
EH Bildu alderdi politikoko sei alkate bildu dira gaur Donostian, erreforma fiskalen aldaketaren bitartez udalen finantzaketa hobe dadin aldarrikatzeko. Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak hartu du hitza, baina prentsaurrekoan egon dira Hernaniko (Gipuzkoa), Donemiliaga eta Aguraingo (Araba) baita Zaldibar eta Otxandioko (Bizkaia) alkateak ere.
Haien esanetan, udalek “errekurtso falta” pairatzen dute sistema fiskalak ez duelako bermatzen behar den finantzaketa maila. Izan ere, zergen bitartez Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko Ogasunek 2024. urtean aurreikusitako 19 milioi eurotatik soilik 18.310 milioi euro jaso zituzten.
Gauzak horrela, Alkortak adierazi du udalak behartuta daudela herritarrentzako zerbitzu publikoetara bideratutako diru kopurutik zati bat itzultzera, eta, ondorioz, murrizketekin “herritar zaurgarrienak beharrezko babesik gabe gera daitezkeela”.
Foru Ogasunek itzuli behar dituzten ia 700 milioi eurotatik Bizkaiak itzuli behar ditu 57,7 milioi; Gipuzkoakoek 22 milioi bueltatu beharko dituzte, eta, Arabakoek, 9,1 milioi euro. Alkortak Azpeitiko Udalaren kasua aipatu du: zerga gutxiago bildu direnez, udalak 450.000 euro itzuli beharko ditu, zeinak beste alderdi batzuetara bideratuta zeuden. Hala, gaineratu du aurrekontuetan aurreikusitakoaren erdia soilik bideratu ahal izango dutela.
Gogorarazi dute udalak direla herritarrekin kontaktu zuzenena mantentzen duten erakunde publikoak, “herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak”, eta “haiek jasotzen dituzten zerbitzu publikoen emaileak”. Zerbitzu horiek sendotzea ezinbestekoa dela azaldu du Azpeitiko alkateak, kalitatezkoak izan daitezen eta herritarren bizi-baldintza duinak berma ditzaten.
Azkenik, taldeak iragarri du ez dituztela Foru Gobernuek egindako erreforma proposamenak onartuko, “aberatsak saritzen dituztelako”. Zerga erreforma sakonagoa izan behar dela aldarrikatu dute, eta ogasunei eskatu diete etorkizunera begira aurreikuspenak egitean tentuz jokatzeko.