Energia berriztagarrien uhainean

Ipar Euskal Herriko lehen olatu-zentrala Miarritzeko itsasargiaren parean eraikiko dute. Itsaso zabalean kokatuta, lurraldeko behar energetikoen %30 ase ahalko luke

Miarritzeko itsasargia Angelutik | Argazkia: EnpresaBIDEA Miarritzeko itsasargia Angelutik | Argazkia: EnpresaBIDEA

Miarritze, 1930eko hamarkada. Paul Grasset ingeniariari ideia bat otu zaio: itsasargian lehertzen diren uhainak baliatuz argindarra ekoiztea. Laborategia ere muntatu du bertako arroketan, eta sistema bat diseinatzen hasi da olatu horien indarra energia bihurtzeko. Ideia berritzailea zinez, baina sos faltan, proiektua ez du inoiz bukatuko. Eta ia mende bat geroago, horra: itsasargi beraren parean, baina itsaso zabalean, olatu-zentral bat jarriko dute, ongi bidean 2030 urterako.

Euskal Hirigune Elkargoak eta Akitania Berria eskualdeak hartu dute erabakia, 1,2 milioi euroko ikerketa sakonaren ondotik. Hala dio Mathieu Bergé eskualdeko kontseilariak: “20 eremu identifikatu eta aztertu ditugu Lapurdiko kostaldean, bi km2 neurtzen dutenak: ontzien eta animalien pasabideak, biodibertsitatea, arrantza, surfaren praktika, ikusmen-kutsadura… Arrisku gutxien izanen zituena hautatu dugu, gatazkak ekiditeko: Miarritze eta Angelu artean, kostaldetik zazpi kilometro eta erdira. Uhain-instalazio bat ezarriko dugu bertan”.

Euskal Hirigune Elkargoak eta Akitania Berria eskualdeak hartu dute erabakia, 1,2 milioi euroko ikerketa sakonaren ondotik

Ipar Euskal Herriko lehen olatu-zentralak 500 GWh ekoiztu ahalko lituzke urtean, lehen estimazioen arabera; Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Zuberoan kontsumitzen denaren %30 hornituko luke, beraz. Albo-eraginak, gainera, ahalik eta txikienak izatea espero dute. Adibidez, kostaldetik ez da deus ikusiko, itsas-maila baino 60-70 metro hondorago jarriko luketelako materiala, eta gainazalean bost metro baino ez litzateke agertuko. Olatuak ere ez lirateke aldatuko: simulazioetan zentimetro bakarreko bariazioa aurreikusi dute.

Uhainen indarraren argilunak

Itsasoaren energiarekin argindarra ekoizteko, makinek ia etenik gabe erabiltzen dute olatuen mugimendua. Energia iraunkor honen aldeko apustua garrantzitsutzat du Jean-Pierre Laflaquière, ikerketaz arduratzen den Elkargoko lehendakariordeak. “Uhainak erabili nahi ditugu, urte guztian zehar badirelako, indar handiago edo txikiagoarekin. Udan ahulagoa da, neguan indartsuagoa, baina interesgarria da urte osorako balio duelako”.

IMG 20230804 175607
Miarritzeko kostaldea | Argazkia: EnpresaBIDEA

Euskal Herrian, energia mota hau ez da berria: Mutrikun (Gipuzkoa) ere bada olatu-zentral bat, 2011koa, Europan uhin-energia modu komertzialean ekoizten hasi zen lehena; baina ez du antzekotasun handirik teknikoki, kai-mutur batean ezarri zutelako. Miarritzen kasuan, berrikuntza da instalazioa uretan bertan kokatuko dela, eta ur azpiko kable baten bidez lotuko zaiola lurrari, Baionako portura atxiki eta argindarra zuzenean sarera bidaltzeko.

Jean-Pierre Laflaquière: “Uhainak erabili nahi ditugu, urte guztian zehar badirelako, indar handiago edo txikiagoarekin. Udan ahulagoa da, neguan indartsuagoa, baina interesgarria da urte osorako balio duelako”

Itsaso zabalean egoteak ere erronkak ekarriko ditu, Bergéren hitzetan. “Uhainekin dugun arazo handiena ez da energia hori argindar bihurtzea, baizik eta ekaitzei aurre egitea. Izan ere, enbata handiak izaten ditugu Bizkaiko golkoan, eta horregatik ez dugu halako zentralik ikusi orain arte. Dena dela, arazo hori konpontzeko aterabideak garatzen ari dira egun”. Hain justu, teknologia mota ez dute oraino aukeratu: 85 aukera aztertu dira, eta lehen hamarrekin behin-behineko zerrenda bat osatu dute.

Sektorea garatzeko bidean

Teknologia bizkor garatzen ari da, baina finantzaketaren erritmoak ere azkartzea nahi lukete proiektuaren arduradunek. “Inbertsioak biziki handiak izanen dira urteotan, ehunka milioi eurokoak. Horrek erran nahi du laguntzak beharrezkoak izanen direla instalazioa eraiki ahal izateko”, onartu du Laflaquièrek. Estatu frantsesari dei egiten diote: diruztatzea eskatzen dute, olatu-energia ez baita oraino ekonomikoki lagundua. Dena dela, sostengua espero dute, eta Agnès Pannier-Runacher trantsizio energetikorako ministroarekin bilera izan dute jadanik.

Hautetsiek diotenez, sektorea egituratzeko asmoa lukete Baionatik hasita. Bergé arduratzen da portuez eskualdean: “Baionako portuarentzat proiektu estrategikoa da, uhain bidezko energia garatuko luketen enpresak hartu nahi baititugu bertan. Adar berri bat garatu, mantentze eta logistika beharrei erantzuteko. Horretarako, 4-5 hektareako eremu bat hartu dugu jadanik, eragile horiek instala daitezen”. Era berean, erakundeek nahiko lukete enpresa parte-hartzaileek dirulaguntzak jasotzea.

Mathieu Bergé: “Baionako portuarentzat proiektu estrategikoa da, uhain bidezko energia garatuko luketen enpresak hartu nahi baititugu bertan"

Azkenik, ikerketarako Rivages Pro Tech, AZTI eta Surfrider Fundazioa lankide izan dituzten bezalaxe, lurralde osoa inplikatu nahiko lukete Elkargoak eta Eskualdeak proiektu berritzaile honetan. Horregatik, informazio eta eztabaida prozesu bat hasiko dute laster. Irailean bi hitzordu antolatuko dituzte itsasoko erabiltzaileekin harremana estutzeko: arrantzaleak, surf eskolak, elkarte ekologistak... Helburua: denek energiaren olatua aldi berean hartzea.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK