
EAEko Itun Ekonomikoaren erreforma berria onartu dute gaur Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak, zeinak eskubidea ematen dion EAEri hamalau zerga gehiago arautzeko. Aldaketen artean azpimarragarria da Zergadun Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergan araugintza-autonomia handitu dela. Zerga hori da aplikatzen zaiena bertan bizi ez diren baina bertako errentak kobratzen dituzten pertsonei. Gainera, neurriak hartu dira zerga-betebeharrak betetzea errazteko, eta, hala, BEZa eta Sozietateen gaineko Zerga soilik EAEn ordaintzen dituzten zergadunen kopurua handitzeko.
Bestalde, araugintza-ahalmena handitu da ondorengo zergen kasuan: BEZa, Kreditu Erakundeetako Gordailuen gaineko Zerga, Energia Elektrikoaren Ekoizpenaren Balioaren gaineko Zerga (EEEBZ), hondakin erradioaktiboen gaineko zerga, hidrokarburoen erauzketaren gainekoa, plastiko berrerabili ezinen gaineko zerga berezia, gas fluordunen gaineko zergak, zerbitzu digitalen gainekoak, zabortegien gainekoak, errausketaren gainekoak eta joko-jardueren gainekoak.
BEZari dagokionez, adostu da egungo desoreka aztertuko dela, foru zergadunek ordaindu behar izaten duten gehigarria ekiditeko; izan ere, 2015ean ezarri zen arautegiaz geroztik, zergadunek aukera dute aduanetan BEZa ez aurreratzeko, baina EAEkoek ez dute abantaila hori; hau da, inportazioak egiten dituzten zergadunek BEZa aduanetan ordaindu behar dute.