Zordun handien zerrenda handitu egin da Araban eta Nafarroan; Bizkaian eta Gipuzkoan txikitu

Lau lurraldeetako zordun handien zerrendan 1.124 zergapeko daude eta 1.292 milioi euro baino gehiago zor dituzte

Nafarroako Foru Ogasunaren egoitza | Argazkia: iStock Nafarroako Foru Ogasunaren egoitza | Argazkia: iStock

Hego Euskal Herriko ogasunek 600.000 eurotik gorako zorrak dituzten norbanako eta enpresen zerrenda eman dute argitara. Araban eta Nafarroan iaz baino zergapeko gehiago ageri dira, eta aldiz, Bizkaian eta Gipuzkoan gutxiago.

Bizkaiko Ogasunan iaz baino hamabost zergapeko gutxiago ageri dira (334) eta guztira 593,3 milioi euro zor dituzte. Gipuzkoako Foru Ogasuneko zerrenda ere txikitu egin da aurten eta 84 zergapekok 219 milioi euroko zorra biltzen dute. Bost zergadun berri sartu dira, 4,3 milioiko zorrarekin guztira, eta 6 zergadun atera dira 109,7 milioi euro zor zituztenak.

Arabako Foru Ogasunak 600.000 eurotik gorako zergadunen zerrenda ere atera du, eta 53 enpresa zein norbanako ageri dira. Iazko datuekin alderatuta, aurten zordun kopuru handia dago zerrendan, 16 gehiago, denera 160,3 milioi euro zor dituztelarik.

Nafarroari dagokionez, zorrak dituztenen zerrenda iazkoa baino luzeagoa da. 653 zordun ageri dira, 2023an baino hamar gehiago eta 319,5 milioi euro zor dizkiote foru erkidegoko ogasunari.

Oro har, Hego Euskal Herriko ogasunen zordun handien zerrendan 1.124 zergapeko daude eta 1.292 milioi euro baino gehiago zor dituzte.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK