Zergak deflatatzea: zergatik eta zertarako

Inflazioak errentaren gaineko zergan duen eragina orekatzea da deflazioaren helburua. Zergak ez deflatatzea zergak igotzea modukoa dela diote adituek

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Isabel Díaz Ayuso Madrilgo presidenteak astelehen honetan iragarri zuen pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga (PFEZ) deflatatuko duela datorren urtetik aurrera. Hego Euskal Herrian ez bezala, Madrilen errenta aitorpenak bi tarte ditu. Alde batetik, Espainiako gobernuak zergatzen duena; bestetik, autonomia erkidegoak zergatzen duena. Azken hau izango da Ayusok deflatatuko duena.

Autonomia erkidego bateko presidentea da Ayuso eta bere erabakiek, berez, Madrilen bizi direnei baino ez die eragiten. Baina Ayuso ez da edozein presidente eta bere hitzek, onerako zein txarrerako, oihartzun handia izaten dute. Oraingoan jende askorentzat zeharo ezezaguna den termino bat lehen lerrora ekarri du: deflatatzea. Madrilgo presidenteak berak arazoak izan zituen deflatazioa zer den ondo azaltzeko asteazkenean Onda Cero irrati katean egindako elkarrizketan.

Debatea ez da berria, inondik inora. Unibertsitatearen mundutik luze eta zabal jorratutako gaia da. Erakunde publikoetan ere hainbatetan heldu zaio gai honi. Izan ere, Nafarroako Gobernuak 2021eko urrian onartu zuen 2022ko PFEZaren tarifa % 2 deflatatzea, eta salbuetsitako gutxienekoak % 5 igotzea. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Ogasunek ere 2022rako PFEZa deflatatzea onartu zuten, % 1,5. Duela bi urte beste horrenbeste egin zuten. Espainiako Gobernuak, ordea, ez du zergaren tarifa aspalditik aldatu.

Zer da zergak deflatatzea?

Julen Bollain Urbieta Mondragon Unibertsitateko irakasleak EnpresaBIDEAri azaldu dionez,  "zerga eta inflazioa egokitzea da". Zerga progresiboa da PFEZ. Zenbat eta lanaren sarrera altuagoak izan —tarifa orokorra deitzen zaio horri—, orduan eta tasa altuagoa ordaindu. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, esaterako (antzeko zerga-eskala dute), 16.030 euroko diru-sarrera izan bitartean % 23ko tasa ordaintzen da; hurrengo tartean —32.060 bitartean— tasa % 28ra igotzen da. Diru sarrerak handitu ahala, eskalan gorantza joaten da ordaindu beharreko zerga-tasa. 184.950etik gorako diru-sarrerak dituztenek % 49ko tasa ordainduko dute. Hori da tasarik altuena. Nafarroan eskala ezberdina da, baina filosofia antzekoa da. Diru sarrerek gora egin ahala, tasa altuagoa.

Historikoki, soldatak inflazioaren arabera eguneratu izan dira. Inflazio oso altuko garai honetan, soldaten eguneratzea eztabaida iturri bihurtu da eragile sozialen artean. Badira, hala ere, hainbat enpresa kontsumorako prezioen indizea (KPI) erabili dutenak soldatak eguneratzeko. 2021eko inflazioa Espainian % 6,5 izan zen, EAEn % 6,4 eta Nafarroan % 6,6. Lan hitzarmenaren esparruaren arabera aldatzen da KPIaren erreferentzia. 

Sabin Zubiri : "PFEZko eskala ez deflatatzea, zergak igotzea da"

EAEko inflazioa aintzat hartuta, soldatak % 6,4 igo beharko ziren. Horrek, hainbat kasutan, lanaren sarrerei aplikatu beharreko zerga eskalan hurrengo tartera igarotzea ekar lezake. 2021ean 32.060 euroko soldata duen pertsona batek 8.175,30 euroko kuota ordaindu beharko luke. Soldata inflazioaren arabera eguneratuta, 2022an 34.143,90 euroko soldata izango luke. Zerga eskalan hurrengo tartera pasako litzateke, kuotan 729,36 euro gehiago ordainduz. Langileei soldata inflazioaren neurrian igotzen zaie erosahalmenik ez galtzeko. Errenta gaineko zerga likidatzean, ordea, 729,36 euro gehiago ordaindu beharko luke.

Sabin Zubiri Rey tributuetan eta fiskalitatean aditua da. "PFEZko eskala ez deflatatzea, zergak igotzea dela" nabarmentzen du, eta "eremu akademikoetan deflatazio automatikoa aldarrikapen historikoa dela" gaineratu du. Oso herrialde gutxitan aplikatu da deflatazio automatikoa. Normalean hautazko erabaki bat izaten da. 

Tarifak ez deflatatzeak sortzen duen eragina 'progresibitate hotza' bezala ezagutzen da. Langile batek PFEZren tartetik salto egitera behartzen duen soldata-igoera jasotzen du eta, beraz, zerga gehiago ordaintzera behartzen du. Horren ondorioz inflazioaren aurrean erosteko ahalmena galtzen jarraitzen du.

Tarifak ez deflatatzeak sortzen duen eragina 'progresibitate hotza' bezala ezagutzen da.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 2022rako zerga-eskala % 1,5 deflatatu dute, eta Nafarroan % 2. Inflazioa % 6,5ekoa izan dela ikusita, eragina zerbait leundu dela esan daiteke, baina ez osorik. 2018an ere EAEn zerga-eskala deflatatu zuten. Espainiako estatuan, aldiz, ez dute aspaldi eskala deflatatu. Jose Félix Sanz Sanz Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko katedratikoa da Ekonomia Aplikatuan. 2021ean Espainian errentaren gaineko zerga ez deflatatzearen kostua kalkulatu du: 4.110 milioi euro. Kostua ez dator bakarrik tarifak ez deflatatzeagatik. Badira deflatatu beharreko bestelako kontzeptu batzuk ere, gutxieneko pertsonalak, adibidez. Sabin Zubiri Reyren ustez egokiena zergaren kalkulurako erabiltzen diren osagai guztiak deflatatzea da. Salbuetsitako gutxieneko pertsonalak eta kenkariak, esaterako, ez dira normalean deflatatzen.

Tarifak deflatatzea konponbidea al da?

Ez da erraza konponbide orokor bat topatzea. Bollainek nabarmendu du lan hitzarmen guztiek ez dutela soldaten gorakada berdina jasotzen eta, hortaz, konplikatua dela deflazio portzentajea kalkulatzea. Zubirik tarifak deflatatzeak batez ere errenta altuko jendeari mesede egiten diola gaineratzen du, eskalako tarte guztietatik pasatzen direlako. Badira, baina, deflatatzeko alternatibak. Bollainek inflazioa baino, soldata-masaren igoera erreferentzia gisa hartzea proposatzen du. Bidezkoagoa iruditzen zaio. Soldata-masa langile guztiek egindako lan batengatik jasotzen dituzten soldata-ordainsarien batura da. Hala, enpresen barruan egon daitekeen soldata-arrakalari aurre egiten zaio. 

Debatea, Bollainen ustez, sakonagoa da. Ez du uste zergen bidea erosahalmena mantentzeko tresna denik, horretarako soldatak igo behar dira. Egoera, hala ere, erraza ez dela onartzen du. Enpresa txiki askotan inflazioaren igoerak marjinak asko estutu ditu, eta langileen soldatak KPIaren arabera igotzea zail ikusten du. Errenta paktuaren aldekoa da Bollain, alegia, langileei KPI guztia orain ez igotzearen aldekoa. Neurri horrek, baina, orain galdutakoa etorkizunean konpentsatzeko bermea izan beharko luke, bere ustez.

Errenta paktuaren aldekoa da [Julen] Bollain, alegia, langileei KPI guztia orain ez igotzearen aldekoa. Neurri horrek, baina, orain galdutakoa etorkizunean konpentsatzeko bermea izan beharko luke, bere ustez

Zubirik, bere aldetik, deflatatzeak zerga bilketa murriztea dakarrela azpimarratzen du. Une honetan Europak gastu-araua "stand by" egoeran utzi du, etenda. Hurrengo urteetan, baina, erakundeek ahalegin handiak egin beharko dituzte defizita murrizteko. Nadia Calviño Espainiako Gobernuko presidenteorde eta Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako ministroa PFEZren tarifa guztien deflatazioaren aurka agertu da. Europako Batasuna une honetan zergen doikuntza orokorrak sustatzearen aurka dagoela argudiatu du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK