Sarreren birsalmentarako espazio "ofiziala"

Rebel Tickets euskal enpresa hainbat kultur promotoreekin elkarlanean ari da birsalmenta merkatua hobetu nahian. Sarrera eskaintza handiari aurre egiteko merkatu hau beharrezkoa dela uste du enpresak

Rebel Tickets proiektuko zenbait lankide | Argazkia: Rebel Tickets Rebel Tickets proiektuko zenbait lankide | Argazkia: Rebel Tickets

Pandemiaz geroztik errotik aldatu da zuzeneko musika industriaren egoera. Kontzertuetarako sarreren salmenta %48 igo da 2023an, 2022ko datuekin alderatuta, eta sarreren batez besteko kostua %37 garestiagoa izan da, 80 euro inguru, Espainiako Zuzeneko Musikaren IV. Behatokiaren 2023ko txostenaren arabera. Honako datuek sarreren birsalmenta merkatuaren dinamizazioa eragin dute, gehiegizko prezioei zein segurtasun faltari aurre egiteko bidean.

Rebel Tickets euskal enpresa testuinguru honi erantzuna emateko helburuarekin jaio da. Nerea Astorkiza proiektuaren sortzailea da, eta enpresa eratzeko beharrizanaren inguruan hausnartu du: “Birsalmenta merkatua ofiziala egin nahi dugu”. 2023 bukaeran birsalmentako ‘marketplace’ ofiziala kaleratu dute, baina lehenago sare sozialetan halako hainbat eragiketa egiten arrakasta izan zuten. Hala, birsalmentaren fenomenoari bide “ofizial” bat eman nahi diote.

Berez, 2021.urtean jaio zen Rebel Tickets, Bilbon, Instagrameko kontua zela. Jarraitzaile ugari lortu zuten orduan. Hiriko gaueko aisialdirako sarreren birsalmentan interesa zuten pertsonak batzen zituzten, batik bat. Astorkizak uste du lehen garai hura funtsezkoa izan zela: “Jendeak sarrerak euren kontu propioetan publikatzen zituen, baina soilik haien jarraitzaileetara heltzen ziren”. Hori dela eta, “konexio” falta bat zegoela nabaritu zuen, “arazo” bat, eta hortik Instagrameko kontua sortzeko lehen pausua. Bilboko eskaintza guztiak bertan plazaratzeko xedea zuten kontuarekin, eta “fenomeno” bat izan zen ekintzailearen arabera: “Hamahiru mila jarraitzaile lortu genituen hiru hilabetetan”.

Kontzertuetarako sarreren salmenta %48 igo da 2023an, 2022ko datuekin alderatuta, eta sarreren batez besteko kostua %37 garestiagoa izan da, 80 euro inguru

Hariari tiraka, konexio faltaz gain segurtasun arazoak ere ikusi zituzten. “Iruzurrak zeuden, bezeroen aldetik ziurgabetasuna zegoen”, mahaigaineratu du. Hortik, ‘marketplace’ delakoaren sorrera, ezjakintasun egoera guztiari irtenbidea emateko. “Aukera asko zeuden egoera aldatzeko, eta Rebel Tickets sortu genuen”. Hala ere, erronka anitzei aurre egin behar diete enpresatik, testuinguru konplexuan murgilduta baitago birsalmenten merkatua.

Sektoreak ospe “txarra” du Astorkizaren arabera, iruzurrak direla eta. Sektoreko enpresa askok ez dutela jarduerak behar beste kontrolatzen uste du, eta honek deskonfiantza handitzen du. Zailtasun hauek konpontzeko, promotoreekin egiten duten lana izan du ahotan: “Birsalmentaren merkatua enpresentzat onuragarria dela erakutsi behar diegu”. Sarrerak salerosten duten banakoei zein enpresa sustatzaileei konfiantzazko eremu bat sortzea dute helburu Rebel Ticketen, sustatzaileekin “batera” lan handia eginez. Finean, birsalmenta merkatuaren ospe “txarra” irauli nahi dute: “Beti existituko dira birsalmenta merkatuak eta, beraz, arazoak konpondu behar dira”.

Nerea Astorkiza: “Beti existituko dira birsalmenta merkatuak eta, beraz, arazoak konpondu behar dira”

Normaltasunez ulertu eta aztertu behar den fenomenoa da birsalmenta, adituaren esanetan. Hori horrela, fenomenoaren testuingurua “hurbildu” egin behar dela argi du. Honakoa lortzeko baina, arazo ugari “ekidin” behar dira, eta teknologikoki oso “potentea” den plataforma bat eskura izatea beharrezkoa da Astorkizaren arabera. Erosle eta saltzaileen arteko salerosketak plataforma bidez egitea segurtasuna ematen duen formula dela uste du enpresariak, eta berau sustatzen jarraitzen dute: “Plataformatik pasatzen diren sarrerak kontrol handiagoa dute”.  Ildo berean, promotore zein bestelako eragileekin duten harreman “estua” dela eta, datuen erabilera unean eguneratzeko aukera dute. Hau da, sarreren inguruko azken mugimenduak atoan eguneratzen dira, sarrera faltsuak saihesteko.

Elkarlana sarreren kudeaketan

Elkarlan estu hori prezioen kontrolean ere nabari da. Ekintzailearen arabera, sustatzaileekin hitz egiten den prozesua da prezioen hautaketa: “Muga zein den haiek finkatzen digute”. Rebel Tickets enpresak darabilen prezio politika lan elkartu horretan zentratu dute, nahiz eta kasuan kasuko egoerak egon. Astorkizak Athleticen Kopako sarrerak jarri ditu adibide: “Sarrera originalak baino hiru bider garestiago daudenak egon dira eskuragarri”. Rebel Tickets enpresatik birsalmenta kasu horiek “ez moralak” direla nabarmendu dute, uko eginez horiei. “Gure plataformatik halakorik ez da egingo”. Enpresan, berez, kontzertu zein musika munduko sarrerekin aritzen dira, izan kontzertuak, jaialdiak edota diskotekak, baina bestelako ekitaldien sarrerak birsaltzeko lanean ere ari dira.

Nerea Astorkiza: “2025eko kontzertu sarrera asko ‘sold out’ daude jada”

Merkatuan etortzeko daudenak aurreikusteko saiakera ere egin du, eta egun, sarrerak azkar saltzen direla dio, azkarregi agian: “2025eko kontzertu sarrera asko ‘sold out’ daude jada”. Joera hori da, eta birsalmenta merkatuaren gorakadarekin zerikusia duela argi du Astorkizak. “Urte batzuetara ez dakit zer gertatuko den, baina birsalmenten beharra hor dago”, laburbildu du. Beharrezko merkatu gisa ulertzen du birsalmenta, eta berau ez “demonizatzeko” ideia hedatu nahi du. “Naturalki tratatu behar den zerbait da”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK