Larunbatetik aurrera 200 bat txirrindularik osatutako tropelak Frantzia eta Euskal Herriko errepideetan bihurguneak marraztuko ditu 21 egunez, eta egunero hutsik egin gabe izango dira mundu osoko milioika zale telebistari itsatsita nahiz beste milaka errepide bazterrak girotzen. Urteko une garrantzitsuena da ziklismo jarraitzaile gehientsuenentzat Frantziako Tourra, baina horientzat ez ezik, txirrindulari, talde, babesle nahiz antolatzaileentzat ere egutegiko une erabakiorrena da, sosak irabazteko garaia. Taldeentzat hurrengo urteko babesletza bermatzekoa momentua bada, bizikleta gainean doazenentzat kontratua berritu edo beste talde batera salto egin ahal izateko erakuslehioa. Txirrindularitza egutegian ospe handiena duen lehiaketa, ekonomikoki kirola beste dimentsio batera hauspotzen duena.
Helikopteroaren laguntzaz hexagonoa udaren bero-beroenean gozatzeko hiru asteko zuzeneko erakusketa paregabea ere bada Le Grand Boucle, frantziarren hiru asteko festa, herrialdearen jaiegun nazionala (uztailak 14) bete-betean harrapatzen duena. Alpe zein Piriniotako mendateak, Bretaina eta Normandiako kostaldea, Loiraren inguruko ibar berdeak edota Proventzako lorez beteriko gazteluei so eginez, Parisen Eliseoko Zelaietan bukatzen den bidaia. Horrek guztiak sortzen duen ikusmirak, mundu mailako kirol lehiaketa handienen mailan jartzen du eta sekulako eragina du bertako ekonomian, turismoan, batik bat.
Bilbotik aterako da Tourra larunbatean, eta lehenengo hiru etapak Euskal Herrian egingo dira. Bosgarrena ere Zuberoatik igaroko da tarte batez
Hainbat edizioren gisan, frantziarren festaren parte izateko parada izango du beste herrialde batek lasterketaren lehen egunetan. Hala, aurten Euskal Herriari dagokio paper hori. Bilbotik aterako da Tourra larunbatean, eta lehenengo hiru etapak Euskal Herrian egingo dira. Bosgarren etapa ere Zuberoatik igaroko da tarte batez. Bada, Tourraren estrategietako bat izanda aspaldidanik lasterketa etxetik kanpo abiatzea. Iaz, esaterako, le Grand Départ Kopenhagen izan zen eta bertan egin zituzten lehen hiru etapak, 2020an Bruselatik (Belgika) irten zen eta 2017an Düsseldorfetik (Alemania).
Diru tropel handi bat
Amaury Sport Organisation (A.S.O) enpresa da egun Tourraren atzean dagoen antolatzailea, eta datu zehatzik ematen ez badu ere, lasterketarekin soilik urtero 60 eta 150 milioi euro inguruko fakturazioa lortzen dutela jakina da. A.S.Ok Tourraz gain, txirrindularitza nahiz beste kirol batzuetako zenbait lehiaketa antolatzen ditu, tartean Paris-Roubaix, Espainiako Buelta eta Dakar rallya. Horrela, urtero 200-300 milioi euro inguru fakturatzen ditu guztira. Egun, Tourra 190 herrialdetan ikus daiteke eta 150 milioi pertsona egon ohi dira telebistaren beste aldean. Etekin gehienak (%55-60) telebista eskubideetatik lortzen ditu, babesleetatik %30-40 eta gainerakoa lasterketaren irteera edo amaiera hartzearren udalerriek ordaindutako zenbatekotik. Hain zuzen ere, Tourreko helmuga izan nahi duen udalerriak 650.000 euro ordaindu behar ditu, etaparen irteera izan nahi badu berriz, 100.000 euro.
Hori gutxi balitz, 200 ziklistako tropelari segika 3.000 kazetari inguru izaten dira, eta taldeetako zuzendari, teknikari, mekaniko, masajista eta gainerako laguntzaileek osatutako 4.500 pertsonako bigarren pelotoi bat ere mugitzen du lasterketak. Sareetan ere nabari da mugimendu hori, 2021ean, adibidez, 14 milioi bisita izan zituen Tourraren web orriak eta sare sozialetan denera 9 milioi jarraitzaile baina gehiago ditu.
Eragin ekonomiko hori, baina, ez da berria, ezta gutxiago ere, Tourra sortzearen arrazoia ekonomia hutsa izan baitzen. XX. mendearen hasieran, bizikleta fabrika ugari zeuden Frantzian eta horiek saltzeko interes handia zegoen. Gainera, L´Auto egunkaria promozionatu nahi zenez, horrek hartu zuen lasterketa antolatzeko ardura. Sekulako bizikleta pila saldu ziren orduan, eta L'Auto egunkariaren salmentak ere sekulako gorakada izan zuten. Bada, L'Auto gerora, L`Equipe bihurtu zen, eta horri, 1965ean A.S.Ok hartu zion lekukoa, Tourrari beste bultzada ekonomiko bat eskainiz gaurko negozio errentagarria bihurtu arte.
Egun, Tourra 190 herrialdetan ikus daiteke eta 150 milioi pertsona egon ohi dira telebistaren atzean
Izan ere, Le Grand Bouclek 3.500 milioi ikus-entzule izateko potentziala du. 11 milioi pertsona gerturatzen dira urtero Frantziako errepideetara, eta gainera, Turismoaren Mundu Erakundearen arabera, Frantzia da urtero turista gehien jasotzen dituen herrialdea: iaz 50 milioi turista baina gehiago hartu zituen, eta faktore askori esker emango bada ere zifra hori, garrantzitsuenetako bat izango da Tourra ziurrenik.
Halaber, The Hustle komunikabideak 2020ean argiratutako txostenaren arabera, 33 bat babesle zituen Tourrak orduan, tartean LCL bankua, zeinak 12 milioi euro ordaintzen dituen maillot horian logoa azaltzearren. Skoda kotxe marka txekiarrak ere 4 milioi euro ordaintzen ditu erregulartasunaren maillot berdeagatik. Horiez gain, Orange, Santini edo Tissot ditu, besteak bete, babesle gisa Tourrak.
Nolanahi ere, bizikleta lasterketak sortzen duen diruaren ehuneko bat ziklistentzako doa. Iazko ekitaldian zehar, adibidez, 2,2 milioi euro banatu zituen Tourrak sarietan, 2021ean baino 60.000 euro gehiago, hala, lasterketaren irabazleak 500.000 euroko saria jaso zuen, bigarrenak 200.000 eta hirugarrenak 100.000. Talde onenak 50.000 euro eraman zituen eta etapa bakoitzeko irabazleak 11.000 euro, bigarrenak 5.500 eta hirugarrenak 2.800. Gainerako sailkapenetarako (gazte onena, erregularrena, etab.) ere badira beste hainbat diru-sari, baita etapa bakoitzean zehar aurki daiztekeen tarteko springengatik ere.
Orobat, diru festa honetan parte hartu nahian, Netflixek ere sartu berri du gurpila pelotoian, eta A.S.Orekin adostuta, iazko Tourrarri buruzko serie dokumentala egin du, nahi duenak ikus dezake jada plataforman.
Le Grand Départ Egundoko Irteera izango da aurten
1992an atera zen azkenekoz Tourra Euskal Herritik. Donostian izan zen orduan irteera eta Miguel Indurainek maillot horia soinean zuela erakustaldia eman zuen 12 kilometroko atarikoan. 150 milioi pezeta ordaindu zituzten orduan Donostiako udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak. Hiru hamarkada ondoren, Euskal Herriko txirrindularitza zaletasuna aprobetxatuz, Tourra, produktu preziatua den heinean, ondo baino hobeto onduta irtengo da euskal lurretatik. Errepide ertzak jendez lepo begiztatuko ditu telebistan ikusentzuleak, txirrindulariekiko errespetu handia duten zaleak izango dira, eta hori gutxi balitz, euskal lurraldearen orografiak kirol ikuskizun aparta bermatuko du.
Eusko Jaurlaritzak aspalditik izan du Euskal Autonomia Erkidegoa Tourraren irteera izateko interesa, eta azkenean, 2022aren hasieran, Iñigo Urkullu eta Christian Prudhomme Tourreko zuzendariak ofizialki aurkeztu zituzten lehen hiru etapak gurean izango zirela. 12 milioi euroko kostua ekarri du probaren hasiera antolatzeak, iaz Danimarkak izan zuen kostu bera. Eusko Jaurlaritzak, EAEko hiru foru aldundiek eta hiru lurraldeetako hiriburuetako udalek jarri dute dirua. Jaurlaritzak aurrekontuaren hiru laurden hartu ditu beregain eta gainerakoa foru aldundi eta udalen esku geratu da.
Alabaina, hainbat ikerketaren arabera, le Grand Départ antolatzen duten udalerrien hasierako inbertsio zifra hamar aldiz handiagoko etekin ekonomiko bihurtzen da. Honela, Tourra hemendik pasatzeak 120 milioiko mozkinak utziko dituela kalkulatzen da.
Bruselan esaterako, ostalaritzan nahiz merkataritzan izandako eragin ekonomikoa 50 milioi eurokoa izan zela kalkulatu zen, balio mediatikoa, berriz, 30 milioikoa. Utretchetik (Herbehereak) abiatu zen 2015eko edizioa, 800.000 ikusle gerturatu ziren orduan eta 18 milioi euro baino gehiagoko dirusarrerak izan ziren hirian.
Mugikortasunean murrizketak
Tourrak jatetxe, taberna zein hotelentzat etekin ekonomiko asko ekarriko dituela agerikoa da, eta, egiaz, antolatzaileek 25.000 ostatu-gau igarotzea aurreikusi dute larunbatetik astelehera bitartean. Aitzitik, mugikortasunean hainbat murrizketa eragingo ditu lasterketak, eta hori dela eta, Josu Erkoreka segurtasun sailburuak bidaiak aurrerapenarekin antolatzea eskatu du. Gainera, udako irteera operazioarekin egingo du bat irteerak. Ertzaintzak txirrindulariak pasa baino lau ordu lehenago itxiko ditu errepideak, eta txirrindulariak pasa ostean denbora batez itxita jarraituko dute.
Are gehiago, mugikortasun murrizketa dela eta, hainbat negoziok itxi egin beharko dute hiru egunez segur aski, horrek ekar ditzakeen kalte ekonomikoekin.