
Sare sozial eta desinformazioaren garaiotan, kazetaritza identitate krisi bat pairatzen ari dela diote askok. Kazetaritza egiteko hainbat moduek kritika ugari piztu dituzte, baina horixe da hain justu kontua, era askotako kazetaritza dagoela. Horietako bat da tokikoa. Txikitik, gertutik, mundua kontatzearena. Euskal Herrian badira hainbat tokiko hedabide, oztopoak oztopo, euren bidea egiten ari direnak, eta ibilbide horren erakusle, horietako bi hogei eta hamargarren urteurrenera ailegatu dira, Irutxuloko Hitza eta Arabako Alea, hain zuzen.
“Tokiko kazetaritza oso garrantzitsua da gaur egungo erronka guztiei aurre egiteko eta uste dugu tokikotik kontatu dezakegula mundu osoan gertatzen dena, eta euskaraz”, dio Beñat Parrak Irutxuloko Hitzako zuzendariak. Donostiako astekariak 2005eko otsailaren 17an argitaratu zuen bere lehen alea. 1994tik bazen hirian euskara hutsez aritzen zen Irutxulo izeneko astekaria, eta hedabide hori oinarri hartuta ekin zion ibilbideari Berria taldearen eta hiriko 40 elkarteren hauspoarekin. “Tokikotik kontatu nahi ditugu gure arrakastak, porrotak eta aldarrikapenak. Tokikotik eta euskaraz, Donostiako bakarrak gara hori egiten dugunak”.
Hedapen geografiko handiagokoa izanik ere, tokiko kazetaritza ere egiten du Arabako Aleak. Araban euskaraz egiten duen astekariak hamar urte bete berri ditu. 2014ko abenduaren 3an atera zuen lehen alea. Hamarkada bat pasata, Arabako euskaldunen erreferentziazko komunikabide bilakatu da, lurraldearen gaurkotasunaren berri emanez. 2025ean zehar hainbat egitasmo antolatu dituzte urteurrena ospatzeko. Lehena otsailaren 20an, Gasteizko Izaskun Arrue kulturgunean.
Beñat Parra (Irutxulo): “Tokikotik kontatu nahi ditugu gure arrakastak, porrotak eta aldarrikapenak. Tokikotik eta euskaraz, Donostiako bakarrak gara hori egiten dugunak”
“Orain hamar urte hasi ginen zuhurtziaz eta oso ondo nora gindoazen jakin gabe. Horrelako proiektu bat martxan jartzea nahiko erronka handia zen, astekari bat ateratzeak dedikazio asko eskatzen duelako”, dio Aritz Martinez de Luna Aleako zuzendariak. Gasteizko Geu elkartearen, Goiena komunikazio taldearen eta Berria egunkariaren babesarekin sortu zen astekaria, lurraldean euskararen normalizazioa sustatu eta kalitatezko kazetaritza lantzeko asmoz.
Aitzitik, lurraldean zegoen hutsune bat betetzeko ere jaio zen, artean ez baitzegoen euskarazko lurralde mailako hedabiderik. Irakurle, iragarle eta bestelako eragileen partetik jaso zuten "erantzun positiboak" hauspotuta ekin zioten, baina hasierako urteak gogorrak izan zirela aitortu du, “baliabide gutxirekin abiatu baitziren”.
Digitalizazioak eraldatu ditu
Irutxuloko hitzak 20. urteurrena ospatzeko ekitaldia egingo du gaur Donostiako San Telmo museoan. “20 urteotan gurekin lanean aritu diren langileak eta inguruko jendeari aitortza egin nahi diegu”, dio Parrak. Aldarrikapenerako ekitaldia ere izango da: “20 urte ostean, bizitakoak bizita, hemen lanean dihardugu, euskaraz informazioa eskaintzen eta hiriaren beste ikuspegi bat erakusten”, gehitu du Naike Usabiaga astekariko kudeatzaileak.

Hasiera batean egunkari bezala abiatu zen proiektua, baina gerora astekari bilakatu zen. Digitalizazioak eraginda, ostiralero astekariaz ateratzeaz gain, egunero web orria albistez elikatzen dute eta baita sare sozialak kudeatu ere. “Azken bi urteotan ikusi dugu sare sozialek bere espazioa behar dutela. Olatu hori geroz eta handiago da eta tokiko hedabide batek badu horretan zer egin. Emaitzak eman dizkigu ikustaldiei eta marka sustapenari begira”, nabarmendu du Usabiagak.
Arabako Alearen kasuan ere, hamar urteotan astekaria izan da euren zutarri nagusia, baina digitalera eman beharreko trantsizioak sarera bideratu du hedabidea. Horrez gain, “beste hamaika proiektutan” dira. “Umeekin ikuskizunak antolatu ditugu, antzerki obrak ekoiztu, irrati saioetan kolaborazioak egin”, kontatu du zuzendariak. Horrek guztiak “erreferentzialtasun puntu bat” eman dio astekariari, baina ez nahiko zuketena bezainbeste.
Jendearen babesa; garaiaren kronika egiteko, komunitatea eratzeko
Garaiaren kronika egin nahi du Irutxuloko Hitzak, “Donostiaren barruan dauden Donostia guztiak kontatu”, esan du Parrak. Kalitatezko kazetaritza lantzeko, ordea, baliabideak behar dira eta tokiko hedabideek ez dituzte bestelako hedabide handiagoen baldintza berak. Irutxuloko Hitzaren finantzazioaren %55-%60 inguru Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzetatik dator; gainerako diru-sarrerak, aldiz, harpidetza eta publizitatetik. “Erronka handia dugu tokiko hedabideetarako harpidetzak lortzea oso zaila baita, beste hedabideek duten pisua ikusita”, azaldu du Usabiagak.
Publizitatearekin ere antzeko zerbait gertatzen zaie. Tokiko euskarako hedabide bat izanda, publizitatea hiriko eragile, entitate eta komertzioetan sustatzea zailagoa egiten da. Horren harira, irakurleen babesaren garrantzia gogorarazi nahi izan du Parrak: “Ezinbestekoa da jendearen babesa, ekonomikoki, egiten dugun lana egin ahal izateko eta independente izateko behar dugu jendearen babesa, izanez harpidedun edo irakurle”.
Aritz Martinez de Luna (Alea): “Gasteizko hedabidea soilik izango bagina, gauzak askoz erraztuko lizkiguke, baina Arabako Errioxako irakurle batek ere eskubidea du euskarazko tokiko informazioa eskura izateko”
Irutxuloko Hitzaren kasuan bezala, harpidetza sistema, iragarle edo babesleak eta dirulaguntza publikoak dira Alearen diru-iturri nagusiak. “Hasieratik argi genuen bezero fidelak behar genituela, kuota bat ordaintzeko prest egongo den jendea. Herritarren babesa nahi genuen, bai komunitate eratzeko, bai edukiak partekatzeko”. Hala, Aleakide berriak lortu eta jada dituenak zaintzeko etengabeko saiakeran dihardu hedabideak. Gutxi gorabehera, astekariaren finantzazioaren heren bat da diru-iturri bakoitza.
Lurraldetasuna ere bada Arabako astekariaren beste funtsezko oinarri bat. “Gasteizko hedabidea soilik izango bagina, gauzak askoz erraztuko lizkiguke, baina Arabako Errioxako irakurle batek ere eskubidea du euskarazko tokiko informazioa eskura izateko”. Lurralde mailako astekaria, tokiko ahotsak jasota, hedabide handietatik bereizten saiatzen da. “Guretzako ez du zentzurik gaztelaniazko hedabide handiek lantzen dituzten eduki berak lantzea. Gure edukiek izaera propioa izan behar dute. Guk, esaterako, ez dugu Alavesen partiduen emaitzarik ematen”.

Estitxu Ugarte Lopez de Arkaute kazetaria eta Aritz Martinez de Luna zuzendaria | Argazkia: Arabako Alea
Tokiko hedabideen arteko elkarlana
Kazetaritza prekarioa da izatez eta egungo baldintzetan astekaria aurrera ateratzeko gai badira ere, haztea, “kristalezko sabaia apurtzea”, oso zaila dela aitortu dute Irutxuloko Hitzako zuzendari eta kudeatzaileak. Horrekin batera, talentua erakartzeko zailtasunak azaleratzen dira: “tokiko hedabide gehienoi kosta egiten zaigu talentuari eustea, lantaldea iraunkorra izatea. Taldea iraunkorra balitz, gure egitasmoak aurrera ateratzeko aukerak handitzen dira eta talde izaera mantentzen da. Aldaketa asko daudenean, dena hasieratik martxan jarri behar da eta proiektua zertxobait erori daiteke”, azpimarratu du Usabiagak.
Eguneroko lantaldean hamar lagun dira, bost kazetari (zuzendaria barne), administrazioko lau langile (kudeatzailea, komertziala, sustapen arduraduna eta diseinatzailea) eta argazkilari bat. Horrez gain, kolaboratzaile sare bat (iritzigileak, argazkilariak…) ere badute eguneroko lana aurrera atera ahal izateko. Halaber, Berria-Hitza taldeko gainerako hedabideekin elkarlanean ere aritzen dira, inprenta edo banaketa lanerako, besteak beste, baita bestelako koordinazioa lan batzuetarako ere.
Aritz Martinez de Luna (Alea): “Baliabide gutxi dituen gurea bezalako proiektu txiki batek dimentsio handiagoko kontuei heltzeko arazo asko ditu"
Arabako Alearen lantaldea zazpi lagunek osatzen dute, eta astekaria Tokikom sarearen parte da hastapenetatik, “aukera asko eskaini digun babesgunea”, Martinez de Lunaren hitzetan. “Baliabide gutxi dituen gurea bezalako proiektu txiki batek dimentsio handiagoko kontuei heltzeko arazo asko ditu, arlo teknologikoan eta berrikuntzan bereziki. Hori guztia Tokikomen gainerako hedabideekin garatu ahal izateak sekulako abantaila eskaintzen digu”.
Beste hamar eta hogei urte irauteko asmoz, gutxienez
“Donostiako kontakizunak jarri nahi ditugu mahai gainean, ez kontakizun bakarra”, argitu du Usabiagak, eta kontakizun horiek kontatzen eskuratu dute orain gutxi Argia saria “eskuin muturraren gorakadari egindako jarraipenagatik”. Gipuzkoako hiriburuan tokiko kazetaritza euskaraz egiten jarraitu nahi dute beste 20 urtez eta gehiagoz. “Ikusten dugu badugula ahalmena eta aukera eragiteko hiriko eztabaidetan eta erronketan”, aldarrikatu du Parrak. “Eragileekin sortu zen Irutxuloko Hitza eta eragileekin lanean jarraituko dugu komunitatea eraikitzen”, bukatu du hedabideko kudeatzaileak.
Naike Usabiaga (Irutxulo): “Eragileekin sortu zen Irutxuloko Hitza eta eragileekin lanean jarraituko dugu komunitatea eraikitzen”
“Beste toki batzuetan ahotsa ez dutenei tokia eman”, hori egiten du Arabako Aleak, eta eragile askok euren mezuak helarazteko “plaza” da, Martinez de Lunaren esanetan. Etorkizunera begiratzeko hastapenetara egin du so zuzendariak: “orain hamar urte jarri genituen helburuak indarrean daude, euskararen normalizazioari dagokionez asko dugu oraindik egiteko”. Desinformazioaren aurrean, “egiazkotasuna” oinarri duen kazetaritza egiten jarraitu nahi dute, baita “komunitatea trinkotu” ere, Arabako euskaldunek euskaraz bizitzeko duten eskubidea babestuz.