• EKONOMIA
  • Zirkuitu ekonomiko feministaren larruetan

Zirkuitu ekonomiko feministaren larruetan

Hainbat urtez lan isilean aritu ostean, 2024ko urtarrilean egin zuen Larrutikek lehen agerraldi publikoa. Askotariko eraldaketa feministak sustatuz, bizitzako eremu ezberdinetan eragin nahi duen eragileen sarea da

Larrutik hainbat kooperatiba feministak osatzen duten sarea da | Argazkia: utzita
Larrutik hainbat kooperatiba feministak osatzen duten sarea da | Argazkia: utzita
bb 20231002374563
EnpresaBIDEAko kazetaria
2025eko apirilaren 18a

Ara!Gorputz, Artaziakoop, Eihera, Emagin, Farapi, Harago, Irule, Juntura eta Parean erakundeek eta gerora gehitutako beste bi eragilek osatzen dute Larrutik sarea. Lehen agerraldi publikoa iazko urtarrilean egin bazuten ere, lehenagotik ari ziren interkooperazio feministarako sarea hedatzen. Zehazki, ekonomia feminista sustatuko duen zirkuitu ekonomikoa sortzea helburu zutelarik jaio ziren, eta horretan aritu dira azken urtebete pasatxoan. Lana bizitzeko eta ez lanerako bizi, lan baldintzak ikuspegi feministetatik definitu, merkatuan eredu feministak ezarri eta berriak sortu, interkooperazio feministan oinarrituko diren harremanak bultzatu eta eraldaketarako lan egin eta ez sistema kapitalista heteropatriarkala birsortzeko... horiek dira, besteak beste, sarearen printzipio nagusiak.

 

“Oso txikitik sortutako sarea gara. Kooperatiba handienak hamar bat langile izango ditu”, dio Oihana Llorente Parean Elkarteko kideak. Erakunde horiek tokian tokiko lana egiten badute ere, merkatuaren logikak elkar lehiatzera bideratzen dituztela nabarmendu du Larrutikeko kideak, baina, lehiakideak izan beharrean, euren arteko elkarlana sustatzeko asmoz batu ziren. “Kezkak partekatu nahi genituen. Denak batuta ikuspegi feminista hobetu txertatzen dugu gure gizartean”.

Enara Iruretagoiena (Ara! Gorputz): “Ekonomia zirkuituetan kontatzen digute dena lehiakortasuna izan behar dela, eta gu poliki-poliki ari gara lortzen kooperazioko aukerak sortzea”

“Ekonomia zirkuituetan kontatzen digute dena lehiakortasuna izan behar dela, eta gu poliki-poliki ari gara lortzen kooperazioko aukerak sortzea”, gehitu du Enara Iruretagoiena Ara! Gorputz kooperatibako arduradunak. “Modu organikoan sortzen joan da sarea. Donostian bizpahiru egitasmo elkartu ziren eta hedatzen joan gara”, azaldu du. Hartara, Larrutiken bidez “egituratze bat” lortu dute, eta orain arte landutako ekonomia feministari izena jartzeko aukera eman diote.

 

Ara! Gorputz eta Parean Elkartean Irunen (Gipuzkoa) sortutako proiektuak dira. Lehenengoak, emakume, pertsona migratu nahiz adineko pertsonen berdintasuna du xede. “Gizartearen erdigunean ez dauden sektoreekin egiten dugu lan”, dio Llorentek. Formakuntza, dinamizazioa, analisia eta ikerketa edota aholkularitza zerbitzuak eskaintzen dituzte, besteak beste.

Ara! Gorputz, berriz, 2018an jaiota zen, hileroko zikloaren kultura sustatzeko asmoz. Gerora, hilekoaren gaiaz harago, ekonomia feminista jorratu dute beste hainbat gaietan, baita ekofeminismoa ere. “Eskoletan hilekoaren inguruko formazioak eskaintzen ditugu, ekonomia feminista eskolatxoa izena duen proiektuan talde dinamikak eta prozesu parte hartzaileak egiten ditugu eta antiarrazakeria lantzeko ipuin bat ere badugu”, azpimarratu du Iruretagoienak.

Bi hilean behin egindako isilkako lana

Ekonomia feministan lantzen duten erakundeak dira Larrutik sarean osatzen duten parte-hartzaile guztiak, baina sektore desberdinetan aritzen dira. Juntura, adibidez, arkitekturaren esparruan aritzen da, eta Irulek zerbitzu juridiko eta psikosozialak eskaintzen ditu. “Denak topatzen gara erronka berdinekin: feminista izendatzen gara, eta ditugun kezkak oso antzekoak direlako elkartea garrantzitsua da”, nabarmendu du Llorentek.

Oihana Llorente (Parean Elkartea): “Denak topatzen gara erronka berdinekin: feminista izendatzen gara, eta ditugun kezkak oso antzekoak direlako elkartea garrantzitsua da”

Bi hilabetean behin elkartzen dira sareko eragile guztiak, kooperatiba bakoitzeko bi ordezkari joaten direlarik. “Ikasturteko helburuak ezartzen ditugu, eztabaida garrantzitsuak landu. Agenda betetzen saiatzen gara bai barrura, bai kanpora begira”, kontatu du Pareaneko kideak. “Ekonomia feministan autoformazioa eginez egin dugu aurrera”, dio Iruretagoienak.

Topaketa horien ardura eragileetako bik elkarlanean hartzen dute. “Ikasturte hasieran zehaztutako gaien inguruan aritzen gara bueltaka. Aurten botere harremanak landu ditugu, eta ekonomia feminista formazio moduan gehiago arakatzen dugu, bai teorikoki, bai praktikoki”, gaineratu du Ara! Gorputzeko kideak.

Sin título
Larrutik sarearen bilera bat | Argazkia: utzita

Landutakoa erakutsi

Orain arte egindako ibilbidea sozializatzeko asmoz, 2024ko maiatzean egin zuten Hernanin Interkooperazio feminista. Zertarako eta zergatik? izeneko lehen jardunaldi irekia. Ehun lagun baino gehiago bildu ziren bertan, Larrutik sareko erakundeak nahiz beste kooperatiba batzuetako kideak ere.

Mahai-inguru bat egin zuten eta gero lantaldeetan hainbat gai landu zituzten, hala nola, amatasunaren inpaktua kooperatibetan, interkooperazio feministaren etorkizuna edota instituzio publikoekin harremanak. “Udaletxeetako teknikari dezente etorri ziren. Beraiekin partekatu genuen lan mundutik zer traba topatzen ditugun eta aldi berean, administrazioak dituen mugak azaldu zizkiguten beraiek”, adierazi du Llorentek.

Enara Iruretagoiena: “Bageneramatzan 2-3 urte lanean eta nolabait egindakoa sozializatzea garrantzitsua ikusi genuen”

Goizean zehar lau saio egin zituzten, ondoren, bazkaria eta arratsaldean Ines Osinagaren kontzertuaz gozatzeko parada izan zuten. “Bageneramatzan 2-3 urte lanean eta nolabait egindakoa sozializatzea garrantzitsua ikusi genuen”, kontatu du Iruretagoienak.

Aurten ez dute aurreikusten halako beste jardunaldi bat egitea. Hamaika eragile izanda, bakoitzak bere agenda du, eta kanpora begirako ekitaldi batek lan asko dakar. Urtero halako ekitaldi bat egitea zaila ikusten dute, baina bi urtean behin kanpora begirako jardunaldi bat egitea dute buruan.

Indar kolektibo bat sortzen

"Hasieratik gauden eragile guztiak jarraitzen dugu, gustura gaudenaren seinale”, dio Llorentek. Poliki-poliki bidea egitea da Larrutiken asmoa, eta helburua ez da sarea izugarri handitzea. “Ikusten dugu Euskal Herri mailan erreplikatu daitekeen eredu bat izan daitekeela gurea, baina operatiboki oso zaila izan daiteke ehunka kooperatiba batuko dituen sare bat egitea. Asmoa ez da erabat zabaltzea”, gehitu du. 

Iruretagoienaren hitzetan, barne mailan indartzea du helburu sareak. “Autoformazioaren bidez gure beharrak ezagutu eta partekatzen jarraitu nahi dugu. Uste dut gaur egungo sistemak abiadura batzuk dituela, baina ez dira zertan izan hoberenak”. Presarik gabe, pausoz pauso, ekonomia feministaren ertzak lantzen jarraitu nahi du Larrutikek. "Asko hitz egiten dugu kontziliazioaz edota zaintzaz. Sarean gauden guztiak emakumeak gara eta tamalez zaintzarena gizonek baino gehiago dugun eztabaida da, eta formula berriak bilatzen ditugu", esan du Llorentek.

Enara Iruretagoiena: “Kooperatiba feminista gara balio batzuen baitan lan egiten dugulako, eta iruditzen zaigu enpresen egiturek asko eragiten dutela"

"Indar kolektibo bat sortzea" dute helburu, euren barne zalantzak argitzea, beste eragile batzuk inspiratzea. “Kooperatiba feminista gara balio batzuen baitan lan egiten dugulako, eta iruditzen zaigu enpresen egiturek asko eragiten dutela. Kooperatibismoari feminismoa txertatzen badiogu beste eragin batzuk ditu lanaren esparruan”, bukatu du Iruretagoienak.