Xavier Marcet: "Lortu behar dugu lurraldearekin lotura geroz eta gehiago har dadin kontuan"

Jende sinplearen lidergoa eta lurraldetik gertu izango diren politika publikoak aldarrikatu ditu Pompleu Fabra Unibertsitateko irakasleak

Xavier Marcet, bere bulegoan | Argazkia: utzitakoa Xavier Marcet, bere bulegoan | Argazkia: utzitakoa

Enpresen kudeaketa humanista defendatzen du Xavier Marcet Pompeu Fabra Unibertsitateko Barcelona School of Managementeko irakasleak.  Lead to Change erakundearen sortzaile izanik, pertsonak, teknologia eta estrategiaren konexioaren alde egiten du. Bere ezagutza abiapuntu, eskualdeko ekosistemek garapen ekonomikoaren ikuspegitik jokatzen duten rolari buruzko hitzaldia eskainiko du BECen apirilaren 29an, Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarritako Bizkaia Orekan Sakonduz egitasmoaren ekitaldian. Hitzaldirako hilabete geratzen denean, Marcetek tartea egin dio EnpresaBIDEAri, lidergoaz eta lankidetza publiko-pribatuaren garrantziaz hitz egiteko.

Epe luzerako bisio estrategikoarekin lan egiteko beharra nabarmentzen duzu zure lanetan, eta betiere gizartean eragin positiboa izateko. Egungoa bezalako testuinguru aldakor eta ziurgabe baten, ez al da konplexuegia epe luzeko ikuspegi horrekin lan egitea?

Hainbat planotan lan egiten eta horiek konbinatzen jakin behar da. Epe motzak egunerokoan aurrera egiteko emaitzak emango dizkigu. Epe ertainak egokitze eta berrikuntza dinamikak garatzea ahalbidetzen digu. Eta epe luzeari esker lortzen dugu orientatzea eta diseinatzea.

Apirilaren 29an BECen izango zara eskualdeko ekosistemek garapen ekonomikoan duten rolari buruz hizketan. Zein da gakoa?

Norbera haztea besteen hazkundea bultzatuz. Lurralde mailan garapena bultzatzeko, hazten den bitartean hazkundea bultzatuko duen jendea behar dugu. Edozein erakundetan, eta batez ere enpresetan, lau esparrutan bultzatu behar dute hori: gauzak gertatu egin behar dira eta emaitzak izatea lortu behar dute pertsona horiek; beste maila batera eramateko gaitasuna izan behar dute, hala dagokionean; gainontzeko pertsonei ere beste maila batera igarotzen lagundu behar die; eta aberastasun hornitzaile izan behar dute.

"IFZ identifikazio fiskaleko zenbakia eta izen-abizenak dituzten aktoreei loturik daude eskualde ekosistemak. Edozein politika, puntu horretaraino lurreratzen ez dena, power point politika izango da"

Eskualde ekosistemak zergatik izan daitezke gako garapen ekonomikoa bultzatzeko?

IFZ identifikazio fiskaleko zenbakia eta izen-abizenak dituzten aktoreei loturik daudelako. Edozein politika, puntu horretaraino lurreratzen ez dena, power point politika izango da. Sarritan politika publikoak oso intentzio onekoak izaten dira, baina ez dute lortzen topatzea nork gauzatuko dituen. Eragina izan nahi baduzu, nor hori topatzea oinarrizkoa da.

Zein abantaila dute ekosistema zentralizatu edota lurralde gehiago hartzen dutenekiko?

Beti, edozein kasutan, izango dira tentsio elementuak eta elementu positiboak. Baina guk uste dugu oro har soluzioak eta iniziatibak arazoetara hurbiltzeak emango dituela emaitzak. Proiektu bat lurraldean geroz eta ainguratuagoa izan, orduan eta lagungarriagoa izango da.

Gertukoagoak izanik ere eskualde ekosistemetan ere publikoaren eta pribatuaren arteko elkarrizketak ez dira errazak.

Publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlan falta Europaren arazo nagusienetakoa da. Txinarekin, zeinak alderdi komunista batek zuzendutako kapitalismo bortitza duen, edota AEBrekin —kapitalismo bortitza ere, intentsitate baxuko demokraziarekin— lehiatu nahi badugu, soilik bide bat dago: elkarlan publiko-pribatua indartzea modu erradikalean. Ustelkeriak dena suntsitu du eta zubiak berreraiki behar ditugu, ezinbestekoak baitira, baita zintzotasunetik eraiki ere.

"Txinarekin edota AEBrekin lehiatu nahi badugu, soilik bide bat dago: elkarlan publiko-pribatua indartzea modu erradikalean"

Konfiantza falta al da elkarlan faltaren arrazoia?

Bai, noski. Hainbat faktorek eragin dute ustelkeria hori, baina argi dagoena da konfiantza dinamitatu duela. Eta bizi dugun egoeran, ezer ez da posible publikoaren lidergorik gabe eta pribatuak bat egin gabe. Konplexuegia da pentsatzeko publikotik bakarrik edo pribatutik bakarrik egiten bada konponbidea topatuko dugula.

Eta nola landu behar dugu konfiantza?

Ausardiatik. Eta joko arau biziagoak ezarrita, zentzuzkoagoak.

Zein puntutan ematen ari dira egun pausoak konfiantza hori lantzeko?

Uste dut ohartzen hasi berriak garela egungo egoerak desastrera eramaten gaituela. Eta onartzen hasiak gara gauzek ezin dutela horrela jarraitu. Baina konfiantza hori eraikitzetik oso urrun gaude oraindik.

Eta konfiantzaz harago, zerk gehiagok lagundu dezake lankidetza publiko-pribatuaren lanketan?

Lehen esan bezala, egungo arazoei zein aberastasunaren etorkizuneko garapenari irtenbidea topatzeko bidea da lankidetza publiko-pribatua. Egungo arazoen kasuan, zailagoa da, ez goazelako garaiz eta gainera inertzian sartuta gaudelako. Etorkizunera begira, argi dago lortu behar dugula egoera bat zeinetan lurraldearekin lotura eta gertukotasuna, aberastasunarentzat gako direnak, geroz eta gehiago har daitezen kontuan.

"Lidergoak eragin positiboa izan behar du, eta aintzat hartu behar du egitekoa dela besteen zerbitzura egotea, eta ez norbere zerbitzura. Jende sinplea behar dugu"

Hori bultzatzeak, zein lidergo mota eskatzen du?

Lidergoa beti berdina da: eragin positiboa izan behar du, eta aintzat hartu behar du egitekoa dela besteen zerbitzura egotea, eta ez norbere zerbitzura. Jende sinplea behar dugu.

Zein neurritan dira desberdinak eskualdeko ekosistemek dituzten erronkak eta mundu mailakoak?

Den-denak du singularitatea. Eta geroz eta gehiago hurbildu lurraldera, orduan eta bakanagoa izango da. Singularitate hori oso garrantzitsua da. Baina globala eta lokala ez dira baztertzaileak. Globalak eta lokalak gara aldi berean. Eta hor gai izan behar gara ulertzeko globalitateak tokiko aberastasunik gabe ez duela funtzionatzen, eta tokiko eraginik gabe inpaktu globala oso mugatua izango dela.

Nola prestatu behar dira lurralde ekosistemak trantsizio digital edo energetikoari aurre egiteko?

Lehen ere aipatu dut, baina faktore gakoa da nork egiten dituen gauzak. Politika horiek egiterakoan garrantzitsuena da lurraldean dituzun eragileak, eta publikoak eta pribatuak bateratzea. Bestela politika publikoetako txosten guztiak paper tonak bestetik ez dira.

"Gai izan behar gara ulertzeko globalitateak tokiko aberastasunik gabe ez duela funtzionatzen, eta tokiko eraginik gabe inpaktu globala oso mugatua izango dela"

Alegia, lurralde gobernantzaz ari gara.

Eta aktoreei buruz ere. Eta identifikatzeaz argi nork egiten duen zer. Eta ikusteaz gauza horiek egiten dituztenek zein inpaktu izateko gaitasuna duten.

Eta nola egiten dugu ez dadin zatiketarik egon, eta eragile guztiak bat etor daitezen?

Gauzak gerta daitezen lortzen dutenei benetako aitortza bermatuko duten dinamikak ezarrita.

Apur bat gehiago zehazteagatik, nori buruz ariko ginateke?

Aintzat hartuta zein esparrutatik natorren, nik esango dizut administrazio publikoa eta enpresak direla eragile gakoak, eta horien arteko harremana. Haustura bat badago, gerta daiteke enpresa baten proiektu batek oniritzia jaso dezan bi urte luzatzea. Eta proiektu horri loturiko erabakiak zeharo aldatu daitezke bi urteko epe horretan.

Lengoaia partekatua al da falta dena?

Narratibek beti lagunduko dute, nahiz eta ez diren nahikoak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK