Escape rooma aerosorgailuei buruz ikasteko

SiG Coop kooperatiba nafarrak Talentuaren Garapenerako Ekimen Onena Sarirako finalista izatea lortu du ‘Salvar al Aero R1-AN’ proposamenari esker

Argazkia: Víctor Ruiz Argazkia: Víctor Ruiz

SiG Coop kooperatiba nafarraren ibilbidea 2015 urtean hasi zen. Energia berriztagarrien garapenean dago espezializatuta; zehatzago, eolikoan, eta aholkularitza eta simulazioak eskaintzen ditu sektore horri loturikoak. Haren Operazio zuzendaria eta sortzaileetako bat, Xabier Barón, 47 urteko iruindarra “pedagogiaren esparrutik" dator. Hori dela eta, “ingeniarien munduan dabilen letretako gizon" bezala aurkeztu du bere burua. SiG Coop proiektua sortzean, zera zuten buruan: “sektoreko beste enpresekiko rol ezberdina edukitzea eta ingurumenaren erronkei ideia berriak ekartzean”.

SiG Coopen sortzaileek hasieran parke eolikoentzat errotak egiten eta saltzen zituzten enpresetan egiten zuten lan, baina faltan sumatu zuten "bezeroa eta teknologia hori osatzeko beharra erdigunean jartzen duen salerosketa eredua". Hala, rola aldatu eta enpresei behar horretan laguntzen hasi ziren. Zerbitzu horretan negozio-nitxoa zegoela ikusita, enpresa bat sortzea erabaki zuten. Eginkizun horretaz Barónen kide Óscar Alonso arduratu zen. Urte oso batez ekimena “haztegian egon zen”.

Azkenik, 2016an, “beharrezko frogak egin ondoren eta proposamenak sektorean interes nahikoa erakartzen zuela egiaztatu ondoren”, SiG Coop martxan jarri zen bost langilerekin. Hasieran hornitzaileekin estutu zituzten harremanak; orain garatzaileekin, eraikitzaileekin, eraikuntza funtsekin eta beraiek bezain espezializatuak ez dauden ingeniaritza handiekin ere egiten dute lan. Kooperatiba bezala, ANELen —Nafarroako kooperatibak eta lan-sozietateak taldekatzen dituen enpresa-elkartearen— kide da. Aipatzekoa da, halaber, euren sorrera printzipioetako bat izan zen telelana, 2015ean oraindik oso hedatuta ez bazegoen ere.

Xabier Barón: “Europan enpresa honetarako merkatu gutxi dago, energia sarea oso egonkorra delako eta guk egiten ditugun simulazio baldintzak erabiltzen ez direlako”

Kooperatibak, beraz, aholkularitza eskaintzen du, sareko kodea betetzeari buruzkoa. "Puzzle baten antzeko zerbait diseinatzen dugu: zonalde jakin batean energia sortzen duten instalazioak nola funtzionatzen duten ikusi eta landu daiteke”, azaldu du operazio zuzendariak.

Zerbitzuak mundu osora eskaintzen dira

Bi egoitza nagusi ditu SiG Coopek. Nagusia Artika Berrian dago, Iruñerriko Berriobeiti udalerrian. Kokalekua “ongi zegoelako” aukeratu zuten.

“Europan enpresa honetarako merkatu gutxi dago, energia sarea oso egonkorra delako eta guk egiten ditugun simulazio baldintzak ez direlako hain beharrezkoak”, azaldu du Barónek. Aldiz, munduko beste toki batzuetan sarea ez da hain sendoa. Horren adibide bat da Australia. Horren ondorioz kooperatibaren beste egoitza herrialde horretan dago kokatua, Hegoaldeko Gales Berrian.

2
Escape rooma barrutik | Argazkia: Víctor Ruiz

Dena den, enpresak, telelanaren bidez eta eskaeraren arabera, "edozein lekutatik jasotako eskakizunari" entzun dakioke. AEBn (batez ere Texasen) egin ohi du, adibidez. “Han energia sarea oso konplikatua da eta, beraz, gure zerbitzuak preziatuagoak dira eta hobeto ordainduta daude”, argitu du operazio zuzendariak. Hala ere, modu horretan lan egiteak baditu bere erronkak: elkarrengandik fisikoki urrun egoteaz gain, ordu-eremu ezberdinak kontuan hartu behar dira. “Tresna digitalekin, kontaktua zaila da, baina ez gaindiezina”, baieztatu du Barónek.

Aerosorgailuak ulertzeko 'jolasean'

Energiaren sektoreko El Periódico de la Energía egunkariak La noche de la energía ekitaldia antolatu zuen ekainean. Testuinguru horretan Talentuaren Garapenerako Ekimen Onenaren Saria banatu zen, haren hiru finalistetako bat SiG Coopen proposamen bat izan zen: aerosorgailuei buruz errazago ikasteko escape rooma, Salvar al Aero R1-AN izenekoa.

Operazio zuzendariak proiektuaren funtsa deskribatu du: “Pedagogoak oso praktikoak gara; ez zaigu gustatzen soilik PowerPointeko ehun diapositibekin irakastea, hori ez da eta ikaslearentzako erronka”. Enpresak ikasgeletan formakuntza teorikoa eskaintzen du, haren jardueraren %15-20 suposatzen duena. Horri esker “bezeroak fidelizatu eta ahalduntzen da, sorgailu automatikoen sistemen eta azpisistemen arteko harremanak eta akatsak ekiditeko funtzionamendu okerraren arrazoi nagusiak ikasten dituztelako”.

SiG Coopek diseinatutako jardueran, “10 pertsonako talde batek erronkak gainditu behar ditu”. Hori beraientzat “dibertsio estimulatzailea da”. Gainera, bezeroen errealitatezko segurtasun protokoloak ikasten dituzte.

[Scape roomean] bi aerosorgailu automatiko daude, industria-pabilioi batean, errealitatean existitzen diren baldintza berdinekin. Alde bakarrak dira “dorreen altuera, 95 metrokoa izan ordez, 5 metrokoa dela; eta birak egiten dituen helizean palarik ez dagoela”

Hau da “sorgailu automatiko batean egiten den lehen escape rooma”. Ekintza Ventum Academy erakundearen instalazioetan egiten da, Nafarroan egoitza baitu, Noainen. Han bi aerosorgailu automatiko daude, industria-pabilioi batean, errealitatean existitzen diren baldintza berdinekin. Alde bakarrak dira “dorreen altuera, 95 metrokoa izan ordez, 5 metrokoa dela; eta birak egiten dituen helizean palarik ez dagoela”. Egituraren diseinua eta garapenak urtebete iraun du.

Ikasleek hiru eginkizun eduki ditzakete, eta bakoitzak besteek ez duten informazioa daki. Beraz, informazioa partekatu eta kooperatu behar dute. Ondorioz, gaitasun praktikoak (hala nola, talde-lana) teknikoak bezain garrantzitsuak dira.

"Energiaren sektorerako dago pentsatuta, baina beste sektore batzuetara moldatu daiteke”. Zentzu horretan, espero dute aurtengo urrian publiko orokorrarentzat bertsio bat prest edukitzea

Barónen ustez, “gizartearen eta industriaren zailtasun garrantzitsuenetariko bat egiazko profesionalak formatzea da, industrian berriki sartzen direnen artean askok ez dutelako teknologia esperimentatu eta bizi”. Escape rooma lau ordu dirauen jolas bat bezalakoa izateko dago pentsatuta; "horri esker parte-hartzaileei azkarra eta motza iruditzen zaie. Jolasean sentitzen diren emozioekin, zailagoa da ikasten dena ahaztea; aldiz, zerbait erabat arrazionalki ikasten bada, erregularki erabiltzean bakarrik gogorarazten da”.

Jardueraren funtzionamendua “oraindik oso teknikoa" dela dio Operazio zuzendariak. "Energiaren sektorerako dago pentsatuta, baina beste sektore batzuetara moldatu daiteke”. Zentzu horretan, espero dute aurtengo urrian publiko orokorrarentzat bertsio bat prest edukitzea

SiG Coopeko kideentzat saria “harro egoteko moduko arrakasta” da. Errekonozimenduak ikusgaitasuna ere eman diela dio fundatzaileak, eta hari esker errazago hurbildu ahal zaizkiekeela enpresa handiak, eta eurak, antzeko jarduerekin etekina atera.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK