Eguraldiarena bigarren planora pasa da igogailuetako elkarrizketetan. Bere garaian arrisku-saria izan zen moduan, oraingoan mix-energetikoa gailendu da. Argindarraren prezioaren gorakadak, Ukrainako gerragatik Errusiari ezarritako zigorrek eta aldaketa klimatikoarekiko ardurak energia bihurtu dute hizpide. Errusiak erregaien txorrota ixteak Europaren ahultasun energetikoa agerian utzi du, baita Euskal Herriarena ere.
Menpekotasun energetikoaren debatea plaza publikora heldu da, eta hortik herrietara eta erakundeetara. Duela urte batzuk tantaka agertzen hasi ziren autokontsumo energetikoen proiektuak bizkor zabaltzen hasi dira. Paisaia plaka fotovoltaikoz betetzen ari zaigu, nahiz eta beste alternatiba batzuk izan.
Autokontsumorako instalazioak azkar ari dira ugaltzen. Euskal Autonomia Erkidegoan autokontsumoa laukoiztu egin da. Energiaren Euskal Erakundeak emandako datuen arabera 915 eguzki-instalazio fotovoltaiko jarri dira martxan. Nafarroan hazkundea ere nabaria da. 2021ean 1.027 instalazio eskabide egin ziren, eta 2022ko lehen hiru hilekoan 650. Joera argia da, hortaz. Ipar Euskal Herrian eguzki energiaren ekoizpena garatzeko, Euskal Hirigune Elkargoak eguzki katastroa egin du, ekoizte unitateak kokatzeko leku egokienak zerrendatzeko eguzki energiaren garapena sustatzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoan autokontsumoa laukoiztu egin da. Nafarroan hazkundea ere nabaria da
Joera aldaketa, beraz, oso agerikoa izan da azken urteotan. Urko Garamendi Energiaren Euskal Erakundeko komunikazio buruak EnpresaBIDEAri azaldu dionez, "autokontsumoa aldarrikapen historikoa izan da, eta azken araudi aldaketaren ondorioz ireki diren aukera berriak ezagutaraztea eta partekatzea interesgarria da". Izan ere, duela gutxira arte indarrean zegoen eguzkiaren gaineko zerga autokontsumorako traba handia zen. Zerga bertan behera utzita "garai berri bati hasiera eman zaio. Autokontsumoaren aro honetan, berriztagarriak, eta horien artean, eguzki-energia, bereziki indartzeko aukera dago. Orain aukera horiek egi bihurtzea lortu behar dugu", azpimarratu du EEEkoak.
Haren hitzetan, "kontsumitzaileak bezero soil bat izateari utzi dio. Orain sistema osoaren parte garrantzitsua ere bada", energia sortu, erabili eta soberakinak sarera isuriko dituena. Kalera ateratzea baino ez dago azken urteotako aldaketaz ohartzeko. Plaka fotovoltaikoak paisaiaren parte bihurtu dira. Hasiera batean erakunde publikoetan nagusitu baziren ere, gaur egun enpresa, baserri zein etxe askotan ikusgai daude.
Adibideak, beraz, nahi beste. Leire Iñurrategi Iberdrolako komunikazio arduradunak autokontsumo alorreko bi adibide esanguratsu aipatu ditu. Alde batetik, Deustuko Unibertsitateko Bilboko ikasle-egoitza. 300 eguzki-panel instalatu dituzte bertan, urtean eguratsera 40.000 kg CO2 isurtzea saihestuz. Bigarren adibidea Araban dago, Eltziegoko Marqués de Riscal upategian. Iñurrategiren esanetan "instalazioak, zailtasun teknikoaz gain, estetikoa ere bazuen, Frank Gheryk diseinatutako eraikinean integratu behar zelako". Instalazioak 961 eguzki panel ditu, 312,3 kWp potentzia dutenak, urtean 356.000 kWh sortuz.
Energia-komunitateak: norbanakotik taldera
Energia-ereduari buruzko eztabaida inoiz baino agerikoagoa da Euskal Herrian, eta bada norbanakotik taldeko pentsamoldera jauzi egiteko aukera. Europak energia-komunitateak arautu izana urrats garrantzitsua da. Europako Batasunak honela definitzen ditu komunitate hauek: "pertsonak, enpresa txikiak, elkarteak eta tokiko erakunde publikoak biltzen dituen erakunde juridikoak dira; elkarrekin, energia berriztagarriak (elektrizitatea, beroa eta hotza), eraginkortasun energetikoa, mugikortasun jasangarria eta abar sustatzean oinarritutako jarduerak garatzeko helburua dutenak; hori guztia gertuko da onura soziala, ingurumenekoa eta ekonomikoa bilatuz". Goiener kooperatibako Oier Etxabarriak azaldu duenez, "Europak araudia onartu badu ere, Espainiak oraindik ez du lege-egokitzapena egin, ez du arau-esparrua finkatu". Horrek ez du esan nahi komunitateak ezin direnik martxan jarri, baina ezjakintasun egoera batean daude. Hala ere, Goienerreko kideak ez du uste arazo handirik izango denik kooperatibetako euskal legea oso aurreratua delako. "Europako araudiak irabazi gabeko entitate juridikoak aipatzen ditu, eta kooperatibak egoki moldatzen dira definizio horretan", nabarmendu du Etxebarriak. Energia-komunitateek askotariko jarduerak jar ditzakete martxan: energia berriztagarrien sorkuntza, energia-banaketa, energia-hornikuntza, biltegiratzea, energia-efizientziako zerbitzuak eskaintzea...
Europa energia-komunitateen aldeko apustua sendo egiten hasi da, baina estatuz estatu badira aldeak. PwC eta Naturgy enpresek 2022ko otsailean aurkeztutako txosten batek Espainia oso atzean gelditzen ari dela jasotzen du. Espainian soilik 33 energia-komunitate baino ez dauden bitartean, Alemanian 2.000 baino gehiago dira. Arrazoi asko izan daitezke, baina distantzia izan daiteke bat. Espainiak 500 metroko eremua markatzen du komunitateko partaide izateko. Hau da, energia sortzen den gunetik 500 metrotara izan behar dira kontsumitzaileak. Europako beste herrialde batzuetan eremua handiagoa da. Portugalek 2 kilometrora zabaldu du eremua, behe-tentsioko sarean. Frantziak ere 2 kilometrokoa du.
Aitzindaria Lasierra izan zen, Arabako Añanako koadrilako herri txiki bat. Herriak 12 biztanle ditu eta guztiek osatzen dute energia-komunitatea
Euskal Herrian energia-komunitateak hastapenetan badira ere, hainbat proiektu abian jarri dira. Aitzindaria Lasierra herria izan zen, Arabako Añanako koadrilako herri txiki bat, Erriberagoitian. Herriak hamabi biztanle ditu, eta guztiek osatzen dute energia-komunitatea. 70 panel instalatu zituzten, 30Kwko potentziarekin. Herria % 100ean energiaz hornitzea lortu dute. Bada beste muturrean topatu daiteken adibide bat. Herri txiki batetik, hiri handi batera. Bilboko Athletic Club futbol taldeak San Mameseko komunitatea sortu du. Petronor taldearekin abiatu du proiektua talde zuri-gorriak. Estadioan 369 eguzki plaka jarri ditu 120 kW potentzia lortzeko. San Mamesetik 500 metrora bizi direnek baino ezin dute parte hartu komunitatean.
San Mamesekoa bitxia bada ere, ez da Euskal Herrian garatu den komunitate bakarra. Euskal Energiaren Erakundeak (EEE) eta MCC taldeko Krea ingeniaritza enpresak Ekiola sarea osatu dute tokian tokiko instituzioekin batera sorkuntza berriztagarrien herritar kooperatibak sustatzeko. Araban sortu dira komunitate gehien: Aiaraldea, Añana, Arabako Errioxa, Arabako Lautada, Gorbeialdea eta Mendialdea. Gipuzkoan momentuz lau sortu dira (Azpeitiako Ekindar, Leintz Gatzaga, Donostia eta Zumaiako Egutera). Bizkaian, aldiz, Lea-Artibain baino ez da sortu. EEEko Garamendik adierazi duen moduan, "proiektua arrakasta izaten ari da, baina toki bakoitzak bere berezitasunak, sozializazio prozesuak eta abiadurak ditu". Kooperatiba bat eratzen denetik, lan ildo desberdinak daude: alde batetik, lur-sailak zehaztu, prozedurak eta baimenak lortu eta eguzki parkeak eraikitzeko; bestetik, informazio eta komunikazio kanpaina bat garatzen da, herritarrek bere atxikimenduari buruz erabaki dezaten.
Goiener: komunitatea etorkizunean tokian-tokian agintea hartu nahi duten pertsonak dira, energia tresna gisa erabiliz gizarte bat bidezkoagoa eta ingurumena errespetatuko duena lortzeko.
Goiener taldeak ere energia-komunitateen aldeko apustua egiten du. Filosofia, aldiz, beste bat da. Oier Etxebarriak izaera nabarmendu du. "Herritarrak elkartu eta ahaldundu nahi ditugu. Herri guztia inplikatu nahi dugu autokontsumo duina lortzeko". Herritarrei laguntza ematen diete proiektua garatzeko. Hasiera batean herritarrek proiektua "arrotz" hartzen dute baina prozesua eta onurak azaldu ahala animatzen direla dio Etxebarriak. Erakundeen parte hartzea ezinbestekoa da halako prozesuetan. Goinerrek herriaren beharrak eta energia sortzeko aukerak identifikatzen laguntzen die. Burujabetza energetikoaren aldeko hautuan oinarritzen da euren lana. Goienerren hitzetan, "komunitatea etorkizunean tokian-tokian agintea hartu nahi duten pertsonak dira, energia tresna gisa erabiliz, ahalbidetuko duena gizarte bidezkoagoa, solidarioagoa, ingurumena errespetatuko duena eta ahaldundua".
Dagoeneko Hego Euskal Herrian hamasei komunitaterekin ari dira lanean. Prozesuen erritmoa, baina, oso diferentea da. Orexan (Gipuzkoa), esaterako, lortu dute herri guztiak autokontsumo duina izatea. 100 lagun bizi dira bertan eta denek osatzen dute Orexako komunitatea, eta 50 hornidura puntu dituzte. Hernanin ere proiektua oso aurreratua dago. Kooperatiba sortu dute, eta beharrak identifikatzen ari dira. Bizkaian hainbat komunitate proposamen dira (Elorrio, Lea Ibarra, Otxandio, Balmaseda, Ea..) eta Nafarroan Leitzakoa oso aurreratua dago. Araban motelago doaz. Gasteizko udalarekin batera sentsibilizazio kanpainak burutzen ari dira hamar auzotan.
Nafarroako Pirinioan, Garraldan, herritarrek kooperatiba energetikoa sortu dute martxoan, Garraldargi. Herriko biztanleak ahalduntzea eta argindarraren prezioa merkatzea du helburu. Garraldak badu esperientzia autokontsumoan. Aurreko mendearen hasieran La Garraldina kooperatiba sortu zuten herria energiaz hornitzeko. 2009an, baina, lege arazoak medio, kooperatiba saldu behar izan zuten, eta ohiko konpainia elektrikoen sarera pasa ziren. Hiru urte eman dute lanean herritarrek Garraldak burujabetzaren bidea berriro hartzeko eta kooperatiba abiatu dute. Eguzki-panelak instalatzeaz gain, biltegiratze gunea ere izango du Garraldargi Koop elkarteak, eta 2023ko udazkenerako herria argindarrez hornitzen hastea aurreikusten dute.
Eguzki-energiaz haratago
Eguzkiarena ez da herriek erabili nahi duten energia iturri bakarra. Energia hidroelektrikoak, esaterako, bide luzea egin du gurean. Badira herriarenak diren zentral hidroelektrikoak. Oñati (Gipuzkoa) da horietako bat. 100 urte baino gehiago lanean daramatza Oñatiko Ur Jauziak enpresak. Egun, Oñatiko udalaz gain, Goiener eta EEE ere dira bazkide. Nafarroan ere badira adibideak. Garesen abandonatutako zentral hidroelektrikoa abian jarri dute berriro. Izaban badira 60 urte herriko zentral hidroelektrikorako kontzesioa eskuratu zutela. Aitor Perez Izabako zinegotziak esan duenez, Belaguatik eta Belabartzetik datorren ur-emariak sortzen duen argindarra sareari saltzen dio udal enpresak. Argindarraren enpresa merkaturatzailea ere sortu zuten 2018an. Energiaren prezioen gorakadak ezbaian utzi du bere jarduna, baina Goienerrekin ari dira lanean alternatibak bilatzeko. Izabak badu, gainera, ohikoa ez den ezaugarri bat: herriko sare elektrikoa udalarena da. Urdazubirekin batera, sarearen jabetza duen Nafarroako herri bakarra da.
Urarekin batera basoak izan dira Euskal Herrian beste energia iturri nagusia. Hergarai eskualdean (Behe Nafarroa) bada horren adibide bat. Bertako Herriko Etxea, biztanleek eta hainbat eragilek kooperatiba sortu zuten Iratiko egurraren ustiaketa jasangarria egiteko. Zirkuitu motzaren bidez (50 km baino distantzia handiagoan dagoenari ez diote saltzen) egurra etxeak berotzeko erabiltzen dute eta bi modutara ustiatzen da; zatika moztutako enborrak eta egur xehetua enpresetarako. Hergarai Bizi elkartea 2009an sortu zen eta ibarreko sei herrik hartzen dute parte: Ahatsa, Aintzila, Behorlegi, Duzunaritze, Lekunberri eta Mendibe. Lau helburu nagusi dituzte: lehenik, ibarrean lanpostuak sortzea. Bigarrenik, energia berriztagarrien inguruan lan egitea, bereziki oihanen kudeaketan. Hirugarrenik, oihanen ustiatzeko astirik ez duten laborariei diru sarrera bat ematea. Azkenik, lekuan lekukoa egitea. Txikitasunetik ari dira, energia burujabetzaren alde.