Bere egoitza nagusia utzi eta Atenasen bildu zen atzo Europako Banku Zentrala. Lasaitasuna da Christine Lagardek zuzentzen duen erakundearen ezaugarri nagusietako bat. Ez du gustuko ezohiko erabakiak hartzea, baina merkatuek ongi dakite ezusteko erabakien atea ezin dela erabat itxi. Atzoko bileran, ordea, adostasun zabala zegoen Frankfurten egoitza duen erakundearen ebazpenaren inguruan, moneta-politika lausotu eta tasak % 4,5ean utziko zituela. Hala izan zen, ekonomian gailentzen hasia den ziurgabetasunak eraginda.
Testuinguru nahasian egin du banku zentralak bere bilera. Alde batetik, inflazioak beherako bidea hartu duela islatzen dute datuek, baina ez da erraza joera mantenduko den asmatzea. Bestetik, inflazioa ez da moteldu den adierazle bakarra. Jarduera ekonomikoaren geldotzea agerikoa da, eta liskar geopolitikoek hazkundea are gehiago moteltzeko arriskua handia da. Gazako gatazkak hidrokarburoen eta, oro har, energiaren prezioak astindu ditu, eta horren hurrenkeraren beldur dira analistak. Azkenik, EBZren moneta politika zorrotzak errenta finkoan izan dituen ondorioak ere kezka iturri bihur litezke. Estatuen bonuen prezioa interes-tasen neurria igo da, eta horrek hainbat herrialderen ordainketa gaitasunaren inguruko zalantzak piztu ditzake.
Moneta politikaren eraginkortasuna ezbaian
Teoria ekonomikoak sarri azaltzen du urte eta erdi behar duela moneta politikak eragina izan dezan. Tasak igotzen hasi eta adierazle nagusiek islatu bitartean hamazortzi hilabete behar dira, gutxi gora behera. Estatu Batuei dagokionez, urrian bete zen denbora tarte hori Jerome Powell Erreserba Federaleko buruak inflazioa menderatzeko tasak igoko zituela azaldu zuenetik. Teoria erraz ulertu daiteke. Familiek hipoteken kuotengatik eta kontsumorako maileguengatik gehiago ordaindu behar badute diru gutxiago bideratuko dute kontsumorako, eta ekonomia hoztu eta inflazioa jaitsiko da. Inoizko denbora tarte laburrenean % 0tik % 5,5era igo ziren tasak AEBn.
% 2,4 hazten ari da AEBko ekonomia eta langabezia inoizko minimoetatik oso hurbil dago. Europan, aldiz, hazkunde ekonomikoa asko moteldu bada ere, enplegu datua ez da okertu
Atlantikoaren beste aldean EBZk ere antzeko estrategia jarraitu zuen, hilabete batzuk beranduago. Moneta politikaren erasoa, baina, ondo hartu dute AEBko zein Europako ekonomiek. % 2,4 hazten ari da AEBko ekonomia eta langabezia inoizko minimoetatik oso hurbil dago. Europan, aldiz, hazkunde ekonomikoa asko moteldu bada ere, enplegu datua ez da okertu. Badira, hori bai, alde nabariak estatuen artean. Bruselak % 0,8ko batezbesteko hazkundea aurreikusi du Europako Batasuneko 27 herrialdeentzat. Turismoa oinarri dutenentzat, espainiar eta frantziar estatuentzat besteak beste, hazkunde altuagoa: % 2,2 eta %1ekoa. Dena den, hurrengo urterako Espainiaren hazkundea % 1,9ra murriztea espero da, eta Europakoa % 1,4ra igotzea.
Inflazioaren zalantza
Kontsumoak eta, hein handi batean, turismoa ekonomiaren motorra izateak ezbaian jarri du, hortaz, moneta politikaren eraginkortasuna. Inflazioa ez da murriztu espero bezain sendo eta, beheranzko joera badu ere, petrolioaren gorakadak ekoizpen kateetan nola eragingo duen kezka iturri bihurtu da. Europako urte arteko inflazioa abuztuko % 5,2tik % 4,3ra jaitsi zen irailean.
Moteltzea EBZk tasak ez igotzeko arrazoietako bat izan da, baina merkatuek tasen jaitsiera hurrengo hilabeteetarako espero bazuten ere, espektatibak atzeratu dituzte orain
Moteltzea EBZk tasak ez igotzeko arrazoietako bat izan da, baina merkatuek tasen jaitsiera hurrengo hilabeteetarako espero bazuten ere, espektatibak atzeratu dituzte orain. Egoera geopolitikoak ezegonkortasuna eta ziurgabetasuna are gehiago handitu du. Azken hilabeteotan petrolioaren prezioak behera egin badu ere goranzko joera hartu du berriro. Herrialde ekoizleek ekoizpena murrizteak prezioa igoarazi du eta, horrez gain, Ukrainako gerrari Gazako gatazka gehitu zaio. Ikusteko dago petrolio ekoizle arabiarrek Israelen erantzun krudelari emango dioten erantzuna. Ormuzko itsasartean kontzentratzen da munduko hidrokarburoen jario nagusietakoa, eta gatazka oldartuko balitz, hornidura murrizketak sortu litezke.
Zor publikoaren zama
Bada EBZren etena ulertzeko beste arrazoi bat. Pandemiaren ondorio ekonomikoei erantzuteko, gastu publikoa nabarmen handitu behar izan zuten estatuek, eta Bruselak defizita eta zorpetzea kontrolatzeko mekanismoa, gastu-araua, indargabetu zuen, stanb-by egoeran utziz. 2024rako berriro indarrean sartuko da, eta estatuek gastu-arau berria adostu behar dute.
EBko agintariek ez dute oraindik akordiorik erdietsi eta EBZk ohartarazi du akordioa atzeratzeak euroguneko zor publiko altuaren jasangarritasunaren inguruko mesfidantza piztu dezakeela
EBko agintariek ez dute oraindik akordiorik erdietsi eta EBZk ohartarazi du akordioa atzeratzeak euroguneko zor publiko altuaren jasangarritasunaren inguruko mesfidantza piztu dezakeela. Estatuen finantzaketa tresna nagusia da zor publikoa, eta interesen igoerak ere isla izan du bere kostuan. Azken hamar urtetako mailarik altuenera heldu da Espainiako hamar urterako bonuaren interesa, % 4ko langatik gora. Lagardek badaki moneta politikoa are gehiago zorrozteak finantza publikoen osasuna arriskua jarri dezakeela, eta 2012ko zor publikoaren mamua ez dute oraindik ahaztu merkatuek.
Enpresa eta familien finantzaketa kostua
Gobernuak ez dira interes-tasei so diren eragile bakarrak. Euriborraren hazkundeak familien ekonomia nabarmen okertu du. 2023an turismoak eta kontsumoak erronkari eutsi badio ere, pandemia garaian metatutako aurrezkiaren hauspoak indarra galdu du. Hipotekaren kuotaren gorakadaren aurrean, familiek aurrezkia baliatu dute maileguak kitatzeko. Hala, Espainiako bankuen hipoteka saldoak nabarmen egin du atzera 2006ko minimoetara helduz. Hipoteka mailegu berrien kontratazioak ere behera egin du. Horrela, aurreko urtean baino % 18,5 hipoteka gutxiago sinatu ziren Euskal Autonomia Erkidegoan abuztuan eta % 22,7 Nafarroan.
Aurreko urtean baino % 18,5 hipoteka gutxiago sinatu ziren Euskal Autonomia Erkidegoan abuztuan eta % 22,7 Nafarroan [...]. [Era berean], enpresariek nabarmendu dutenez diruaren prezioaren garestitzeak inbertsio berriak burutzea zaildu du
Familiak ez ezik, enpresak ere kexu dira interes-tasen bilakaerarekin. Confebask Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako enpresarien elkarteak atzo jakinarazi bezala, enpresen finantzazio kostuak 2014ko langa gainditu du enpresa txiki eta ertainetan. Enpresa handiena, era berean, 2008 mailarik altuenetara heldu da. Confebasken esanetan, horrek guztiak enpresei emandako kreditu berria % 8 murriztu du aurreko urtearekin alderatuta. Enpresariek nabarmendu dutenez diruaren prezioaren garestitzeak inbertsio berriak burutzea zaildu du.