Uztailean langabeziak gora egin du Hego Euskal Herrian

Denera, ekainean baino 2.027 langabe gehiago zenbatu dira. Afiliatu kopuruak behera egin du, eta 8.228 afiliatu gutxiago daude

Lanbideren bulego bat | Argazkia: Eusko Jaurlaritza Lanbideren bulego bat | Argazkia: Eusko Jaurlaritza

Lanik gabe dauden pertsonen kopuruak gora egin du Hego Euskal Herrian azken hilabetean. Ekainarekin alderatuz, guztira 2.027 langabe gehiago zenbatu dira. Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailak eta Espainiako Gobernuko Lan eta Ekonomia Sozialeko ministerioak emandako datuen arabera, EAEn langabezia tasa %1,6 igo da eta Nafarroan %1,13. Hala, 137.406 langabe zenbatu dira guztira uztailean Hego Euskal Herrian.

2023ko uztailarekin alderatuta, igoera antzekoa eman da aurtengoan. Orduan, EAEn %1,78 handitu zen langabezia tasa eta %0,65 Nafarroan.

Era berean, afiliatu kopuruak ere behera egin du. Denera, 8.228 afiliatu gutxiago zenbatu dira uztailean Hego Euskal Herrian ekainarakin alderatuta, eta egun 1.322.890 afiliatu daude orotara.

Kontratazioari dagokionez, azken hilabetean 94.702 kontratu sinatu dira Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Eskainitako datuen arabera, EAEn 67.690 kontratu izan dira, eta horietatik %21,04 mugagabeak. Nafarroan 27.012 kontratu sinatu dira, horietatik 4.590 mugagabeak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK