, eta Laboral Kutxak % 0,59 eskuratu zuen.
Kosturik gabekoa?
Sarebek 200.000 aktibo toxiko baino gehiago erosi zizkien bankuei. Prezioa Oliver Wyman aholkularitza etxeak egindako analisiaren arabera ezarri zen, aktiboen prezioei % 52ko batez besteko beherapena aplikatuz. Higiezinen erosketa finantzatzeko, banku txarrak estatuaren bermea zuen 50.781 milioiko zor jaulkipena egin zuen. Estatuaren abala erabili zen, hortaz, bankuen aktibo toxikoak eskuratzeko. Zorra, aldiz, ez zen zor publiko gisa kontabilizatu estatuak Sareben % 50 baino gutxiago zuelako. 2021ean, Eurostatek errieta egin zion Espainiari, eta Sareben metatutako galerak, 33.664 milioi eurokoak, zor publiko gisa zenbatzeko agindu, BPGren % 3.
Luis de Guindos garai horretako ekonomia ministroak Sareben sorrerak herritarrentzako kosturik ez zuela izango agindu zuen. Errealitatea, ordea, bestelakoa da. Europako Banku Zentralak Sareben sorrerari buruzko ikuskaritza egin eta aktiboak garestiegi erosi zituela ebatzi zuen. Aktiboei aplikatu beharreko deskontuak %72koa behar zuen eta, hortaz, garestiegi ordaindu zituen aktibo toxikoak. Banku txarraren kudeatzaileen jardunak eta zuzendaritzaren soldatek ere kritika ugari jaso zituzten.
2027rako Sarebek bere zorra amortizatu ezean, estatuak bere gain hartu beharko du
Iraungitze data du Sarebek: 2027 urtea. 2022 bitartean banku txarrak bere zorraren % 40 amortizatu badu ere, 30.481 milioiko zorra du gaur egun. 2027rako zor hori amortizatu ezean, estatuak bere gain hartu beharko du. 35.000 milioi euro inguruko galerak metatu ditu Sarebek, eta litekeena da 2027rako kopurua askoz altuagoa izango da. Herritarrentzat kostu gabekoa behar zuenak, hortaz, kalte nabariak ekarriko ditu.
Funts putreen eskutik
Enpresaren zorra ahalik eta arinen murriztea izan du Sarebek ardatz sortu zenetik. 50.781 milioi euroko aktiboen zorroa erosi zien bankuei, ordaindu gabeko maileguak batez ere. Gaur egun aktiboen erdia inguru saldu dagoeneko. Salmentak burutzeko higiezinen alorreko enpresa eta inbertsio funtsengana jo du banku txarrak askotan, eta putre funtsetara, ere bai. Horrela, 2022ko apirilean Sarebek AEBko Blackstone eta KKR inbertsio funtsen menpeko enpresei esleitu zien etxebizitzen salmenta eta kudeaketa. Aliseda eta Anticipa Blakstone putre funtsaren filialek aktiboen % 45 salduko dute, eta Hipoges, KKR funtsaren menpekoak, % 55. Kritika ugari jaso zituen gobernuak erabaki horrengatik.
Blackstone funts putreari esleitu zion Sarebek bere etxebizitzen salmentaren kudeaketa
Edozein kasutan, urte erabakiorra izan da 2022a Sareben bilakaeran. Eurostatek bere galerak zor publiko gisa hartzera behartu eta gero, Pedro Sanchezen gobernuak erakundearen kontrola hartzea erabaki zuen. Hala, 2022ko apirilaren 5ean FROBek kapitalaren sozialaren % 4,25 gehigarria erosi eta gehiengoa eskuratu zuen, banku txarraren erregimen juridikoa aldatuz. Sareben jabe izateak aldaketa estrategikoak egiteko aukera eman zion gobernuari, eta enpresaren erabakietan gizarte-eragina eta jasangarritasuna txertatzeko neurriak hartu zituen.
Horrela, Sarebek, jasangarritasun-politikaren alorrean, aktiboen jabetza edo erabilera etxebizitza sozialeko politikak edo balio sozial handiko beste politika batzuk garatzen dituzten beste erakunde batzuei lagatzeko aukera jaso zuen. Pedro Sanchezen igandeko iragarpenak, hortaz, 2022an abiatutako norabide aldaketaren ildoa jarraitzen du.
Euskal Herrian, etxebizitza gutxi
Prezio eskuragarria izango duten 50.000 etxebizitzen iragarpenak, baina, ez du uzta oparorik utziko gurean. 96 etxebizitza baino ez ditu Sarebek Hego Euskal Herrian, Nafarroan batez ere (43 etxebizitza). Bizkaian 21 etxebizitza ditu, Araban 18 eta 14 Gipuzkoan.
Aurreikuspenen arabera Sarebek 75 milioi euro inbertituko ditu 2027 bitartean, 576 etxebizitza eraikiz
Etxebizitzaren eskariari dagokionez, hiriburuak izan ohi dira arazo gehien duten herriak eta Sareben eskaintza oso urria da. Bilbon eta Gasteizen zazpina etxebizitza eskaintzen ditu banku txarrak, Donostian sei eta Iruñean bi baino ez. Eraikin berriak egiteko aukera ere badu estatuak kontrolatutako erakundeak Euskal Herrian dituen 162 orubeetan. Aurreikuspenen arabera Sarebek 75 milioi euro inbertituko ditu 2027 bitartean, 576 etxebizitza eraikiz.