Vânia de la Fuente medikua da, eta nazioarteko aditua zahartze osasuntsuan eta adinkerian. 2023tik aholkulari independente lanean ari da erakunde eta entitate publiko eta pribatuekin, adinkeriarekin amaitu eta adineko pertsonen bizitza hobetzeko asmoz. Medikuntza eta Antropologian lizentziatua, eta Londreseko University Collegen masterra egindakoa, Osasunaren Mundu Erakundean aritu zen hainbat urtez, eta NBEko adinkeriari buruzko nazioarteko txostenaren egileetako bat da. De la Fuentek Aspegiren Foroan parte hartu zuen azaroaren 9an, Donostian, adinkeriaz hitz egin eta La trampa de la edad liburua aurkezteko.
Nola definitzen da adinkeria?
Adinkeriak erreferentzia egiten dio gure pentsatzeko, sentitzeko eta jokatzeko moduari beste pertsonei dagokienez eta euren adina aintzat hartuta. Hiru dimentsio barnebiltzen ditu: estereotipoak —pentsamendua—, aurreiritziak —sentimendua— eta diskriminazioa —jokabidea—.
Argitaratu berri duzun liburuaren izenburua da La trampa de la edad —adinaren tranpa—. Zein zentzutan da tranpa bat?
Adinak bere horretan ez du ezer txarrik. Azken batean definitzen du zenbat denbora igaro den jaio ginenetik, eta datu nahiko neutroa izan beharko luke. Baina, zoritxarrez, hori ez da egun errealitatea. Tranpa bihurtu dugu. Eta hori da nire ikuspegitik adinkeria: adina tranpa bilakatuta.
Zer dela eta gertatzen da?
Adinak tranpa jartzen digu erakunde eta enpresek erabiltzen dutelako mugak jartzeko ondasun eta zerbitzuetarako sarbideri, enpleguari, hezkuntzari, mediku-arretari, etxebizitzari, maileguari... Eta horrek zenbait desabantaila sortzen ditu.
Halaber, oso espektatiba zorrotzak sortzen ditu pertsona batek egin eta izan behar duenari buruz bizitzako etapa bakoitzean. Espero da gazteak esperientzia gabekoak eta berekoiak izatea, eta adineko pertsonak ekoizkortasun gutxiagokoak edo hauskorragoak. Alegia, zenbait rol betikotzen ditu, eta indibiduoaren potentziala mugatzen du.
Eta gainera, adinarekin loturiko estereotipo horiek barneratzen ditugunean, estereotipo horietan bihurtzen gara, bizitzan zehar ikusi ditugulako. Eta horrek gure burua mugatzera garamatza. Horregatik guztiagatik da egun tranpa bat.
"Espero da gazteak esperientzia gabekoak eta berekoiak izatea, eta adineko pertsonak ekoizkortasun gutxiagokoak edo hauskorragoak. Alegia, [adinkeriak] zenbait rol betikotzen ditu, eta indibiduoaren potentziala mugatzen du"
Liburuan diozu adinkeriak bizitzako hainbat etapatan eragin dakigukeela.
Hitzak berak erakusten digu zeri buruz ari garen. Arrazakeriak arrazagatik bereizten gaituen bezala, adinkeriak adinagatik banatzen gaitu, baita horren araberako desabantailak sortu ere. Horregatik eragin diezaguke bizitzako zenbait etapatan. Hala ere, bi adinkeria piko nagusi ikusi ohi ditugu: gaztaroan bata, zahartzean bestea.
Eta bitxikeria eta gauza bakan bat —ez duena zertan ona izan—: edozein pertsonari eragin diezaiokeen diskriminazioa da, denok dugulako adin bat, baita gizon zuri heterosexualak ere.
Gaztaroan eta zahartzaroan adinkeria horren bi pikoak daudela diozu. Lan esparruan soilik gertatzen al dira piko horiek?
Sektorearen araberakoa da, eta egia da ez dela intentsitate berarekin ikertu gazteenganako adinkeria eta adineko pertsonenganakoa. Momentuz datu gutxiago ditugu gazteengan duen eraginari buruz. Baina edozein kasutan bizitzako hainbat esparrutan ikusten dugu.
Sistema judizialean, esaterako, gazteengan eragin handiagoa du. Krimen bera pertsona gazte eta zahar batek egiten badute, larriagotzat joko da pertsona gaztearen kasuan zaharraren kasuan baino. Hori da adibide bat. Edozein kasutan, esan bezala, ezin dugu esan sektore guztietan eta intentsitate berarekin gertatzen denik adinkeria.
Eta lan esparruan datuak nahiko katastrofikoak dira. Ez soilik erreparatuta enplegu bat lortzeari edo hura mantentzeari dagokionez, baizik eta langabezia tasan nola islatzen den hori. Espainian, adibidez, 2023 amaieran, langabetuen %50 20 eta 29 urte bitarteko, eta 50 eta 59 bitartekoak ziren. Sufritzen duten langabezia mota oso desberdina da: gazteena epe motzekoa izan ohi da, eta 50 urtetik gorakoen kasuan 2 urtetik gorakoa kasu askotan. Edozein kasutan, biek sufritzen dute. Eta arrazoietako bat da sektorean ikusten dugun adinkeria, merkatuko sarbidea mugatzen duena.
"Krimen bera pertsona gazte eta zahar batek egiten badute, larriagotzat joko da pertsona gaztearen kasuan zaharraren kasuan baino"
Merkatuan hasiberriak, eta jubilaziotik gertu eta soldata altuagoekin daudenak izateak eragiten du?
Faktore ugari daude. Enpresek miopia dezente izaten dute talentuaren erronkari erreparatzeko garaian. Enpresen %78k dio talentua falta dela. Nire argumentua da talentuaren paradoxa gertatzen dela: ez da talentu hori existitzen ez denik, baizik eta talentu hori bilatzen ari direla oso adin tarte mugatuan, eta ez profil gazteago zein zaharragoetan. Ez zara aintzat hartzen ari adin marjina guztietan dagoen talentua. Eta gainera lan espektatibak oso desberdinak dira adinaren arabera. Jende gazteari exijitzen zaio edozein preziotan hastea lanean, ordaindu gabeko praktiketan eta oso epe luzean uneren batean esperientzia nahikoa izan dezaten ondo ordaindutako lan baten hasteko. Beste talde batzuentzat hori ez litzateke batere onargarria. Adibidez, helduagoa den pertsona bati, sektore batetik besterako trantsizioa egiten duena, ez zaio gauza bera eskatuko. Hausnarketa hori ere egiten dut liburuan.
Adinkeria betidanik existitu da?
Ez daude zuzeneko ikerketak adinkeria aztertu dutenak denboran zehar, eta horrek zaildu egiten digu halakoak baloratzea. Zeharkako ikerketak, ordea, egin dira, besteak beste lengoaiaren eboluzioa ikertu dutenak. Eta horiek erakutsi dute azken 200 urteetan gora egin dutela, esaterako, adineko pertsona terminoari loturiko hitz negatiboek. Horrek, zeharka erakutsi dezake adinkeriak gora egin duela.
Hala ere, Antzinako Greziako testuei loturik egiten ari diren ikerketetan ikusten ari dira adinkeria eta estereotipo ugari zeudela testuetan adineko pertsonei loturikoak. Alegia, ez da berria. Gurekin luze darama. Besterik gabe ez diogu eman merezi duen ikusgarritasuna, sozialki oso onartuta dagoelako.
Terminoaren erabilera ere nahiko berria dela kontatzen duzu liburuan.
Terminoa 1969an erabili zen lehen aldiz. Baina RAEk, adibidez, 2022 urte bukaeran sartu zuen hiztegian**.
Hala ere, aldaketa nabaria da. Nik urte asko daramatzat esparru honetan lan egiten. Duela 10 urte hedabideetan ez zenuen ikusten adinkeria hitza. Gaur egun bai. Eta jendea hasi da jakiten zer den adinkeria.
**Euskarazko hiztegietan errepasoa egin du EnpresaBIDEAk. Adinkeri terminoa ez dago jasota Euskaltzaindiako hiztegian. Bai, ordea, Elhuyarren hiztegian, eta baita Berriako Estilo Liburuan ere.
"Enpresen %78k dio talentua falta dela. Nire argumentua da talentuaren paradoxa gertatzen dela: ez da talentu hori existitzen ez denik, baizik eta talentu hori bilatzen ari direla oso adin tarte mugatuan"
Liburuan jasotako beste ideietako bat da adinkeriak eragina duela buruko osasunean, eta kostu ekonomiko eta sozialak dituela. Aletu dezagun. Nola eragiten du buruko osasunean?
Oro har, galdetzen baduzu ea adinkeriak eraginik duen, erantzuna izango da mugatu egiten duela lan jakin batzuetara sarbidea, edota autoestimuan eragina duela. Baina sarri ez gara ohartzen harago doala. Espainian %51k ez du adinkeria arazotzat jotzen, edo zuzenean dio ez dela existitzen. Ez da ikusten zer-nolako eragina duen gure ongizatean eta osasunean: heriotza goiztiarrari loturik dago, osasun fisiko okerragoari, lesio batetiko errekuperazio okerragoari, osasun mental okerragoari estresa eta depresioa barne, narriadura kognitiboa bizkortzen du... Alderdi askori eragiten dio, eta geroz eta ikerketa gehiago daude hori erakusten dutenak. Hori azpimarratzea gakotzat jotzen dut ohartzeko benetan zein arazo dagoen eta nola eragiten digun.
Bestalde, zein kostu ekonomikori buruz ari gara?
Adinkeriaren kostu ekonomikoari buruzko ikerketak oso berriak dira. Batez ere AEBn egin dira, eta soilik bi sektoretan: lan esparruan eta osasungintzan. Lan esparruari loturik, estimatu dute zenbateko kostua duen AEBko ekonomiarentzat 50 urtetik gorako pertsonenganako diskriminazioak: 850.000 milioi dolarreko galerak 2018an, urte horretan egin baitzen ikerketa. Alegia, Pennsylvaniako estatuko ekonomia guztiaren pare. Enpresa jakin bati loturiko ikerketak ere egin dira. Lan esparruan diskriminazioa jasaten duen pertsona batek ez du lanera joan nahiko. Era berean, osasunean duen eraginak lanagatiko bajak sortzen ditu. Beraz, kostu ekonomikoak izan ditzake justifikatu gabeko lan-absentismoari dagokionez, baina baita osasun arazoengatiko lan-absentismoari loturikoak ere.
Era berean, osasungintza sektorean adinkeriak duen eragin ekonomikoa ere aztertu zen AEBn, pazienteek pairatzen dituzten zortzi kondizio garestienak aintzat hartuta. Aztertutakoaren arabera, 63.000 milioi dolarreko gainkostua du sektorearentzat.
Eta berriro diot: adinkeriak eragina duen bi sektoreetako estimazio ekonomikoak dira soilik, eta aintzat hartuta adineko jendeari eragiten dion adinkeria soilik. Potentzialki, inpaktua askoz handiagoa da.
"AEBko ekonomiarentzat 50 urtetik gorako pertsonenganako diskriminazioak 850.000 milioi dolarreko galerak ekarri zizkien enpresei 2018an. Alegia, Pennsylvaniako estatuko ekonomia guztiaren pare"
Eta sozialki zein kostu du?
Belaunaldi arteko elkartasuna gutxitzen ari da. Liburuan horri ere tarte handia eskaintzen diot, adinkeriak adinaren araberako zatiketara eramaten baitu. Eta zatitze hori askotan fikziozkoa da, ez dagoelako berez errealitatean. Hori ikusten dugu belaunaldi batzuk beste batzuen aurka jartzen dituzten albisteetan. Edo “helduen enplegu handiagoak gazteen enplegua murrizten duela” dioten diskurtsoek, guztiz faltsua dena. Kohesio sozialaren faltara garamatza, eta konfliktoak ikustera ez dauden tokietan.
Elkarrizketan zehar aipatu ditugu adinari loturiko zenbait mito. Ariketa hori egitea gako da?
Adinkeriari aurre egiteko tresna bat da mito-ehiza deitu diodana, liburuan dagoena. Horri esker antzematen ditugu han-hemen dauden gezurrak, nahiz eta ez diegun arreta jarri orain arte. Denboran hainbeste errepikatu ditugu ez dugula pentsatu ere egin ea egiazkoak diren ala ez. Horietako batzuk dira: ezin garela zahar eta zoriontsu izan, adineko jendea ez dagoela konprometituta aldaketa klimatikoaren kontrako borrokarekin... Horiek ebidentziarekin kontrastatzen ditut liburuan.
Mito-ehizan aritzeaz gain, zein beste tresna ditugu adinkeriari aurre egiteko?
Ideia asko daude. Kakorratzen metafora, adibidez, harremanak eraiki ditzagun adin-mugak edo adin-multzoak kontuan hartu gabe. Jende gehiena zabalik dago beste adin batzuetako lagunak izatera, baina gero hori ez da errealitate egiten, eta adin-multzo berdinean geratzen gara. Egun ez gara bizi adin arteko halako topaketak modu organikoan sustatuko dituzten hiri eta landa eremuetan. Baina nahi hori asetzea ahalbidetu diezaguketen espazioen adibideak erkidego gehienetan existitzen dira. Horietako batzuk liburuan daude.