Atzo Gasteizko Aldabe gizarte etxean, Sumarrek nazioarteko elkartasunari buruzko topaketa bat egin zuen. Manu Pineda Izquierda Unidako europarlamentariak babesa eman zien Eusko Legebiltzarrerako Sumarreko hautagaiei. Pinedarekin batera, bertan izan ziren Jon Hernandez Arabako zerrendaburua, Alba Garcia Sumarreko lehendakarigaia eta Carmen Muñoz Berdeak-Equo alderdiko ordezkari gisa.
Espainiako Gobernuko Lan Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailak 2023ko martxoko langabeziaren datuen berri eman duten egunean, Alba Garcia Sumarreko lehendakarigaiak langileetan jarri du azpimarra: "Sumarrek ez ditu langileen eskubideak bakarrik defendatzen, eskubide gehiagoren alde egiten du lan".
Garciaren esanetan, "oraindik pertsona gehiegi daude lan gabe eta familia gehiegi daude, gutxienez, pertsona bat langabezian dutena. Eta Sumarrek, indar laboralista gisa, konpromiso bat du kolektibo hauekin. Langileekiko konpromisoa dugu".
Hala, langileen bizitza hobetzeko, lehendakarigaiak neurri zehatz batzuk aurreratu ditu, hala nola "soldatak igotzeko sindikatuen eta enpresaburuen arteko akordioa bermatzea, eta Oinarrizko Errenta Unibertsalaren eta baldintzarik gabeko errentaren proiektu pilotu bat bultzatzea, besteak beste, herritar guztiei euren bizi-proiektua gauzatzeko aukera emango dien diru sarrera bermatzeko. Gainera, sindikatuen eta enpresarien arteko akordioa sustatu nahi dute, hitzarmen kolektiboetan 32 orduko murrizketa ziurtatzeko.