
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru ogasunek zerga erreformaren proposamenarekin aurrera jarraituko dute. Gaur, Donostian, agerraldi bateratua egin dute Itziar Gonzalo, Itxaso Berrojalbiz eta Itziar Agirre ogasun diputatuek eta berretsi dute proposamena “zentzuduna, errealista eta konprometitua” dela, Izan ere, euren kalkuluen arabera, neurriok EAEko 1.038.841 zergadunentzat onuragarriak lirateke.
Proposamenean egindako “hobekuntzak” xehatu dituzte gaurko agerraldian. Nabarmendu dute errenta aitorpena egiteko gutxieneko zenbateko 18.000 eurotik 20.000ra igoko dutela, hots, "lanbide arteko gutxieneko soldatatik oso gora", eta ohiko etxebizitza alokatzeagatik %35eko kenkaria ezarriko dutela (2.800 euroko mugarekin).
Etxebizitzara sarbidea erraztera bideratuta daude hiru ogasunek proposatutako hainbat zerga neurri, eta besteak beste, bitartekaritza publikoko etxebizitzen eta gune tentsionatutako etxebizitzen maizterrei %60ko hobaria ezarriko zaie.
Etxebizitzaz gain, “kontziliazioa, trantsizio berdea, enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna edota berdintasuna” helburu dituzte neurriak direla nabarmendu dute hiru foru diputatuek. Zehazki, kontziliazioari dagokionean, gizonei zuzendutako kenkari bat proposatu dute, “lana eta bizitza bateragarri egiten eta zaintzarekiko erantzunkidetasuna bultzatzen laguntzeko”. Kenkari hori emakumeei zuzendutako 1.200 euroko kenkaritik bereiziko da.
Gizonei zuzendutako kenkari bat proposatu dute, “lana eta bizitza bateragarri egiten eta zaintzarekiko erantzunkidetasuna bultzatzen laguntzeko”
Sozietateen gaineko zergan, halaber, kenkari berri bat sortu da, 36 urtetik beherako emakume ekintzaileen jarduera sustatzeko. Gainera, aurrezkiaren oinarria osatzen duten errenten progresibotasuna hobetzeko asmoz, aplikatu beharreko tarifa aldatzen dela zehaztu dute, errentei aplikatzen zaien beheko tasa murriztuz eta eskalako tasa altuenak handituz.
Proposamen horiek “sistemaren progresibotasunean aurrera egiteko eta lurraldeko ehun ekonomiko eta sozialaren lehiakortasuna eta berrikuntza sendotzeko helburuarekin” garatu direla azpimarratu dute hiru ogasunetako ordezkariek. Hortaz, bai EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta Alderdi Popularrak neurri horien aurka eginez gero, biztanleriari azalpenak beharko dizkietela aldarrikatu dute.
Negoziatzen jarraitzeko prest
Proposatutako zerga berrikuspenak milioi bat zergadun baino gehiagori mesede egingo liekeela kalkulatu dute foru ogasunek. Zehazki, errenta aitorpena egiteko zenbatekoa 20.000 eurora igotzeak 342.000 zergadunei eragingo lieke, dirua aurreztuko zuketelarik. Etxebizitzaren gaineko neurriei esker, aldiz, 240.000 pertsona onuradun egongo lirateke.
Hala, “arduraz” jokatzeko deia egin dute gaurko agerraldian. EAJk eta PSE-EEk ez dute gehiengo osorik Gipuzkoan eta Araban, eta berrikuspena aurrera ateratzeko oposizioko hirugarren indar baten babesa behar dute. Bizkaian, berriz, egoera bestelako da, eta adostasun batera ailegatu gabe egin lezakete aurrera proposamenekin.
EAJk eta PSE-EEk ez dute gehiengo osorik Gipuzkoan eta Araban, eta berrikuspena aurrera ateratzeko oposizioko hirugarren indar baten babesa behar dute
"Adosteko eta hitz egiteko unea da”, adierazi du Berrojalbizek. “Jokoan asko” dagoela azpimarratu du, eta gainerako alderdiei eskatu die “titular handietatik edukietara jaistea”, hau da, “proposamen zehatzak” egitera. Hartara, hiru ogasunak prest azaldu dira negoziatzen jarraitzeko. "Oraindik aste batzuk baditugu lanean jarraitzeko eta bozkatzeko garaia iristean ikusiko dugu zein puntutan gauden", gehitu du Agirrek.
Zerga bilketa txikiagoa
Zerga proposamen berriak indarrean sartuz gero, ogasunek neurtu dute zerga bilketa 200 milioi euro murriztuko litzatekeela. Horrekin batera, EH Bilduk aurkeztutako zuzenketak kritikatu ditu Berrojalbizek, izan ere, "eurek esaten duten 800 milioi euroak biltzetik urrun" daude. Foru aldundien kalkuluen arabera, "450 milioi euro gutxiago" bilduko lirateke. "Beraz, uste dut garrantzitsua dela zerga-bilketaren mantra alde batera uztea", azpimarratu du.