Espainiako Gobernuak garraio publikorako laguntzak eta zenbait salgaien BEZaren murrizketak mantenduko ditu. Erabakia gaur hartu du, eta argindarraren BEZa %5etik %10era igoko du "pixkanaka". Hartara, energia krisiari eta inflazioari aurre egiteko neurri gehienak luzatu baditu ere, hurrengo sei hilabeteetan desagertzen joango dira energiaren inguruko laguntzak. Horrekin batera, oinarrizko produktuen BEZa % 0koa izango da, eta pastarena eta olioarena % 5ekoa.
Gaur Ministro Kontseiluan onartuko dituen beste neurri batzuen artean aurkitzen da EAJrekin adostu berri duena: banku eta energia konpainien zerga berezia arintzea. Hain justu, erakunde hauen ezohiko irabazien gaineko zergak indarrean izango dira, baina “inbertsio estrategikoetarako” pizgarri batekin arinduko dira. Hala, bi zerga hauek itundu egingo dira, Kontzertu Ekonomikoan eta Nafarroako Hitzarmenean.
Horrez gain, Espainiako Gobernuak eta EAJk industria sektorean errelebo kontratua 2024ra arte luzatzea adostu dute. Neurri honek sektoreko lantaldeak gaztetzea ekarriko du.
Bart ere EH Bilduk akordioa iragarri zuen Espainiako Gobernuarekin. Pertsona zaurgarrien etxegabetzeen debekua luzatzea adostu baitzuten, gobernuak babes sozialerako hartutako neurrien baitan.