Zurekin ala zu gabe?

'Nashen oreka', John Nash matematikariaren omenez izendatua, funtsezko kontzeptua da jokoen teorian. McDonald's eta Burger Kingen jatetxeak elkarren ondoan egotearen arrazoia azaltzen du

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Inoiz galdetu al diozu zeure buruari zergatik McDonald's eta Burger King bezalako janari azkarreko jatetxeak askotan elkarren ondoan egoten diren? Bitxia dirudi, ezta? Lehiakideak badira, zergatik egon bata bestetik hain gertu? 'Nashen oreka' izeneko ideia liluragarri batean dago erantzuna. Baina ez kezkatu, ez duzu matematiketako aditu bat izan behar hau ulertzeko. Jolastown hiri magikoan Miren eta Mikel protagonista dituen istorio dibertigarri batekin azalduko dugu. Presta zaitez bi lagun hauek beraien jostailu dendak irekitzeko garaian sortutako dilema nola konpontzen duten ikusteko!

Baziren aspaldian nonbait, Jolastown izeneko hiri magiko batean, Miren eta Mikel izeneko bi lagun handi. Biek arrakasta Itzela eduki zuten Jolastownetik kanpo beraien jostailu dendekin. Hala ere, biek pentsatu zuten bazela garaia bakoitzak jostailu denda bat irekitzeko beraien hirian, hau da, Jolastownen. Jostailu dendarik onena zuten eta toki perfektuan zabaldu nahi zituzten dendak, Jolastowneko haur guztiak erakartzeko.

Miren eta Mikel enpresari adituak izanda, bazekiten elkarren berri eta herriko plazan elkartu ziren dendak non ireki behar zituzten eztabaidatzeko. Miren hasi zen hizketan: "Nire denda hiriaren erdigunean ireki nahi dut, hor baitaude haur gehien". Erabat erabaki ulergarria, baina Mikel ez zen isilik geratu eta erantzuna bota zion: ”Ideia bikaina, baina badakizu hiriaren erdigunean irekitzen baduzu zure denda nik zure ondoan irekiko dudala, horrela jostailuak erostera etortzen diren umeek bi aukera edukiko dituzte eta biek edukiko ditugu bezeroak”.

Inoiz galdetu al diozu zeure buruari zergatik McDonald's eta Burger King bezalako janari azkarreko jatetxeak askotan elkarren ondoan egoten diren?

Mirenek bere buruan bueltak eman zizkion Mikelek esandakoari eta pixka bat pentsatu ondoren bota zuen: "Biok leku berean irekitzen badugu, haur guztiak partekatu beharko ditugu. Zer moduz hiriaren iparraldean irekitzen badut nire denda eta zuk hegoaldean? Horrela, bakoitzak bere lurraldea izango du, eta ez dugu bezerorik partekatu beharko".

Mikeli Mirenek proposatutakoa gustatu zitzaion eta ados egon zen, baina gero gauza garrantzitsu bat etorri zitzaion burura: "Gutako bat hiriko erdigunetik oso urrun joaten bada, erdian dauden haur guztiak gal ditzake. Beharbada, biok ahalik eta haur gehien erakartzeko leku bat bilatu beharko genuke, elkarrengandik asko alderatu gabe".

Eztabaida aurrera zihoan eta ez zuen ematen amaituko zenik, bakoitzak bere ideiak baitzituen. Horrela zebiltzala Noelia adiskidea igaro zen plazatik, eta biak eztabaidan ikusita gerturatu eta esan zien: "Zergatik ez diote laguntza eskatzen Nash irakasle jakintsuari? Berak asko daki erabaki zailak hartzeko moduaz".

Egoki ikusi zuten Noeliaren gomendioa, Miren eta Mikel ados jarri ziren, eta hiriko kanpokaldean bizi zen Nash irakaslea bisitatzea erabaki zuten. Nash irakaslea aditua da erabakiak hartzeko metodoetan, eta bi lagunek beraien kasua azaldu ziotenean zera esan zien: "Zuen dendak non ireki erabakitzeko modurik onena oreka bat aurkitzea da, biak zuen kokapenekin pozik egongo zareten eta mugitu nahi ez duzuen puntu bat".

Nash irakasleak ez zituen bi lagunak oso pozik atzeman esandakoarekin eta bere ikuspuntua argiago azaltzeko, adibide bat eman zien: "Demagun umez betetako hondartza luze eta zuzen batean bi izozki denda daudela, bata Mirenena eta bestea Mikelena. Mirenek hondartzaren mutur batean izozki denda irekitzen badu eta Mikelek beste muturrean, erdiko umeek asko ibili beharko dute bietako edozeinengana iristeko, horrela agian erabakiko dute ez joatea inora. Baina hondartzaren erdian, bata bestearen ondoan ireki ezkero, haur guztiek distantzia bera ibili beharko dute dendetara heltzeko, honela bi dendek bezero asko irabaziko dituzte".

Irakaslearen hitzak entzun ondoren, Mirenek eta Mikelek ulertu zuten leku bat aurkitu behar zutela biek ahalik eta haur gehien erakartzeko, haiengandik oso urrun egon gabe. Hiriko mapa bati begiratu eta Nash irakaslearen hitzetan pentsatu zuten. Azkenean, dendak bata bestearen ondoan irekitzea erabaki zuten, jende asko ibiltzen zen etorbide batean. Honela, biek haur asko erakar zitzaketen eta euren jostailu zoragarriak eskaini. Hau dena gainera umeengandik urrunegi egoteaz arduratu behar gabe.

Mirenek hondartzaren mutur batean izozki denda irekitzen badu eta Mikelek beste muturrean, erdiko umeek asko ibili beharko dute bietako edozeinengana iristeko, horrela agian erabakiko dute ez joatea inora

Irakasleak irri xume bat egin eta honela azaldu zien: “Nashen oreka deitzen duguna da aurkitu duzuena. Oreka puntu honetan lortzen duzue biek ahal duzuen erabaki onena hartzea, bestea egiten ari dena kontuan hartuta. Honela, ez batak ez besteak ez duzue zuen erabakia aldatu nahi izango, dagoeneko ahalik eta posizio onenean zaudetelako. Hobeto ikus dezazuen, demagun Noeliak ere jostailu denda bat ireki nahi duela. Berak erabakitzen badu bere denda oso urruti irekitzea, ziurrenik ez du bezerorik irabaziko, umeek nahiago dutelako zuek biok zaudeten tokira joatea. Bere denda zuen dendetatik hurbil zabaltzen badu, orduan hirurek bezero asko izango dituzte eta inork ez du mugitu nahiko, posizio onenean egongo zaretelako".

Azkenean Miren eta Mikelek beraien jostailu dendak zabaldu zituzten, bata bestearen ondoan, Nash irakaslearen laguntzari esker leku perfektua aurkitu izanaz pozik.

Hemen azaldutako kontzeptuak mundu errealean baduela bere aplikazioa ikusteko, McDonald's eta Burger King bezalako enpresak ikustea besterik ez dago. Hauek Nashen orekaren kontzeptu hori bera erabiltzen dute jatetxeak non ireki erabakitzeko. Biek dakite euren jatetxeak bata bestearengandik gertu zabaltzen badituzte, bezero gehiago erakar ditzaketela. Pertsonek aukera gehiago izango dituzte leku bakarrean. Hau errez ikusten da jende asko ibiltzen den lekuetan, hala nola merkataritza guneetan edo hirietako erdiguneetan. McDonald's-ek jatetxe berri bat irekitzea erabakitzen duenean, beti hartzen du kontuan bere lehiakidea, Burger King, non dagoen kokatuta. Burger King dagoeneko herri kokaleku batean badago, McDonald's-ek inguruan jatetxe bat irekitzea erabaki dezake, jada eremu horretara doazen bezeroen fluxua aprobetxatzeko. Hala, bi jatetxeek bezero asko erakar ditzakete, eta inork ez du mugitu nahiko, ahalik eta posizio onenean daudelako lehiatzeko eta bezeroak irabazteko.

'Nashen oreka', John Nash matematikariaren omenez izendatua, funtsezko kontzeptua da jokoen teorian. Egoera honetan, jokalari bakoitzak, gainerako jokalarien estrategiak kontuan hartuta, ez du pizgarririk bere estrategia aldatzeko. Beste era batera esanda, oreka puntu hau, puntu bat da, non besteen erabakiak kontuan hartuta jokalari guztiak ari diren ahal duten erabakirik onena hartzen. Enpresen testuinguruan, esan nahi du bi konpainiak irabaziak maximizatzeko moduan kokatuta daudela eta hauetako inork ezin duela bere posizioa hobetu beste leku batera mugituz.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK