Eusko Jaurlaritzak, Spri Taldearen bitartez, 55,4 milioi euro bideratu zituen hainbat finantzaketa programetara, zeinak 293 enpresa onuradun izan dituen, eta, gainera, 335,4 milioi euro sortu dituzten. Jaurlaritzak gehitu du orotara 751 enplegu sortu eta beste 2.411 mantendu direla.
Zehazki, lau izan dira finantzaketa programak. Batetik ‘Indartu’, zeinak 19,6 milioi eurori esker 138,2 milioi euroko balioa duten enpresa-inbertsioak sustatu dituen, langabeziari aurre egiteko. ‘Gauzatu Industria’ izenekoak ere 27,8 milioi euroko inbertsioa jaso du, oinarri teknologikoko enpresa ertain eta txikiak sortzen laguntzeko. Azken horrekin 751 enplegu sortu dira, baita 141,5 milioi euroko inbertsio pribatua ere.
Beste biak ‘Renove Smart Industry’ eta ‘Lortu’ dute izena: lehenengoa makineria berria erosteko laguntza da, hots, 180 makina eskuratu dira zortzi milioi eurorekin; bigarrena, aldiz, industria enpresei eta sektorearekin lotura duten zerbitzuei kanpo laguntza profesionala ematera bideratutakoa da. Lortu programaren onuradun izan dira 36 enpresa, milioi erdiko inbertsioari esker.