Urrearen grina, interes tasak eta Kaliforniako zerrategia

Urrearen prezioak goranzko joera izan du martxotik aurrera, eta metalaren metaketa sustatu du inbertsiogile handi zein partikularretan. Metal preziatua supermerkatuetan erosteko aukerak ere nabarmendu dira 'sukar' berria dela eta

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Martxotik hona urrearen kotizazioa goranzko bidean izan da, merkatu finantzarioetan aterpe balio gisa duen eragina dela medio batez ere. Maiatzaren 20an lortu zuen preziorik altuena, ontza bakoitzeko 2.424 eurora heldu baitzen; egun, 2.279 eurotan dago. Interes tasen inguruko zikloek urrearen prezioan eragina izan ohi dute, testuinguru konplexuetan balio finko gisa nabarmenduz.

Inbertsioen eskaria handitu egin da hainbat merkatutan, eta, beraz, urrearen aterpe balioa oso funtzionala bilakatu da ezegonkortasun politiko globaleko testuinguruan. Nazioarteko ekonomiaren nondik norakoak traketsak direnean, inbertsiogileek urrea lagun izan ohi dute balio finko gisa. Historikoki beti gauzatu den fenomenoa da, eta banku zentralek joerarekin bat egin dute. 483 tona urre erosi izan dituzte urteko lehen sei hilabeteetan, Trading Economics plataformaren arabera.

Urreak indarra izan du urte hasieratik. %22 bat igo da 2024 honetan

Tradizionalki, urrea inbertsio oso egoki gisa antzeman izan da interes tasak baxuak daudenean, eta bestelako aktibo batzuk ez dutenean goranzko joera. Aitzitik, ikusita AEBko errenta aldakorraren mantentzeko gaitasuna, ekonomiaren erresistentzia eta interes tasen beherakada geldoa, urreak indarra izan du urte hasieratik. %22 bat igo da 2024 honetan.

Erregistratutako urrearen prezioaren gorakadak balorazio zabaleko auziak aurkeztu ditu ekonomisten artean. Metal preziatuak interes tasen zikloari estuki lotuta egoteari utzi diezaiokeela antzeman dute hainbat inbertsiogilek, urte hasieratik izan duen prezioari erreparatuta. Alegia, interes tasen eta urrearen arteko elkarreragina ez da hain estu nabaritu.

Metal preziatuak interes tasen zikloari estuki lotuta egoteari utzi diezaiokeela antzeman dute hainbat inbertsiogilek, urte hasieratik izan duen prezioari erreparatuta

Horrek ez du esan nahi tasen beherakadak eraginik izango ez duenik urrearen prezioan. Fedeko adituek urtero Jackson Hole (Wyoming) hirian egiten duten sinposioan adierazi dutenez, tasen beherakadaren aurreikuspenak urrearen gorakada handituko du edo, gutxienez, mantendu egingo du. Gainera, joera horri inbertsiogile ahaldunen eta errenta handiko partikularren joera gehitu behar zaio, horiek ere urrea erosteari ekin baitiote. Urreak babestutako burtsan kotizatutako funtsetan sarrerak egin dituzte, batez ere maiatzetik aurrera. Hurrengo hilabeteetan joera berdina espero dute Erreserba Federaleko ahaldunek, urrearen grina luzatuz. Inbertsiogile partikularren artean, errenta handikoak ez ezik, badira aurreztaile txikiak ere XXI. mendeko ustezko sukar honekin bat egin dutenak. Fenomeno berri batekin, ordea: mikroinbertsioak urrean.

Ontzak, etxera

Urrea ontzatan erosi ohi da, baina badago goranzko joerako eskaria pisu txikiko ontzatan, etxean gordetzeko balio dezaketenak. Adibide gisa: AEBko Costco supermerkatuetan ontzak erosteko aukera eskaintzen dute 2023tik. 10, 20, 50 edota 100 gramoko ontzatan erosi dezakete interesdunek metal preziatua. 100 gramokoa 7.000 euroan saltzen da. Joera bitxia erabat, supermerkatuetan urrea erostea ez baita ohikoa izaten. Hala ere, Hegoaldeko Korean joera bitxiagoa dute: urrea makina saltzaile automatikoetan saltzen hasi dira.

GS25 enpresak komertzializatzen ditu makina hauek, GS Retailen filiala dena. Urrea etxean gordetzeko joera horrek bat egiten du inbertsiogileekin, urreak duen aterpe balioa funtzionala egiteko. Nazioarteko ezegonkortasun ekonomikoak balio finkoen eskaria handitzean, eskari hori hainbat arlotan hedatu izan da, gizabanako partikularretara helduta ere. Aurreztaile txikiek ere, egoeraz jakitun, metal preziatua erosteari ekin diote, ontza txikiagoen eskaria handituz.

Urrea ontzatan erosi ohi da, baina badago goranzko joerako eskaria pisu txikiko ontzatan, etxean gordetzeko balio dezaketenak

Bitxikeriak bitxikeri, urrearen goranzko eskariak aurrezkien erosketa joeran ondorioak ditu, balio seguruagoen nagusitasuna hedatzen baita. Hala ere, aurreztaile txiki zein handiek aktibo finkoetan babesa hartuta ere, badira hainbat eszenatoki non urrearen prezioak beherakada izan dezakeen. Prezioa gutxituko lukete Interes tasak altu mantentzeak denbora luzeagoz edota merkatu finantzarioen uneko indargune batek. Ez da, baina, esperotakoa: Jackson Hole hirian iragarri bezala, tasen beherakadak jarraituko dutela aurreikusi da, urrearen grina hurrengo hilabeteetan luzatuz.

Kaliforniako zerrategia

Izatez, urrearen grina 1848. urtean sortu zen termino gisa, Kalifornian. San Frantziskoko ipar-ekialdean urre ustiapen aurkikuntza bat gertatuzen, eta metal preziatua lortzeko mundu mailako lasterketari ekin zioten hainbatek. Milaka lagun AEBetako mendebaldeko kostara hurbildu ziren urrearen lasterketan parte hartzeko, urrearen grinari hasiera emanez. James W. Marshall nekazariak aurkitu zuen ustiapena, Coloman, Sierra Nevadako herri txiki batean. Zehazki, John Sutter enpresari lokalarekin zerrategi bat eraikitzen zebiltzala aurkitu zuten eta ustiapenaren kokapena sekretua izatea saiatuta ere, milaka pertsona hurbildu ziren handik gutxira zonaldera. Urrearen grina hasia zen.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK