Uztailaren 5era arte dago zabalik Alberto Alberdi sarietara aurkezteko epea

Edozein unibertsitatetan defendatutako euskal ekonomiari buruzko doktorego-tesiak lehiatu ahal izango dira

Iazko irabazlea, Paula Martinez Alberto Alberdi saria jasotzen | Argazkia: Irekia Iazko irabazlea, Paula Martinez Alberto Alberdi saria jasotzen | Argazkia: Irekia

Bigarren ediziora iritsi da euskal ekonomiari buruzko doktore-tesi onena saritzen duen Alberto Alberdi saria. Helburua da EAEn ikerketa zientifikoa sustatzea, eta talentu ikertzailea erakartzea eta atxikitzea. Ildo horretan, ekainaren 6az geroztik, eta uztailaren 5a barne, zabalik dago Alberto Alberdi Sarietarako eskabideak egiteko epea. Beti bezala, edozein unibertsitatetan defendatutako euskal ekonomiari buruzko doktorego-tesiak lehiatu ahal izango dira. Hemen kontsultatu daitezke oinarriak. 

Proposamen irabazleak 6.000 euro irabaziko ditu, eta bere ikerlana eta haren ondorio nagusiak argitaratu ahal izango ditu.

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak horrela erabakita, sari honek Alberto Alberdiren izena darama, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Finantza eta Aurrekontuetako sailburuorde izandakoa, haren ibilbidean islatutako zerbitzu publikoaren printzipio eta balioen aitortza gisa. Eusko Jaurlaritzaren esanetan, "Alberto Alberdiren karrera profesionalak batu egiten zituen, lankideen begiruneaz eta aintzatespenaz gain, zerbitzurako bokazioa eta euskal ekonomia eraldatzeko eta, aldi berean, bidezkoagoa eta ekitatiboagoa izatea helburu hartuta haren analisirako eta lanerako gaitasun nekaezina".

Lehen edizioko irabazlea Paula Martinez Sanchis izan zen Municheko (Alemania) Technical University unibertsitateko doktorego ondoko ikerlaria, familia-enpresa ardatz duen lan batekin. Guztira 11 hautagaitza ebaluatu zituzten iaz.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK