Zerga sistemaren erreforma burutzeko adostasuna adierazi dute EAJk eta PSE-EEk

Hitzarmena foro arau batean jaso beharko da, jarraian hiru lurraldeetako foro gobernuetan eztabaidatu eta onartzeko

Andoni Ortuzar eta Eneko Anduezaren prentsaurrekoa | Argazkia: Europa Press Andoni Ortuzar eta Eneko Anduezaren prentsaurrekoa | Argazkia: Europa Press

EAJ eta PSE-EE adostasun batera iritsi dira zerga sistemaren erreforma burutzeko. Andoni Ortuzar EAJko lehendakariak eta Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak gaur, urriaren 30ean, egin duten agerraldian azaldu dutenez, bi alderdiek apustua egin dute zerga sistema “eraberritu” eta “lehiakor” baten alde. Aldi berean, sistema berriak sustatzea nahi dute bai trantsizio ekologikoa, bai alokairuko etxebizitzen hazkundea, baita berdintasun eraginkorra ere.

Jakinarazi dute negoziazio prozesuan bi alderdiek lehentasuna eman diotela elkar ulertzeari eta kontziliazioari, eta gehitu dute adostutakoak aukera ematen duela “zerga progresibitatean aurrera egiteko, errenten banaketa hobetzeko, oraindik egiteke dauden erronkei erantzuteko eta erakundeei baliabideak emateko” eta, hala, “zerbitzu publikoak indartu eta hobetzeko”.

Bestalde, gaineratu dute akordioak balio izango duela beste hainbat hobekuntza sustatzeko, hala nola: enplegu duina, gazteen emantzipazioa eta baztertutako kolektiboen segurtasuna.

Alderdiek argitu dute adostasun akordioa foro arau batean jaso eta, ondoren, eztabaidatu eta onartu egin beharko dela hiru lurraldeetako foro gobernu eta Batzar Nagusietan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK