Birgaitze integralak ekarriko du energia aurreztea

Eraikinen eraginkortasun energetikoarekiko kezka orokorra areagotuz joan da azken urteetan. Hauek birgaitzeko inbertsio eta finantzaketa handia behar da, baita herritarren kontzientziazio maila handiago bat ere

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Duela gutxi UPV/EHUko ikertzaile talde batek egindako Euskal Autonomia Erkidegoko birgaitze jarduketen jarraipena egiteko azterlana argitaratu da. Txostena Ekonomisten Euskal Elkargoak eskatu du, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak etxebizitza-parke publikoaren kudeaketa eraginkorrean dituen lehentasunezko jarduera ildoak indartzeko eta egungo parkearen energia-eraginkortasuna eta irisgarritasuna sustatzeko. Era berean, etxebizitza sektorerako politika berritzaileen alde egiteko eta gizarteari balio sozial eta ekonomiko handiagoa emateko helburuarekin ere osatu da azterlana.

Txostenean lurralde-plangintzaren eta hiri-diseinuaren testuinguru orokorrari buruzko alderdiak eta birgaitzearen arloan jarduteko jarraibideak jasotzen dira. Txostenak eskala askotan izandako garapena jasotzen du, bai nazioarte mailan, Europan eta Espainian eta baita erkidegoan ere. Eraginkortasun energetikoaren ikuspegitik jorratzen da Euskal Autonomia Erkidegoko birgaitzea, aldi berean, birgaitzearen inbertsioari eta finantzaketari buruzkoa arazoak jasotzen direlarik. Horrekin batera, herritarren komunikazioa eta kontzientziazioa azpimarratzen da birgaitzearen sustapenerako ardatz moduan. Jarraian berriki izandako lau birgaitze kasuren deskribapena eta azterketa jorratzen dira, gaiari buruz egindako bi jardunaldi teknikoren eduki nagusiak gehitzen direlarik.

Eraikinak gero eta eraginkorragoak

Eraikuntzaren eraginkortasun energetikoarekiko kezka orokorra areagotuz joan da azken urteetan, neurri handi batean, aldaketa klimatikoan duen ondorioengatik. Horrexegatik bereziki, legearen ikuspegitik, eraikinak hobetzeko eskakizuna gero eta handiagoa da, ingurunean duten eragin negatiboa murrizte aldera; eraikuntza berrien kasuan, energia eraginkortasunari buruzko alderdiak dira lehenetsi behar direnak. Dena den, aztertu denaren arabera, energia-erreforma soila ez dela erraz onartzen etxebizitzen jabeen aldetik. Arrazoiak askotarikoak izan daitezke; adibidez, baliabide faltagatik, etxebizitza alokairu gisa erabiltzeagatik, jabeen adinagatik, etab... Bestelako faktoreak gehituz gero, igogailua jarri beharra, adibidez, edo igogailua egonik, hauxe zero kotara eraman beharra, horiek funtsezko elementuak dira birgaitze energetikoa horrekin batera gauzatzeko. Bestela, zaila da proiektu batek energia esparruko onurengatik soilik aurrera egitea.

Eraikin zaharren kasuan, eraginkortasuna hobetzeko EIT-ak egitea beharrezkoa da, eta birgaitzea hasteko abiapuntutzat har daiteke. Zehazki, EIT-a derrigorrezkoa da 50 urtetik gorako eraikinetan, eta hau eraikinaren arazoak identifikatzeko abiapuntua da gehienetan. Beraz, antzinatasuna da alderdi erabakigarria etxebizitza-eraikinak birgaitzeko, eta kasu horietan beharra oso justifikatuta dago alderdi askotatik helduz gero. Izan ere, eraikuntza akatsak antzeman litezke bai mantentze faltagatik zein eraikinaren eraginkortasun energetiko ezagatik, hein handi batean. Hutsune horiek direla eta, nahitaez egin behar dira birgaitze jarduerak, eraikineko etxebizitzen jabe guztiei eragiten dietenak. Jabe guztien faktore komun hori da akordio batera iristeko abiapuntua, eta ez bakarrik bizigarritasun ala irisgarritasun arazoak konpontzeko, baita birgaitze energetikoa gehitzeko ere.

EIT-a derrigorrezkoa da 50 urtetik gorako eraikinetan, eta hau eraikinaren arazoak identifikatzeko abiapuntua da gehienetan

Birgaitze obrak gauzatzeko eta egoiliar guztien inplikazioa izateko, kontuan izan behar da etxebizitza zahar horietan, ala horietako batzuetan, baliabide ekonomiko gutxiko pertsonak bizi direla, eta horrek mugak jarri diezazkioke prozesuari. Horregatik, beharrezkoa da proiektuetan inbertitzeko finantza baliabideak erraztea eta inbertsiotik eratorritako etekinak agerian jartzea. Horretan administrazioek lagundu dezakete, berme funtsen eskaintzaren bitartez, adibidez, eta horrek birgaitzerako konpromisoa hartzea erraztu dezake pertsona zaurgarrienentzat.

Birgaitze proiektu baten erronkak

Hiri-birgaitzeko prozesuek alderdi ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak hartu behar dituzte kontuan. Horrek zera suposatzen du: alde batetik, energia-eraginkortasunari zein erreforma berri baten ondoriozko erosotasunari buruzko gaiak bildu beharko dituztela; eta bestetik, kolektibo mota guztientzako irisgarritasuna aintzat hartu behar dutela eta, obra egiterakoan ingurumen arloko gaiak ere kontuan hartu beharko direla, ingurunean izan dezakeen inpaktuarekin.

Birgaitze proiektu bat gauzatzerakoan, etxebizitza bakoitza dagoen hiri ingurune mugakidearen diagnostikoa egitea iradokitzen da, ingurunearen gabeziak aztertuz eta eraikinaren irisgarritasun-alderdi zehatzak aintzat hartuz

Horregatik, birgaitze proiektu bat gauzatzerakoan, etxebizitza bakoitza dagoen hiri ingurune mugakidearen diagnostikoa egitea iradokitzen da, ingurunearen gabeziak aztertuz eta eraikinaren irisgarritasun-alderdi zehatzak aintzat hartuz. Alde horretatik, obra, zonako eremua, eta ahal bada, auzo osoaren beharrak kontuan hartuta egitea proposatzen da. Ikuspegi horretatik, beste aukera bat izango litzateke lankidetza publiko-pribatua sustatzea auzoetan, energia-birgaikuntzako jarduketetarako. Ildo horretatik, funtsezkoa da hirigintza-sozietate publikoek eta administrazioak aholkularitzarako eta hurbileko kudeaketarako bulego tekniko bat sortzea, etxebizitzen jabeei laguntza teknikoa, ekonomikoa eta kudeaketakoa eskaintzeko.

Aurreko guztia kontsideratuz, birgaitze proiektuak konplexuak direla esan daiteke, izan ere, horietan hainbat eragile inplikatuta daudelako (udala, auzokoak, inbertitzaileak, obraren egileak, obraren finantzatzaileak...). Hala, horrek dimentsio anitzeko ikuspegia izatea eskatzen du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK