Eguraldia lagun, bidai kutsuko Talaia dugu aste honetakoa. EnpresaBIDEAko erredakzioko kideren bat oporretatik bueltatu berria den bitartean besteok oporren beharrean gaude eta buruak, edo gogoak behintzat, toki urrunetara eramaten gaitu. Txina, zalantza barik, txango luze baterako toki aproposa da. Xi Jinping bertako presidenteak, baina, bidaia kontrako norabidean egin du. Bost urte eta gero berriro etorri da Europara Txinako presidentea. Parisen Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin bildu eta gero pirinioak bisitatu ditu agintari txinatarrak. Txirrindularitzan izen propioa duen Tourmalet gailurrera eraman zituen Xi Jinping eta bere emaztea, denbora luzez hoztuta egon diren bi herrialdeen arteko harremanak goxotzeko asmoz. Nazioarteko politikaz aritu dira bi presidenteak eta Irango afera nuklearra eta Ekialde Hurbileko egoera izan dituzte hizpide.
Israelek Gazaren kontrako jazarpena indartu duen astean bertan Xi Jinpingek bi estatuen konponbidearen alde egin du, Palestina estatu gisa onartuz, eta Israelen Palestinan kokaguneak eraikitzeko politika gaitzetsi du. Ukrainako gatazkan, ordea, ez dira bi agintariak bat etorri. Frantzia utzi eta gero Txinako presidenteak Serbia eta Hungaria bisitatuko ditu, Mosku eta Pekinekin lotura estuagoa duten herrialdeak. Bisita honen arretagunea, baina, ekonomiaren alorrean zegoen. Macronekin batera Ursula von der Leyen Europako Batzordeko Presidentearekin bildu zen Xi Jinping, nazioarteko merkataritzaz batez ere jarduteko. Bi eragile ekonomiko nagusien arteko merkatal tentsioak gora egin du nabarmen azken urteotan eta hiruko bilerak ez du lortu giroa lausotzea. Von der Leyenek argi esan zion Txinako agintariari “merkataritza justua behar dela” eta Europak “Pekingo jokabide desleialen aurrean babesteko eskura dituen tresna komertzial guztiak” erabiliko dituela.
Von der Leyenek argi esan zion Xi Jinpingi “merkataritza justua behar dela” eta Europak “Pekingo jokabide desleialen aurrean babesteko eskura dituen tresna komertzial guztiak” erabiliko dituela
Duela hiru aste Margrethe Vestager Batzordeko presidenteordeak salatu egin zuen Txinak bere ekonomia suspertzeko abiatu duen gainprodukzioa oso prezio baxuetan esportatzen duela. Trantsizio energetikoarentzat gako diren alorrei eragiten die Txiko konkurrentzia desleialak eta Europa beldur da erronka honetan atzean geldituko ote den. Aste honetan bertan, esaterako, eguzki-moduluak fabrikatzeko munduko ahalmenaren %80 baino gehiago Txinaren esku dagoela jakin dugu, Nazioarteko Energiaren Agentziak publikatutako datuen arabera. Xi Jinpingek Hungaria eta Serbiara egindako bisitak, hain zuzen ere, zetaren bidearen proiektuari bultzada ematea du helburu, Txinako esportazien jarioa hobetzeko. Europa, halere, ez da Asiako erraldoiaren lehiaren beldur den munduko eragile ekonomiko bakarra. Estatu Batuek aspaldi abiatu zuten Asiara eramandako industria bertan berkokatzeko estrategia eta Txinaren hazkundea geldotzeko politikak martxan jarri ditu. Arrazoi ekonomikoak ez ezik segurtasun motiboak argudiatzen dituzte AEBko agintariek.
Aste honetan bertan, Xi Jinping Europan zela, bi erraldoien arteko talka areagotu egin da. Asteazkenean Joe Bidenen gobernuak erdieroaleen ekoizle nagusiei (Intel eta Qualcomm) Huawei konpainia txinatarrari txipak saltzeko esportazio-lizentziak kendu dizkie. Neurriak zuzen eragingo dio Huaweiren sakelako eta ordenagailuen hornikuntzari. Segurtasun nazionala argudiatu du Etxe Zuriak neurria onartzeko, Txinarekiko harremanak are gehiago korapilatuz.
Erosketa Eskaintza Publiko erasokor bat
Xi Jinpingek bisitatutako Tourmaletetik nahiko hurbil dugu aste honetako informazio ekonomikoa astindu duen beste albiste ekonomikoa, Sabadellen hain zuzen ere. Aurreko astean ezagutu genuen BBVAk Sabadell bankua erosteko eskaintza. Bi erakundeen bat egitea akzioen bidez gauzatzeko proposamena egin zuen Bilbon egoitza soziala duen bankuak, eskaintza egin aurreko kotizazioaren gaineko %30eko prima eskainiz. Ikusteko zegoen Sabadellen administrazio batzordeak hartuko zuen erabakia, eta astelehenean bildu eta gero, ezetza eman zioten, mahai gainean jarritakoa gutxi dela argudiatuta.
Testuinguru nahasi batean heldu zen BBVAren eskaintza. Alde batetik, Europako Banku Zentralak behin baino gehiagotan azaldu du bankuek tamainu txikia dutela eta bat egiteak behar direla, mugaz gaindikoak ahal bada. Bankuen kontzentrazioa, bestalde, kezka iturri ere bada. Hauteskunde kanpainan murgilduta dauden alderdi politiko katalanak bat egitearen kontra argi azaldu dira eta Generalitata ere ildo berean agertu zen. Asteartean Espainiako Bankuaren txanda izan zen. Pablo Hernández de Cos bankuaren gobernadoreak “kontzentrazioaz arduratzeko unea“ zela adierazi zuen. Supentse-serie baterako gidoia izan liteken istorio honen azken kapitulua atzo etorri zen, ostegunarekin. Goizean goiz BBVAk Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari Sabadellen akzioak erosteko eskaintza publikoa aurkeztu zuen, aurreko asteko planteamendu bera, hain zuzen. Pentsatzekoa zen Bilboko bankuak aurreko asteko eskaintza hobetuko zuela, mahai gainean dirua jarrita, baina ez da hala izan. Erosi nahi den enpresaren adostasunik gabeko eskaintza da, erasokorra.
Pentsatzekoa zen BBVAk aurreko asteko eskaintza hobetuko zuela, mahai gainean dirua jarrita, baina ez da hala izan
Halako mugimenduak ez dira ohikoak, are gutxiago finantzen alorrean. Gas Natural enpresaren adibidea etorri zaio hainbati egun hauetan. Iberdrola eskuratzen saiatu zen EEP Erosketa Eskaintza Publiko erasokor baten bidez. Merkatuaren porrota jaso eta gero Endesa erosten saiatu zen, emaitza berarekin. Bankuen sektorean 2007an Santander bankuak, beste erakunde batzuk bidaide zituela, ABN Amro erosi zuen. Eta, zalantza barik, kale egindako EEP erasokor ezagunena 1987an Banco de Bilbaok Banesto eskuratzeko egindako ahalegina da. Protagonista bera, lau hamarkaden ostean. BBVA bera 2020an egoera askoz ahulagoa zegoen Sabadell erosten saiatu zen, 2.500 millioi euro eskainita. Adeitsua izan zen saiakera eta 200 milioiko aldeagatik ez zen aurrera atera. Lau urtetan hirugarren ezetza jasotzeak, eskaintza erasokorra izanda, BBVAren irudia serio kaltetu lezake.
Egunez egun aldatzen ari den istorioa nola bukatuko den argitzerik ez dago. Bi gako nagusi ditu, iritzi publikoa eta akziodunen jarrera. Kataluniako hauteskunde kanpainaren testuinguruak ez dio BBVAri mesede egin. EEP erasokorra aurkeztu eta berehala Carlos Cuerpo Espainiako ekonomia ministroa aurka agertu zen, aurreko astean Generalitatak egin bezala. Eragiketak estatuko finantza sistema kaltetu lezakeela uste du Cuerpok, ministerioak kaleratutako doinu gogorreko agiri batean. Ministroak, halaber, Sabadellen kontrako eskaintzari buruzko “azken hitza” duela nabarmendu zuen Madrilen egindako ekitaldi batean. Ez du ematen, hortaz, bide erraza izango duenik BBVAk.
Kataluniako hauteskunde kanpainaren testuinguruak ez dio BBVAri mesede egin. EEP erasokorra aurkeztu eta berehala Carlos Cuerpo Espainiako ekonomia ministroa aurka agertu zen
Bigarren gakoa akziodunak dira. Sabadell bankua Kataluniako familia dirudunek sortu bazuten ere, aspaldi utzi zion, kapitalaren ikuspuntutik behintzat, hangoa izateari. Egun Sabadellen kapitala oso atomizatuta dago eta ez dago akzioen %4 baino gehiago kontrolatzen duen akziodunik eta %25era heltzeko 30 akziodunen babesa behar da. Hortaz, Sabadellen egungo agintarien bedeinkapenik gabe, merkatuan arrakasta izan lezake BBVAren eskaintzak. San Cugateko bankuko buruak dagoeneko hasi dira erakundea bakarka jarraituta errentagarria izan daitekeela merkatuari azaltzen. Hala, asteazkenean Londresen elkartu ziren akziodun nagusiekin. Ikusteko dago akziodunek hartuko duten jarrera, are gehiago bi bankuetan parte-hartzeak dituzten 71 inbertsoreen zerrenda ikusita. Blackrock, Vanguard, Norges, JPMorgan eta Goldman Sachs funtsek, besteak beste, BBVAren %31 eta Sabadellen %18 kontrolatzen dute.
BBVAk atzo azaldu zuen erreferentziazko akziodunekin bildu dela eragiketa aurkezteko eta positiboki baloratu dutela. Sabadellen kapitalaren %50,01era heldu behar da banku bizkaitarra arrakasta izateko. Espainiako araudiak argi azaldu eta mugatzen du erosi nahi den enpresaren administrazio kontseiluaren jarduna: “akziodunen batzar nagusiaren onespena beharko du eskaintzaren arrakasta oztopatu dezakeen edozein mugimendu egiteko”. Aukera bakarra du administrazio kontseiluak, bestelako eskaintza batzuk bilatzea. Sabadellek, hortaz, ezin du beste bankuren batekin bat-egiteko saiakerarik egin, ez eta dibidendu osagarriak banatu edo aktiboak saldu. Eskaintza lehiakorrak topatzea da, beraz, Josep Oliuk zuzentzen duen erakundearen bide bakarra, zaldun zuri gisa ezagutzen dena. Enpresarioek istorio honetan nola jokatuko duten ere ikusteko dago. BBVA Kataluniako patronal nagusiekin bildu zen eskaintza erasokorra luzatu aurretik, bat egitearen balizko onurak azaltzeko, baina ez du ematen begi onez hartu dutenik. Foment del Treball Kataluniako enpresarien elkarteak aurkako jarrera irmoa azaldu zuen atzo, “enpresa txiki eta ertainei kalte egingo dielako”. CEOE estatu mailako enpresarien elkarteak, aldiz, gobernuari eragiketan ez eragiteko eskatu zion, “erabaki pribatuak errespetatuz”.
Enpresarien astea
Enpresariak dira, hain zuzen ere, Talaia honetako hirugarren zutabea, ezbairik gabe. Enpresa informazio ugari ekarri digu asteak. Asteazkenean ezagutu genuen Espainiako Gobernuak eta sindikatuek langabezia subsidioaren inguruko akordioa lortu zutela, CEOE eta Cepyme patronalen babesik gabe. Europako Next Generation funtsak jasotzeko ezinbesteko baldintza du gobernuak subsidioaren legea onartzea. Urtarrilean atzera bota zuen diputatuen kongresuak Podemos alderdiak kontra bozkatu eta gero, 52 urtetik gorakoen laguntzarako kotizazioaren oinarria murriztegatik. Oraingoan oinarria %125ean mantentzea adostu dute eta litekeena da erreformak aurrera egitea. CEOE patronalak gogor kritikatu du gobernua akordioa Kataluniako hauteskundeen atarian onartzeagatik eta akordioak lortzeko borondate falta egotzi diote Yolanda Diazi.
Gurean ere enpresen inguruko albisteak izan dira nagusi. Gipuzkoako enpresen salmenten eboluzio negatiboa ezagutu dugu, 2024ko lehen hiruhilekoan % 5,4 apalduz. Batzar Nagusiak, era berean, enpresa berriak sortzen dituzten ekintzaileentzat PFEZaren erregimen berezia onartu dute. Bestalde, Araba bezala, ikus-entzunezkoen industriari bultzada emateko Bizkaiko zerga hobarien sistema onartzeko bidean dago Gipuzkoa. Enpresen fakturazio eta emaitzen datuak ezagutzeko astea ere izan dugu. Hala, Tecnaliak 137 milioiko fakturazioa izan zuen 2023an eta Eroskik 5.729 milioi eurokoa. Rosa Carabel zuzentzen duen Elorrioko kooperatibak 109 milioi euroko emaitza positiboarekin itxi du bere azken ekitaldia, aurrekoan baino %70,3 gehiago. Jardun positiboak bere zorra murriztea ahalbidetu dio, 909 milioitik 671 milioira. Tunelaren argia gero eta distiratsuago ikusten ari da Eroski, bere biziraupena zalantzan jarri zuen zorraren zama menderatu eta gero.
Gipuzkoako enpresen salmenten eboluzio negatiboa ezagutu dugu, 2024ko lehen hiruhilekoan % 5,4 apalduz
Bizkaian bertan izan du enpresa munduak hitzordua aste honetan, 125 urte bete dituen Cebek Bizkaiko Enpresarien Konfederazioaren harira. Kataluniako Foment del Traballen ostean, estatu mailako enpresarien elkarterik zaharrena da Cebek, eta asteazkenean burutu zuen bere urteroko Ohiko Batzar Nagusia, Carolina Perez Toledo elkarteko presidentearen gidaritzapean. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak ere parte hartu zuen. Litekeena da enpresa munduarekin izango duen azken ekitaldietakoa izatea asteazkenekoa eta Perez Toledok lehendakariari aitortza egin nahi zion. Patronaleko presidenteak, halaber, ETAren mehatxuagatik joan ziren pertsonak, familiak eta enpresak aitortzeko eta erakartzeko plana" bultzatzeko eskatu zion Jaurlaritzari. Perez Toledoren hitzetan, "oraindik ez da berandu ahaztutako kolektibo garrantzitsu honekin justizia egiteko". Batzar Orokorrean Bizkaiko enpresa nagusien ordezkariak izan ziren, Talaia honetako hizpide nagusi izan den BBVAkoak tarteko. Bidaia, beraz, Txinan hasi eta gero Bilbon bukatu dugu, Sabadelletik pasa eta gero.