Gipuzkoako Foru Ogasunak 1.349,7 milioi euro bildu ditu 2024ko lehen lau hilabeteetan, pasa den urteko aldi berean baino 86,6 milioi euro gehiago. Sarrera gordinak %5,7 hazi dira eta itzulketak %3.
Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) kasuan, zergen arabera banakatuta, lan-etekinei buruzko atalean 82,6 milioi euro gehiago bildu dira (+%14,2). BEZari dagokionean, bilketa %3 jaitsi da aurreko urtearen aldean, hau da, 12,6 milioi euro gutxiago batu dira. Sozietateen gaineko Zergaren bilketa ere jaitsi egin da, eta orotara 2 milioi euro gutxiago jaso dira.
Zerga berezietan, hidrokarburoen gaineko zergaren bilketa %9,7 jaitsi da, hau da, 11,7 milioi euro gutxiago.
Irune Berasaluze foru diputatuak balanztea egin du: “zerga-bilketaren zifrak positiboak izaten jarraitzen dute, eta horrek esan nahi du Gipuzkoako ekonomiak tinko jarraitzen duela. Hala ere, datozen hilabeteak zuhurtziaz kudeatu beharko dira, eta arreta berezia jarri beharko zaio gertuen dagoen testuinguru geopolitikoari eta horrek Europako jarduera ekonomikoan duen eraginari”.
Bizkaian, iaz baino %4,9 gutxiago
Bizkaiko Foru Aldundiak azaldu du, apirilera arte, 3.442,8 milioi euro bildu dituztela zerga-itunduen bitartez. Iazko epe berean baino %4,9 gutxiago biltzea suposatu du honek. Bildutako kopuru hori 2024ko zerga-sarreren aurrekontuaren %35 dela (9.829,5 milioi euro) jakinarazi du aldundiak.
Kaleratutako oharraren arabera, zuzeneko zergak 1.828,6 milioi eurora igo dira, %4,4ko igoera izan dute (77 milioi) iazko apirilarekin alderatuta. Aldundiak Sozietateen gaineko Zergaren "bilakaera positiboa" azpimarratu du, %52ko igoerarekin (107,5 milioi).
PFEZa, oro har, %0,7 hazi da (+10,4 milioi euro). Halaber, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren bilketa 40 milioi euro baino gehiagotan murriztu da, aurreko ekitaldian ezohiko diru-sarrera egon zelako.
Zeharkako zerga-ezarpena 1.404,2 milioi eurokoa izan da, hidrokarburoen sektorearekin lotutako bilketak izan duen bilakaeraren eraginez. Horrek esan nahi du %15,5eko jaitsiera egon dela 2023ko aldi berean lortutako kopuruarekin alderatuta.