350 lanpostu sortuko ditu Haizea Windek eta Iberdrolak sinatu duten 200 milioi euroko kontratuak

Haizea Bilbaok hiru pabiloi berri izango ditu eta biltegiratze eremua handituko du, monopiloteak gordetzeko

Iberdrolako eta Haizea Windeko presidenteak akordioaren sinaduraren unean | Argazkia: VK Iberdrolako eta Haizea Windeko presidenteak akordioaren sinaduraren unean | Argazkia: VK

Dorre eolikoen ekoizpenaz arduratzen den Haizea Wind enpresak eta Iberdrolaren Scottish Power enpresak 200 milioi eurotik gorako kontratua sinatu dute, Haizea Bilbaok Erresuma Batuko East Aglia Three itsas parke eolikoa 50 monopilotez hornitu dezan.

Akordioaren ondorioz, 350 lanpostu zuzen sortuko dira Haizea Bilbaon urtebetez, eta monopiloteak Haizeak Bilboko Portuan dituen instalazio berrietan egingo dira.

Kontratua dorre eolikoen fabrikatzaileak Portuan dituen instalazioetan sinatu dute Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak eta Damaso Quintana Haizea Wind Groupeko presidenteak. Iñigo Urkullu lehendakaria ere bertan izan da, beste agintari batzuekin batera, eta Haizea Windek portuan izango dituen instalazioen lehen harria jarri dute. 150 milioi euro inbertituko dituzte instalazio berri horietan.

Gaur egun, taldeak Bilboko Portuan duen lantegiak, Haizea Bilbaok, 48.800 metro karratu eta 500 langile ditu. Kontratu berriari esker, 200.000 metro karratu izatera helduko da. Hiru pabiloi berri ere izango ditu, eta biltegiratze eremua handituko du, garraio ontzietara eraman aurretik, monopiloteak gordetzeko.

Haizea Wind Groupek Iberdrolarentzat egingo dituen 50 monopiloteek Erresuma Batuko East Anglia Three itsas parke eolikoko haize-sorgailuak jasateko balioko dute, eta instalazio berrietatik aterako dira. Guztira, parke horrek 1,4 GWko potentzia izango du, eta milioi bat etxe britainiar energia garbiz hornituko ditu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK