• EKONOMIA
  • Tuterako Orburu Zuria, aho sabaiak zein merkatu berriak konkistatzen dituen barazkia

Tuterako Orburu Zuria, aho sabaiak zein merkatu berriak konkistatzen dituen barazkia

FHF enpresak mimo handiz ekoizten ditu orburuak Erriberako lur emankorretan. Hotza ailegatzearekin batera jasotzen da orburua. Apiriletik aurrera, ordea, bigarren loraldia izaten da

FHFren orburuak Fontellasen (Nafarroa) Argazkia: utzita
FHFren orburuak Fontellasen (Nafarroa) Argazkia: utzita
2025eko apirilaren 26a

Udaberriak Nafarroako gutizi gastronomikoetako baten bigarren loraldia dakar: Tuterako Zuria izendapena duen orburua. Fontellasen, Erriberako lur emankorretan Frutas y Hortalizas de Fontellas (FHF) enpresak egiazko ospakizun gisa bizi du barazki honen bigarren loratzea edo uzta biltzea.

 

Hotzarekin batera jasotzen hasten den produktua dugu orburua, baina apiriletik aintzina bigarren loraldia delakoa hasten da. Nafar ekoizle eta herritar aunitz bezala, Fontellasko FHF entrepresa ekoizten duen produktu izarraz harro dago: “Tuterako Orburu Zuria baratzeko erregina da, zaporeagatik eta kalitateagatik", adierazi du Diego Orta produktoreak. Sei herrialdetara hedatu eta Erriberan lursail berriak eskuratu ondoren, FHFk barazki honekiko bere konpromisoa indartu du: "Gure alkatxofa ez da tradizioa bakarrik, nortasuna ere bada. Mugak zeharkatzen jarraitu nahi dugu baina, Nafarroako esentzia mantenduz."

"Bigarren loraldia hasten den bakoitzean, berriro hasten garela sentitzen dugu", aitortu du Tuterako Zuriaren produktu bereizgarria egin duen enpresako arduradunak. "Mimo handia eskatzen duen barietatea da, landarea ereiten den unetik bilketaraino. Zaporeak eta testurak berezi egiten dute eta horrek gauza txiki guztiak zaintzera behartzen gaitu".

 

Hotzarekin batera jasotzen hasten den produktua dugu orburua, baina apiriletik aintzina bigarren loraldia delakoa hasten da

Nekazaritza tradizionalean sustrai sendoak ditu eta hazkunde jasangarrirako bokazio argia du Ortaren lantaldeak. Azken urteotan, FHFk orburua landatzeko eta merkaturatzeko erreferente gisa sendotzea lortu du. Tuterako Zuriak merkatuan gozoenak eta finenak dira, dudarik gabe. 

Mugak zeharkatzen dituen produktu bikaina

Nazioarteko merkatuetan, entrepresak etengabe egin du gora. Duela gutxi, FHFk Nafarroako Erriberan nekazaritza-lursail berriak erosi zituen, eta, horrela, ekoizpen-ahalmena handitu, Penintsulatik ez ezik, atzerritik etorritako eskaerari erantzun asmoz.

"Azken hilabeteetan sei herrialdetan zabaldu dugu merkatua eta harrera bikaina izan da", nabarmendu dute FHFtik. "Tuterako Orburu Zuria Nafarroako mahaietan estimatzeaz gain, Frantzian, Alemanian, Italian eta Europako bertze txoko batzuetan ere, famatu bilakatzen ari da. Bistakoa da, produktuaren kalitateaz jabetu direla sukaldari aunitz".

Diego Orta: "Tuterako Orburu Zuria Nafarroako mahaietan estimatzeaz gain, Frantzian, Alemanian, Italian eta Europako bertze txoko batzuetan ere, famatu bilakatzen ari da"

FHFko taldea ziur dago hedapenak ez duela bere produktuaren funtsa aldatu behar: "Guk Tuterako Zuria ospetsu egin duen kalitatea eusteko konpromisoz lan egiten dugu. Kontua ez da bakarrik gehiago ekoiztea, baizik eta ongi egitea, hain gurea den zapore hori bermatzen jarraituko dugu, barazkiak behar duen denbora eta hazte teknikak errespetatuz".

image3
Argazkia: utzita

Sekretua lurrean eta lantzen duten eskuetan dago

Nafarroako Erribera, historikoki, leku pribilegiatua izan da barazkiak hazteko, eta orburua, zalantzarik gabe, bere ikurra da. Klima, lurzoru emankorra eta nekazaritza-tradizioaren konbinazioak agertoki ezin hobea sortu du Ebro arroan eta Moncayo mendiaren magalean.

"Fontellaseko lurrak orburu preziatuaren berezitasunak azaleratzen ditu: tokiko mineralak, lurzoruaren ehundura eta klima berezia dira Zuriaren zaporea eta testura samurragoa egiten dutenak” diote FHFko teknikariek.

"Fontellaseko lurrak orburu preziatuaren berezitasunak azaleratzen ditu: tokiko mineralak, lurzoruaren ehundura eta klima berezia dira Zuriaren zaporea eta testura samurragoa egiten dutenak”

Baina lurra prozesuaren zati bat baino ez da. Enpresaren arabera, sekretu nagusia, pertsonak dira. "Giza faktorea ordezkaezina da. Hemen orburuak eskuz jasotzen ditugu, banan-banan aukeratuz estandarrak betetzen dituzten aleak. Edozein orburuk ez du balio, orbururik onenek bakarrik daramate gure jatorri marka ".

Tradizioaren aldeko apustua, etorkizunari begira

FHFk garai berrietara egokitzen jakin badu ere, tradizioak bere egunerokotasuna markatzen jarraitzen du. "Gure lan egiteko modua produktuarekiko eta eremuarekiko errespetuan oinarritzen da. Teknologia berriek prozesu batzuk hobetzen laguntzen digute, baina funtsa duela hamarkada batzuetako bera izaten jarraitzen du: pazientzia, iraunkortasuna eta egiten dugunarekiko maitasuna".

Orta: "Hain nafarra den barazki honen bihotz samurra eta zapore mingotsa dira ezaugarririk bereizgarrienak"

Bigarren loraldia bete-betean dela, heldu den kanpainak emaitza positiboak ekarriko dituela ematen du, kalitatezko uzta oparoa izanen dela dirudi. "Tuterako Zuriak ez da presarekin hazi eta ekoizten, eta hori da, hain zuzen ere, gure bezeroek baloratzen dutena. Hain nafarra den barazki honen bihotz samurra eta zapore mingotsa dira ezaugarririk bereizgarrienak". Harroki eskaini dizkigu adierazpenak Orta produktoreak orburu bat eskuan duelarik.

Nafarroako baratzetik nazioarteko platerera

Tuterako Orburu Zuriaren esportazioa erronka logistikoa da, eta FHFk maisuki kudeatzen jakin du lantaldeak. Nafarroatik mundura, beraz, barazkietan erregina da Tuterako Zuria Orburua.