Konplexua izan ohi da kirol ekitaldien benetako eragin ekonomikoa zein den jakitea. Edozein kasutan, hainbat ikerketek diote Tourreko Grand Dèpart antolatzen duten udalerriek inbertitutakoa baino hamar aldiz gehiagoko irabaziak lortzen dituztela. Eta ez da zifra horretatik oso urrun geratu aurtengo edizioan: inbertitutako euro bakoitzeko itzulera 8,5 eurokoa izan dela bildu du Ikertaldek eginiko azterketak, Irteera Handia antolatu duten erakundeen eskaeragatik eginikoa, hainbat metodologia uztartu dituena.
Aurrekontua igo egin da hasieran esperotako zifratik, 12.211.391 euroraino. Alegia, %1,76ko desbideraketa —211.391 euro gehiago— izan du Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburuak azaldutakoaren arabera. Gainkostu hori osatzerako garaian ere, orain arte entitate bakoitzak bere gain hartu duenaren proportzio bera hartuko du. Jaurlaritzak, adibidez, 52.847 eurokoa izango da. Denera "inbertsio esanguratsua" dela onartu du sailburuak, baina "merezi izan duela" eta "pozik egoteko moduko" arrazoiak daudela.
Kopururik handiena, turismotik
Ikertaldek eginiko ikerketan jasotzen denez, Grand Dèpart Pays Basque delakoak 103.938.218 milioi euroko inpaktu ekonomikoa izan du. Horietatik 16,8 milioi zuzeneko eraginetik etorri da, alegia, zerbitzua eskaini duten enpresetatik, antolakuntza gastuetatik, antolatzaile eta parte hartzaileek egindako gastuetatik —ostatuak, otortuak eta abar—, eta kontratatutako zerbitzuetan ordaindutako BEZaren bitartez.
4,2 milioi euro Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek exekutatu dituzte, tartean Inneventok, BECek, Dair Ingenierosek edo Ingartek. Beste 0,66 milioi Nafarroakoek exekutatu dituzte. Aitzitik, antolakuntzarako egin dien 113 kontratuetatik 104 euskal enpresentzat izan dira. Aipatzekoa da 12,2 milioiko aurrekontuaren 7,26 milioi euro bideratu direla lasterketa antolatzen duen ASO Amaury Sport Organisationengana joan dela, baina era berean A.S.Ok kontratatzeko eta bestelako gastuak ere egiteko bideratu duela diru hori. ¡
Ekonomian izan den inpaktu nagusia, ordea, zeharkako gastuetatik etorri da, alegia, Le Grand Boucle ikusi asmoz mugitu diren bertakoen eta etorri diren turistek utzitakotik. Guztira, 53,7 milioi euroan kokatu du Ikertaldeko azterketak. Are gehiago, bertakoetatik eta "txangozaleetatik" etorri da diru gehien, gutxi gora behera 29,3 milioi euro, batez ere ostalaritzan egindako gastuagatik —21,6 milioi inguru—; turistek, berriz, 24,5 milioi euroko ekarpena egin dute, horietatik 8 bat milioi ostatuetan, eta beste 7 bat milioi jatetxe eta tabernetan.
EAEko gainontzeko ekonomian sortutako inpaktua 33,3 milioi euro ingurukoa izan dela biltzen du txostenak, ekoizpen katean izandako bestelako eraginengatik. Guztira, beraz, 52,6 milioi euroko balio erantsi gordina esan nahi du horrek, baina kontuan izan behar da administrazioek zergen bitartez aurreikusita dutela diruaren parte bat berreskuratzea. Alegia, 19,5 milioi euro bilduko dira zergetan: 7,3 milioi gizarte segurantzaren bitartez, 5,7 milioi euro produktuen gaineko zerga garbiei esker, eta 3 milioina PFEZaren eta sozietateen gaineko zergarekin.
10 milioi ikusle Frantzian
Tourraren eragina neurtzerakoan, telebistako zifrak ere aintzat hartu behar dira. Munduko 200 telebistatan ikusi daiteke lasterketa ospetsua, eta soilik Europan 150 milioi ikus-entzule izan ditu, zuzeneko 750 milioi telebista ordu jarraitzen. Aitzitik, zenbatek ikusi zituzten lehen etapak? Frantzian 10 milioi lagun izan dira telebista aurrean, eta Espainiar estatuan 4,1 milioi lagun. Alemanian ere zifra beretsua izan da, 4 milioi, 2,9 milioi Belgikan. Euskal Herriko ikusle zifra nola banatu den partekatu ez badute ere, EITBk 600.000 ikusle metatu izan zituen uztailaren 1etik 3ra bitartean, eta lehen etapan %19ko audientzia izan zuen.
Ikertalderen lanak zera ondorioztatu du: 115,2 milioi euro beharko liratekeela Tourrak hedabideetan lorturiko guztizko presentzia berdintzeko, horietatik 103,9 milioi inguru soilik irteerari dagozkionak parekatzeko
Telebistaz gain, mundu mailako 18.000 argitalpenetan izan zuen tokia 2023ko Grand Départ Pays Basquek, 69.000 milioi pertsonako audientzia potentziala dutenak. Era berean, irteerarako bereziki sorturiko webguneak ia 291.000 erabiltzaile izan zituen, 420.000 saio sortu zituztenak, eta %20 sartu ziren zuzenean. Sare sozialetan, 16.000 jarraitzaile inguru izatera iritsi da X, Facebook, Instagram eta Youtubeko kontuak hartuta.
Ikertalderen lanak zera ondorioztatu du: 115,2 milioi euro beharko liratekeela Tourrak hedabideetan lorturiko guztizko presentzia berdintzeko, horietatik 103,9 milioi inguru soilik irteerari dagozkionak parekatzeko.
Gizartea alde
Aipatzekoa da Tourra Euskal Herritik irteteak, horrek ekar zezakeen gastuarekin, hautsak harrotu dituela hasieratik. Aitzitik, Ikertalderen azterketaren ondorioak baikorrak dira. Ikerketan parte hartu dutenen %91k ontzat jo du irteeraren antolaketa, eta %86k bizi izan ditu zoriontasun momentuak.
Halaber, lurraldearen posizionamenduan lagundu dezakeela uste dute askok: %72k dio negozioak egiteko toki bezala indartuta atera dela EAE, eta %92arentzat helmuga turistiko gisa duen irudia ere hobetuko du.