World Maritime Week ekitaldia martxoaren 19tik 21era bitartean egingo da BECn

Itsas-industriari buruzko topaketan mundu osoko eragile eta ordezkariak elkartuko dira

World Maritime Week ekitaldia | Argazkia: BEC World Maritime Week ekitaldia | Argazkia: BEC

Martxoaren 19tik 21era bitartean World Maritime Week (WMW) topagunea egingo da Bilbao Exhibition Centren (BEC). Itsas-industriari buruzko jardunaldian erakusketak, biltzarrak eta networking eskaintza izango da, egitarau oparoa prestatu baitute. Gaineratu dutenez, mundu mailako “izen garrantzitsuak” bertaratuko dira.

Antolatzaileek azpimarratu nahi izan dute egitasmoan parte hartuko dutela Hosted Buyers’ Programme ekimeneko partaideak, zeinak hainbat herrialdetatik etorriko diren: Txile, Uruguai, Polonia, Kolonbia, Brasil, Ekuador, Peru, Erresuma Batua eta Turkia. Gehitu dute beste herrialdeetako, Espainiako zein nazioarteko, konpainia armadoreak, ontzi-enpresak eta ontziolak bertaratzea nahi dutela, esaterako, Argentinatik, Arabiar Emirerri Batuetatik, Mexikotik eta Norvegiatik.

Bestalde, biltzarretan parte hartuko dute, besteak beste, Europako Batzordeko, ELGAko, CPMRko, Innovation Norwayko eta bost kontinenteetan diharduten beste enpresetako ordezkariek.

Aurten ere enplegu-foroa egingo da, martxoaren 20an. Helburu nagusia da, antolatzaileek azaldu duten moduan, “belaunaldien arteko erreleboaren erronkari heltzea, enpresen beharren eta pertsonen trebakuntza kualifikaturik ezaren arteko distantzia laburtzea”, eta, bide batez, gazteak erakartzea itsas industriaren sektorera.

WMW Awards sarien bigarren edizioa ere egingo da aurtengo ekitaldian, non saritu egingo diren itsas sektorea bultzatzen duten eragileen lorpenak. Mundu osoko hautagaitzak aurkez daitezke sarietara, betiere, otsailaren 19a baino lehen.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK