Iberdrolako Pertsona eta Zerbitzu saileko zuzendaria da Asis Canales. Energia berriztagarrien ekoizpenaren gorakada nabarmendu du 2023ko albiste nagusietako bat bezala. Bestalde, 2024ra begira, Ukrainako gerra nahiz Palestina eta Israelen arteko gatazkaren amaiera ematea espero du. Gizarte deskarbonizatu baterako neurriak hartzen jarraitu beharra dagoela ere iritzi dio, eta horretarako EAEn epe motz nahiz luzerako urratsak ematen ari direla nabarmendu du.
Zein da zuentzat 2023ko albiste ekonomiko garrantzitsuena? Zergatik?
Hornidura-kateen eta prezioen gaineko presioak murrizten hasi genuen 2023a, Ukrainaren inbasioak gora egin ondoren. Hala ere, inflazioaren ondorioak mantendu egin dira, eta interes-tasak igotzeko politikak hoztu egin du gure inguruko herrialdeen ekonomia. Energiaren arloan, albiste positiboa zera da, inflazioak proiektu batzuei eragin bazien ere, 2023a errekorra izango dela berriztagarrien ekoizpenean Europar Batasuneko 19 herrialdetan, besteak beste Espainian (horrek saihestu egin du gasa erosteko faktura handi samarra izatea eta inflazioa moteltzen lagundu du).
2024ra begira titular edo albiste hori moldatu ahalko bazenu, zein nahiko zenuke titularra edo albistea izatea?
Mundu mailan, zalantzarik gabe, Errusiak Ukraina inbaditzea eta Israel eta Palestinaren arteko gatazkaren amaiera. Arlo ekonomikoan, espero den interes-tasen murrizketak herritar guztien poltsikoa arintzea eta gure inguruko ekonomia suspertzen laguntzea. Eta, batez ere, berotegi-efektuko gasen murrizketa globala gertatzea eta klima-aldaketaren aurkako borrokan emaitzak lortzen hastea.
Nola ikusten duzue 2024a?
Gure sektorearen barruan, maila globaleko erronkak Dubain egindako COP28an lortu berri den akordioan laburbiltzen dira. Akordio horrek energia berriztagarrietan, sare elektrikoetan eta biltegiratzean inbertsio izugarriak mobilizatzea eskatzen du, horiek baitira trantsizio energetikorako beste bi alderdi kritikoak.
Bereziki garrantzitsuak dira 2030erako energia berriztagarrirako gaitasuna hirukoiztea eta energia-eraginkortasunaren hobekuntzak bikoiztea. Era berean, herrialde guztiei dei egiten zaie errepideko garraioan emisioak murrizteko, emisio txikiko edo gabeko azpiegiturak eta ibilgailuak hedatuz. Elektrifikazioak funtsezko zeregina izango du arlo horietan guztietan, baita industriaren deskarbonizazioan ere.
Etorkizunerako erronka trantsizio energetikoa azkartzea da. Eta elementu egituratzailea industria- eta kontsumo-prozesuen elektrifikazioa da. Sareetan gehiago inbertitu behar dugu, energia ez-kutsatzailearen eskari eta hazkunde guztiari erantzuteko prest egon dadin. Ildo horretan, negozioa intentsiboa da kapitalari dagokionez, eta oso epe luzera berreskuratzen da diru hori; beraz, inbertsioak bultzatuko dituzten arau-esparruak behar dira, bidezkoak, aurreikusi daitezkeenak eta egonkorrak, irtenbideak eta aukerak eskaintzen jarraitu ahal izateko.
COP28an ezarritako helburua "karbono neutraltasuna" 2050erako lortzea da, eta energia berriztagarriek funtsezko rola dute horretan. Epe luzerako estrategiaz ari bagara ere, zein urrats jotzen dituzue gakotzat EAE mailan 2024an, helburu horretan aurrera egin ahal izateko?
Ekonomia eta gizartea deskarbonizatzeko neurriak areagotzeko eta bizkortzeko konpromisoa hartu du Euskadik, erregai fosilak deuseztatzearen aldeko apustu garbia eginez. Herrialde gisa erronka bat dugu berriztagarriekin, gure "mix" energetikoan presentzia handiagoa izan behar baitute.
Testuinguru horretan, bi ekimen ditugu izapidetzen. Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legeak – Eusko Legebiltzarrean izapidetzen ari denak – gure politikak Europako eta nazioarteko arau eta politikekin lerrokatzeko esparrua eskaini behar du, eta gure gizartea deskarbonizatzeko funtsezko tresnak eman behar ditu, sektore eta eragile guztiak erantzunkidetuz.
Etorkizuneko arau horrek, Energia Berriztagarrien Lurraldearen Arloko Planarekin batera, ingurumen- edo nekazaritza-balio berezia duten espazio eta espezieei eragiten ez dieten proiektu berriztagarriak arinago izapidetzeko esparru segurua eskaini behar du. Proiektuek agerian utzi behar dute, halaber, ezarri nahi diren lurraldearekiko eta erkidegoekiko konpromisoa eta balio-ekarpena.