Hidrogeno berdearen azpiegiturak digitalizatzeko batu dira Tecnalia eta Telefonica

Adimen artifiziala eta Big Dataren bidez energia berriztagarriaren instalazioetako kostuak eta prozesuak hobetu nahi dituzte

Argazkia: VK Comunicacion Argazkia: VK Comunicacion

Hidrogeno berdea sortzeko ekoizpen azpiegituren diseinua eta mantenua hobetzeko asmoz batu dira Telefonica eta Tecnalia ikerketa zentroa. Bi konpainiek jakinarazi dutenez, azken teknologietan oinarritutako proiektu batean ari dira lanean hidrogeno berdea garatzeko instalazioetan kostuak eta prozesuak merkatzeko.

Lankidetza honek atmosferara isurtzen diren CO2 murrizten lagunduko duela azaldu dute. Tecnaliak prozesu eta teknologia bereizgarriak sortu, garatu eta industrian ezartzeko duen ezagutza ezarriko du, Telefonicak, aldiz, digitalizazioa gaitzeko teknologietan –hala nola konektagarritasunean eta Big Datan– dituen gaitasunak txertatuko ditu.

Telefonicak eta Tecnaliak lantalde bateratuak eratuko dituzte hidrogeno instalazioen baldintzak aztertzeko. “Eredu matematiko eta prototipo berrietan oinarrituriko soluzioak” sortuko dituzte, eta enpresei hidrogeno jasangarria sortzeko prozesuak ezartzeko Big Data eta adimen artifizialeko soluzioak eskainiko dituzte.

Agustín Sáenz Tecnaliako Estrategia, Merkatu eta Teknologiako zuzendariaren hitzetan, “gure egitekoa da enpresa-ehunari balio erantsi handiko soluzio teknologikoen bidez lehiakortasuna eta jasangarritasuna optimizatzen laguntzea, eta lankidetza hau aukera bat da gure inguruneak hidrogenoaren arloan dituen gaitasun teknologiko eta industrialak indartzeko eta balio-kate bat sortzeko, hidrogenoa etorkizuneko energia nagusietako bat izango baita”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK