Urtero legez, Donostiako Zinemaldia irailean egingo da. Urte gorabeheratsuak pasa ondoren, pandemia edo AEBeko aktoreen eta gidoilarien greba medio, 72. edizioa ohiko formatuan gozatzeko aukera izango da. Jaialdiaren aurtengo protagonista nagusia, eta ondorioz kartelaren irudia, Cate Blanchett aktore australiarra izango da.
Contemporánea Fundazioaren Kulturaren Behatokiaren arabera, 2023an Espainiako Estatuko laugarren kultur ekimen garrantzitsuena izan zan Zinemaldia. Fundazio horrek, Espainiako kulturaren egoerari buruz egiten du azterketa.
Zerrendak, laugarren postuan ezartzen du Donostiako jaialdia, Prado museoaren, Sofia Erregina Arte Zentroa Museo Nazionalaren eta Thyssen-Bornemisza museoaren atzetik. Bitxikeria bezala, Guggenheim Bilbao Museoa bosgarren lekuan kokatu dute. Zinemaldia, era berean, EAEn inpaktu sozioekonomiko handiena sortzen duen kultur ekimena da kalitatea eta berrikuntzari dagokionez. Gainera, zerrendaren arabera, Donostia Espainiako estatuko zazpigarren hiri baloratuena da; lehenengoa, 300.000 biztanletik beherako hirien artean.
Zinemaldia EAEn inpaktu sozioekonomiko handiena sortzen duen kultur ekimena da kalitatea eta berrikuntzari dagokionez
Guztira, 58 herrialdeko 238 film 600 proiekzioetan eskaini ziren aurreko edizioan, 158.194 pertsona batuz, 2022an baino 5.400 gehiago. Gainera, emandako 5.000 akreditazioek Donostiako Zinemaldia industria zinematografiko garrantzitsua dela baieztatzen du beste behin.
Kontuak kontu, zinemak gizartearen hartu-emanak eta egunerokotasunak islatzen ditu. Horren bestez, ekonomiari lotutako bost eskaintza proposatzen ditugu jarraian.
1.- On Falling (Laura Carreira, Ingalaterra - Portugal).
Aurora, Eskoziako biltegi handi batean lan egiten duen emakume portugaldarra da. Lantokian eta pisu partekatu baten artean harrapatuta, Aurora isolamenduari, alienazioari eta egunerokotasunari aurre egiten saiatzen da, baina bere buruaz duen kontzientzia arriskuan jarriko du. Algoritmoetan oinarritutako eta isolamenduan sentiarazteko diseinatutako gizartean, ikus-entzunezkoak bizitzan zentzua aurkitzeko eta konektatzeko borroka proposatzen du.
- Hizkuntza: ingelesa.
- Iraupena: 104 min.
- Saila: Sail Ofiziala.
2.- The Last Showgirl (Gia Coppola Estatu Batuak).
30 urte lanean eman ondoren, berrogeita hamar urteko emakume dantzari esperientziadun batek ikuskizuna bat-batean amaitu eta bere etorkizuna antolatu beharko du. Bere alabekin duen harremana konpontzen saiatuko da, izan ere, askotan, haren ibilbide profesionala besteen aurretik jarri du.
- Hizkuntza: ingelesa.
- Iraupena: 85 min.
- Saila: Sail Ofiziala.
3.- Azken erromantikoak (David Perez Sañudo, Espainia).
Irunek, joera hipokondriakoak dituen emakume bakarti batek, herri industrial baten kanpoaldeko fabrika batean egiten du lan. Haren bizitza ezagunen zirkulu txiki batera mugatzen da: lankideak, adiskidea edo halako zerbait den bizilagun bat eta inoiz hartzen ez dituen trenen ordutegiak kontsultatzen dizkion Renfeko operadore bat. Bularrean koskorra antzematen diotenean, bere bizitzak 180 graduko norabidea hartuko du. Aldi berean, lan-gatazka bati aurre egin beharko dio.
- Hizkuntza: euskara.
- Iraupena: 102 min.
- Saila: Zuzendari Berriak.
4.- Soy Nevenka (Iciar Bollain, Espainia).
2000n, Ponferradako Udaleko Ogasun zinegotzi Nevenka Fernándezek jazarpen gupidagabea pairatu zuen arlo politikoan eta pertsonalean nahi zuena egitera ohituta zegoen gizon batengandik: udalerriko alkatea. Nevenkak oso garesti ordaindu beharko du salaketa jartzeko erabakia. Benetako gertakarietan oinarritutako istorioa da, #metoo mugimenduaren aitzindaria, itzal handiko politikari bat sexu- eta lan-jazarpenagatik epaitegietara eraman zuen lehen emakumea izanik.
- Hizkuntza: gaztelania.
- Iraupena: 110 min.
- Saila: Sail Ofiziala.
5.- Celeste (Elena Trapé, Espainia).
Musika latinoamerikarreko izar handienetariko bat da Celeste. Mundu osoan ezaguna, zuzenekoetan estadioak betetzeko gai da. Hala eta guztiz ere, film honek ez du Celesten protagonismoa jartzen, Sara Santano ogasuneko ikuskatzaile baten baizik. Hogeita hamar urte zerga agentzia batean lanean egin ondoren, erretiroa hartu baino lehen, enkargurik garrantzitsuena jasoko du: Celestek zergak Espainian ordaindu behar dituela frogatzea hain zuzen ere.
- Hizkuntza: gaztelania.
- Iraupena: 181 min.
- Saila: Leihaketatik kanpo, telesaila, Velodromoan.
Kontuak kontu, betiko legez, Donostiako Zinemaldiak zinea eta ekonomia uztartzen dituen Euskal Herriko eta nazioarteko ikus-entzun ugari proiektatuko ditu. Beraz, hiriaz eta zineaz gozatzeko plan itzela proposatzen digute irailaren 20tik 28ra arte. Animatu!