Zibersegurtasuna, mugikortasun berria babesteko tresna

150 enpresa baino gehiago Donostian izan dira, zibersegurtasunak mugikortasun adimendunean duen eragina aztertu eta norbere esperientziak partekatzeko MUBIL eta ZIUR fundazioek antolatutako topaketan

Zibersegurtasunak mugikortasunean duen eragina aztertzeko MUBIL eta ZIURen jardunaldiaren une bat | Argazkia: EnpresaBIDEA Zibersegurtasunak mugikortasunean duen eragina aztertzeko MUBIL eta ZIURen jardunaldiaren une bat | Argazkia: EnpresaBIDEA

Mugikortasun soluzio berriak garatzeak, ibilgailuek zibererasoen arriskuaren aurrean esposizio handiagoa izatea ere badakar, eta ezinbesteko egin du zibersegurtasuna prozesu guztietan txertatu behar izatea. Hain zuzen ere, dagoeneko ezartzen ari den erregulazio sektorialak zibersegurtasuna txertatzera behartzen ditu mugikortasunaren sektoreko enpresak, izan ekoizpen prozesuetan, zein azken produktuetan. Gauzak horrela, mugikortasunaren arloan lan egiten duten 150 euskal enpresatik gora elkartu dituzte MUBIL eta ZIUR fundazioek, zibersegurtasunak mugikortasun adimendunean eta jasangarrian duen eragina aztertu ahal izateko. Jardunaldian, sektoreko eskakizunak eta jardunbide egokiak ezagutarazteaz gain, zibersegurtasuna lehiakortasun faktore gisa zein modutan txertatzen ari diren partekatu dute enpresek.

Ekitaldiaren irekieran, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak zibersegurtasunaren garrantzia azpimarratu du, lehiakortasunaren zeharkako faktore gisa: “Digitalizazio prozesuak aurrera egiten duen heinean, gero eta pisu handiagoa du zibersegurtasunak ere. Aurrerapen berriak erronka berriak dira, eta ezinbestekoa da ezagutza eta jardunbide egokiak halako jardunaldien bidez elkarbanatzea”, adierazi du.

“Zibersegurtasuna funtsezko baldintza da aurrerapen teknologikoak bide segurtasunean eragin negatiborik izan ez dezan”

Ildo beretik, ZIUR eta MUBILeko arduradun Koldo Peciñak eta Ane Insaustik azpimarratu dute eskakizun berri horiek benetako eragina izaten ari direla euskal industria sarean, automobilgintzan, garraioan eta mugikortasunean lan egiten duten enpresen presentzia handia delako gurean, eta sektore horrek aurre egin beharreko etorkizuneko erronkak ere oso zorrotzak direlako.

“Zibersegurtasuna funtsezko baldintza da aurrerapen teknologikoak bide segurtasunean eragin negatiborik izan ez dezan”, adierazi du David Jimenez Zerolynxeko eta Osane Consultingeko Mugikortasuneko Zibersegurtasun Saileko zuzendariak. Horregatik dio, ezinbestekoa dela zibersegurtasunari lehentasuna eman eta diseinu fasetik aplikatzea.

Esperientziak partekatuz

Araudien eta ziurtagirien inguruan xehetasunez hitz egin dute jardunaldian. Azaldu dutenez, “enpresek oso epe luzeak behar dituzte beren produktuak zibersegurtasunaren eskakizunetara egokitzeko, baina Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen testuingurua aukera ezinhobea da mugikortasunaren sektorearen lehiakortasuna indartzeko”. Komenigarritzat jo dute konektatutako ibilgailuari ikuspegi orokor batetik heltzea, katean parte hartzen duten agente guztiak kontuan hartuta: osagaietatik hasi eta ibilgailuraino, sistema gisa ikusita, eta konexioa jasaten duten azpiegitura eta komunikazioak ere aintzat hartuta.

“Enpresek oso epe luzeak behar dituzte beren produktuak zibersegurtasunaren eskakizunetara egokitzeko, baina Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen testuingurua aukera ezinhobea da mugikortasunaren sektorearen lehiakortasuna indartzeko”

Automobilgintzaren balio-katea osatzen duten enpresen ikuspegitik, kontuan izan behar da jatorrizko ekipoen fabrikazioan zibersegurtasun ziurtagiri baten nahitaezkotasuna aplikatzen denean, araudi hori, ezinbestean, bere hornidura katean zehar transmititzen dela. Hala adierazi dute Batz enpresako Javier Benitok, Laga Consulting enpresako Ruben Lauzirikak, eta GKNko Jorge Palomarrek. “Nahikoa da iritsiko denerako prest egotea. Hala, edozein ziurtagiriren aurretik, zuzendaritzak kontzientziatuta egon behar du, beharrezkoak diren barneko eta kanpoko baliabideak era egokian eskaini ahal izateko, eta ziurtagiriak emateko prozesu horri arrakastaz aurre egiteko”, azaldu dute.

Topaketari amaiera emateko, CAFeko Zigor Arosak eta NUUK Mobility Solutionseko Ixone Busturiak euren ibilgailuen eta mugikortasun soluzioen fabrikazioan zibersegurtasunaren homologazio- eta ziurtapen-prozesuetan izandako esperientziak azaldu dituzte.

“Edozein ziurtagiriren aurretik, zuzendaritzak kontzientziatuta egon behar du, beharrezkoak diren barneko eta kanpoko baliabideak era egokian eskaini ahal izateko, eta ziurtagiriak emateko prozesu horri arrakastaz aurre egiteko”

Arosak trenbide negozioaren lerroaz hitz egin du, azpimarratuz beharrezkoa dela prozesuak garatzea eta giza gaitasunak eta gaitasun teknikoak areagotzea, hori delako zibersegurtasunaren kudeaketa arrakastaz egiteko bide bakarra.

Busturiak, bestalde, bere ibilgailuetan testak eta ziurtagiriak egitearen garrantzia azpimarratu du, eta NUUK Mobility Solutionsek AENORen Ibilgailuen Zibersegurtasunaren lehen ziurtagiria jaso izana azpimarratu du. “Arau prozesuaren hasieran gaude; izan ere, erabilera modu berrien, ibilgailu tipologia berrien, teknologia berrien eta konexio-maila gero eta handiagoen aurrean, araudiek errealitate berriei erantzun behar diete”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK