
Tokiko ekonomiaren sustapena. Atzerriko txanponekiko menpekotasuna murriztea. Bertako identitatearen sendotzea. Kohesioa indartzea. Jasangarritasuna. Krisi ekonomikoen aurrean erresilientzia. Kolaborazioa eta kooperazioa. Tokiko moneta.
Tokiko monetak tresna sozioekonomikoak dira. Dirua eta aberastasuna lurraldean gelditzea bermatzen dute; “euroak erabiltzen direnean, euro horiek Europako edo munduko beste puntu batera iristen dira. Tokikoa, aldiz, etxean gelditzen da”, nabarmendu du Luix Intxauspek, Gizartearen Moneta elkartearen koordinatzaileak.
Baina, ekonomia indartzeaz haratago gizartearen oparotasunean eragiten dute. Lurraldeko eragileen artean kohesioa sortzeko gai dira: ekonomikoa eta soziala. Baloreen eta ekarpen sozialaren iturburu dira tokiko monetak. Gizarte hobe bat eraikitzeko bidean bultzada eskaintzen dute. Lurraldean bertan.
Europa mailan tokiko moneta asko daude. Besteen artean, Frantzian, Italian, Suitzan, Hungarian, Erresuma Batuan, Alemanian edota Espainian topa daitezke. Orotara, datuen arabera, 50 tokiko moneta baino gehiago daude zirkulazioan kontinente zaharrean. Ipar Euskal Herrian da, aldiz, zirkulazioan dagoen monetarik handiena: Euskoa.
Euskoa
Euskoa, 2013an, Ipar Euskal Herrian abian ipini zen tokiko moneta da. Lehen urratsak diru-paperean eman zituen. Pixkana-pixkana aurrera egin eta 2017an txartel bidezko sistema hasi zen martxan, Eusko numerikoa edo aplikazio digitalari ateak zabalduta. Hamabi urteko ibilbidean, urratsez urrats, erabilera eta garapena etengabeko hazkundean doa.
Gaur egun, 4,3 milioi Eusko daude zirkulazioan. 1.400 enpresa eta 4.000 norbanako baino gehiagok egin dute tokiko monetaren aldeko hautua Ipar Euskal Herrian. Orotara, 6.000 eragile ezberdinek parte hartzen dute modu aktiboan. Enpresa, erakunde eta herritarrak.
Luix Intxauspe: “Euroak erabiltzen direnean, euro horiek Europako edo munduko beste puntu batera iristen dira. Tokikoa, aldiz, etxean gelditzen da”
Trantsizio ekologikoaren, euskararen, laborantza herrikoiaren, tokiko ekonomiaren eta hurbileko merkatarien alde egiten du Euskoak. Are gehiago, Euskal Herri osoko tokiko moneta bilakatzeko asmoa jasoa du estatutuetan. Helburu argi baten bila ari da lanean.
Orain, etorkizuna marrazten jarraitzeko asmotan, Hego Euskal Herrira egin nahi du salto tokiko monetak. Horretarako, esperientzia pilotuak martxan dira jada. Elkarlana ardatz duten prozesuak.

Esperientzia pilotu berriak
Ipar Euskal Herriko moneta eredu hartuta Hego Euskal Herrian tokiko moneta proiektua abiarazi da. Gizartearen Moneta elkartea dabil murgilduta lan horretan. Bi esperientzia pilotu ipini dituzte abian: Baztanen, Nafarroan, eta Oarsoaldean, Gipuzkoan. “Hego Euskal Herrian antolatzen hasi gara jada tokiko moneta”, azpimarratu du Intxauspek.
Tokiko ekonomiaren eta ekonomia zirkularraren kezkak eta interesak piztuta ipini dira martxan proiektuak bi lurraldeetan. Une honetan, bi errealitate desberdinetan gauzatzen dabiltza esperientziak. Baztan landa eremua da, biztanle gutxiko herri txikiek osatzen dute eta jarduera ekonomikoaren ezaugarri nagusia ekoizpen txikiak dira. Oarsoaldea, aldiz, hirigunea da, herri populatuagoak daude eta jarduera ekonomikoa anitza eta plurala da: industria, merkataritza, zerbitzuak…
Euskoak egindako ibilbide bera jarraitzea ezinezkoa da. Lurralde bakoitzak bere ezaugarri sozioekonomikoak eta demografikoak ditu. Ondorioz, beharrezkoa da, lurraldeetatik bertatik sortzea eta eraikitzea prozesuak. Tokian tokiko beharretara egokituta. “Bi esperientzia hauek gauzatu eta hortik ateratako ondorioetatik aztertuko da hedapena”, gehitu du.
Tokiko ekonomiaren eta ekonomia zirkularraren kezkak eta interesak piztuta ipini dira martxan proiektuak Baztanen eta Oarsoaldean
Eragileak, ekonomiko zein sozialak, eta herritarrak dira prozesuen erdigune. Batzordeetan eta lantaldeetan marrazten dituzte tokiko monetaren bide orriak. Merkatariak, ostalariak, zerbitzuak, arlo sozialeko mugimenduak, herritarrak eta administrazio publikoak. Elkarlanean. Gobernantza kooperatibo kolaboratiboa dute oinarri.
2025a gizartearen moneta diseinatzeko urtea izango da. Monetak egingo duen ekarpen soziala, baloreak, erronkak… adostuko dira bi lurraldeetan. “Batzorde horiek prozesua bera definitzen eta antolatzen dihardute. Finean, lurraldean inplementazioa nola egin daitekeen aurreikusiko dute”, argitu du Gizartearen Moneta elkarteko koordinatzaileak. Moneta egituraketa prozesuan da bete-betean.
Tokiko moneta erabiltzean gizarteko erronkei aurre egiteko konpromisoa hartzen da. Balio sozialak. Tokiko erronkak. Lurraldearen arabera definitzen direnak. “Baztanen, esaterako, justizia sozialean ipini dute fokua. Zaintzan, parekidetasunean, kultur aniztasunean eta inklusioan”, zehaztu du Intxauspek.
Lanketa juridikoa. Esperientzia pilotuak. Ikasketa eta hedapena. Mugaz gaindiko moneta bakarra helburu. Tokiko moneta bakarra. Euskal Herri osorako. Euskal Herria sozioekonomikoki indartsuago eginez. Tokikoa balioan jarrita.