
Desberdintasun ekonomikoen eta sozialen gizartean, pertsonek, herriek, lurraldeek zein herrialdeek pobrezia egoerak pairatzen dituzte. Oinarrizko beharrak asetzeko baliabiderik eza. Bizi-kalitate duina izateko zailtasunak. Gizarte bazterketa eta bereizketa. Giza garapenenerako oztopoak. Oinarrizko ondasunak eta zerbitzuak duintasunez eskuratzeko mugak. Ezintasuna.
Elikadura eta osasuna. Hezkuntza eta etxebizitza. Energia. Funtsezko beharrak bizitza duin bat izateko. Krisiek, azken urteotan, pobrezia mailak areagotu dituzte. Agerian gelditzen dira batzuk. Ezkutuan daude besteak. Horien artean daude energia beharrak —elektrizitate, ur edota gas-hornidura— asetzeko baliabide nahikorik ez dituzten pertsonak, familiak edota auzoak. Etxe barruan. Teilatupean. Isilpean. Ilunpetan. Hotzetan. Itzaletan.
Pobrezia energetikoa
Pobrezia energetikoaz ez da behar adina hitz egiten. Urruneko kontzeptua dirudi, baina gure herrietako etxeetako sabaien azpietan eta pareten artean egoera hori errealitate bat da. Gordina. Zaurgarritasun egoera hori pairatzeko arriskuan aurkitzen dira norbanako asko.
Azterlanak ez dira ugariak. Ikerketetako datuak, ordea, kezkagarriak dira. Europar Batasunean, 36 milioi biztanlek dituzte zailtasunak oinarrizko behar energetikoak asetzeko. Hego Euskal Herrian, hamar etxetik bi, gutxienez, dira zaurgarritasun egoera horretan daudenak.
Europar Batasunean, 36 milioi biztanlek dituzte zailtasunak oinarrizko behar energetikoak asetzeko. Hego Euskal Herrian, hamar etxetik bi, gutxienez, dira zaurgarritasun egoera horretan daudenak
Azken hamarkadetan, gainera, datuek gora egin dute. Hazkundea bistakoa da eta arrakala handiagoa. Haratago, gainera, emakumeak arrisku egoera handiagoa dute pobrezia energetikoa pairatzeko.
Diagnostiko-tresnak giltzarri
Egoera iraultzea garrantzitsua da. Gizarte bezala arazo handia da, eta administrazio publikoarentzat erronka itzela, aurre egin beharrekoa. Ezinbestekoa. Borroka egiteko, ordea, eremuen ezagutza nahitaezkoa da, pobrezia energetikoaren detekzioa metodologia berritzaileen bitartez. Aldagai guztiak kontuan hartuta.
EHUko Energia Ingeniaritza Sailak, Madrilgo Eduardo Torroja Eraikuntza Zientzien Institutuarekin eta Belgikako Monseko Unibertsitatearekin batera, ikerketa tresna baliotsua garatu du. Pobrezia energetikoaren banaketa geografikoa generoaren arabera identifikatu dute, datu publikoetatik abiatuta. Metodologiak eremu geografikoak detektatzeaz haratago, generoak eremu bakoitzean duen zaurgarritasun energetikoaren eraginari buruzko informazioa ematen du.
Metodologiak eremu geografikoak detektatzeaz haratago, generoak eremu bakoitzean duen zaurgarritasun energetikoaren eraginari buruzko informazioa ematen du
Genero ikuspegia ikerketetan txertatzearen beharretik sortu da guztia. Genero arrakala ezabatzen laguntzeko beren aletxoa ipini dute. Emaitza: arazoaren detekzioan eta erabakiak hartzen laguntzen duen tresna bisuala. “Uste dut ikertzaileok soluzioak eman behar ditugula alor teknikotik gizartean dauden aferei aurre egiteko”, nabarmendu du Nayely Capetillo ikertzaileak.
Eremu kalteberak hautematea du xede. Sarbide irekiko datu demografikoak, sozioekonomikoak, energetikoak eta genero ikuspegia ipini dituzte erdigunean. Datu guztiak bateratu dituzte. Generoaren eta energiaren ahultasun-adierazleak begiztatzea bermatzen du.
Metodologia edozein lekutan aurreikusten da aplikagarri. Sarbide irekiko datuak erabiltzeari esker da hori. Tresnak bisualki erakusten ditu emaitzak. Informazio-sistema geografikoak baliatzen ditu horretarako. Datuak mapetan irudikatzen ditu. Halaber, korrelazioak ere identifikatzeko gai da. Egoeraren argazki orokor zehatza lortzen da. Eragiteko informazio eta datuak.
Genero ikuspegia gizarteratu
Askotariko arrazoiak hauteman dituzte. Faktore ekonomikoak, sozialak eta biologikoak. Soldata-arrakala, enplegu prekarioak eta lanaldi partzialeko lanak. Zaintza ardurak. Muturreko tenperaturekiko eta aldaketekiko sentikortasun handiagoa. Gizarte bezala lan handia erronka horiei guziei aurre egiteko. “Tresna administrazioen eskura ipintzea da asmoa, esku-hartze hobeak egin daitezen. Datu espazialen azterketa egiten da gizartea ulertzeko”, zehaztu du Capetillok.
Pobreziak norbanako guztiei berdin eragiten ez diela onartu behar da. Gizarteratu. Errealitatearen berri eman. Genero ikuspegia alor guztietan txertatu. Berdintasunaren bidean eragin. Gizarte berdinzaleago baten alde borroka egin.
Nayeli Capetillo (Ikertzailea): “Tresna administrazioen eskura ipintzea da asmoa, esku-hartze hobeak egin daitezen. Datu espazialen azterketa egiten da gizartea ulertzeko”
Pobrezia energetikoari eta generoari buruzko begirada aktibo mantendu behar da. “Nik genero ikuspegia oso presente presente dut eta gustatuko litzaidake gizarteak ere hala izatea. Horretan jarraituko dut lanean etengabe”, adierazi du Capetillok.
Energiara sarbidea ekitatiboa izan dadin bermatu. Emakumeen ordezkaritza handiagoa bultzatu. Herri, hiri, gizarte eta energia plangintzetan emakumeen parte hartzea sustatu eta bermatu. Berdintasuna erdigunean duen gizarte bat eraiki. Politikek genero-ikuspegia kontutan hartzea giltzarri. Une oro. Beti.