Abenduan urtebete egingo du Goierriko (Gipuzkoako) Energia Bulegoak. Eskualdeko 18 udalek, Goieki Goierriko garapen agentziak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun departamentuak elkarlanean bultzaturikoa, denbora hori baliatu dute bulegotik herritarren harrera ikusteko eta identifikatzeko ea zerbitzua benetan beharrezkoa zen. "Oso gustura gaude lorturiko erantzunarekin. Ikusi dugu herritar asko etorri direla, eta gustura gelditu direla emandako zerbitzuarekin", kontatu du Sara Irastorza bulegoko teknikariak. Zerbitzua erabili osteko asebetetze inkestak eman dizkie pistak. 84 erantzun jaso dituzte, eta erabiltzaileek 9,6ko nota jarri diete emandako azalpenei, bulegoaren kokapenari eta abarri. "Gainera, iruzkinetan nabarmendu ohi dute zerbitzu garrantzitsua dela gaia ulertzeko, eta aholku batzuk jaso ahal izateko".
Izan ere, energia bulegoa sortu da energiari loturiko goierritarren kontsultak argitu, aztertu eta optimizatzeko, izapidetzeetan laguntzeko eta energia aurrezteko aholkularitza eskaintzeko. Momentuz, bulegora joandako gehienek jakin nahi dutena izan da ea argindar edo gas faktura ondo duten, "esaterako, iritsi zaielako espero ez zuten faktura bat eta jakin nahi dutelako ea zuzena den edo beharko zuketena baino gehiago ari diren ordaintzen", adierazi du bulegoko teknikariak. Bestela esanda, "ulertu nahi dute zer duten kontratatuta eta ea hobetzeko aukerarik izan daitekeen, baita faktura bera hartzean zer etortzen den eta zeri erreparatu behar diogun ere", gaineratu du.
Sara Irastorza: "Ulertu nahi dute zer duten kontratatuta eta ea hobetzeko aukerarik izan daitekeen, baita faktura bera hartzean zer etortzen den eta zeri erreparatu behar diogun ere"
Kasu guztietan aholkuak ez dira berdinak izaten. "Kontuan izan behar da pertsona bakoitzak faktura mota bat kontratatzen duela, eta beraz, oso zaila da bi erabiltzailek faktura bera izatea. Indibidualki aztertzea ezinbestekoa da", dio Irastorzak. Hedabideetan ateratzen diren berriez harago joateko garrantzia nabarmentzen saiatzen dira. "Kontsultan azaltzen diegu garrantzitsuena dela jakitea norberak zer duen kontratatua". Beraz, bakoitzak duen faktura bera ulertzea da lehen pausoa. "Eta horren ondoren, kontsumo propioa era batera edo bestera moldatzea. Hortik abiatuta, aholku pertsonalizatuak eskaintzen dizkiegu", azpimarratu du.
Gasa neguan, bonu soziala udan
Argindar fakturari loturiko kontsultak urte guztian zehar jaso dituzte, erabilera finkoko zerbait izanik. "Baina adibidez, gasaren fakturak eta abar orain etortzen dira gehiago, kalefakzioa pizten hasten garenean. Eta gero, ikusi dugu bonu sozialari loturiko galderak udaberri eta uda partean etorri direla gehiago", nabarmendu du.
Bonu sozialak argindar eta gas fakturei loturiko deskontuak dira, familia zaurgarrienentzako sortuak, pobrezia energetikoari aurre egiteko asmoz. Kontsulten urtarotasunaren atzean izan daitezkeen arrazoiez galdetuta, zera erantzun du Irastorzak: "bonu sozialaren gaia lantzeko gizarte langileekin eta udaletako gizarte zerbitzuekin harremanetan jarri ginen azaltzeko bulegoak gai horretan lagundu dezakeela. Orduan, gizarte langileek bideratutako kontsulta asko jaso ditugu, agian haiek ere ikusi dutelako une aproposa zela kontsulta horiek bideratzeko".
Eskaerak artatzeaz gain, faktura ulertzeko tailerrak ere antolatu ditu bulegoak, sentsibilizazioa lantzeko asmoz, baita autokontsumoaren inguruko tailerrak ere
Halako eskaerak artatzeaz gain, faktura ulertzeko tailerrak ere antolatu ditu bulegoak, sentsibilizazioa lantzeko asmoz, baita autokontsumoaren inguruko tailerrak ere. Izan ere, Energia Bulegoak egiten duen lana Goiekiren beste lan-lerro batzuekin uztartzea ezinbestekotzat jo dute: "eskualde mailan ikusten ari gara goierritarrak mugitzen ari direla energia berriztagarrien esparruan. Hala, bulegotik herritarrei informazioa emateaz gain, Goiekitik lanketa zehatzak egiten dira komunitate energetikoak sustatzeko", esan du Energia Bulegokoak.
Sendotzen jarraitu
Indartzeko bidean jarraitzen du, beraz, egitasmoak. "Ikusten ari gara geroz eta erabiltzaile gehiago datozela zerbitzuaz baliatzera. Zenbait kasutan, behin zerbitzua ezagututa, behin baino gehiagotan etorri dira. Horrek erakusten du badela erreferentziazko puntua halako zalantzak galdetzeko", plazaratu du, pozik, teknikariak. Helburu horri eutsi nahi diote datorren urtean ere, alegia, "sendotzen jarraitzea, eta hurrengo urteetan, geroz eta herritar gehiagorengana iristea".
Sara Irastorza: "Zenbait kasutan, behin zerbitzua ezagututa, behin baino gehiagotan etorri dira. Horrek erakusten du badela erreferentziazko puntua halako zalantzak galdetzeko"
Eskualde mailako zerbitzua izanik, bulego mugikorra duela esan liteke. Astelehenetan, 10:00etatik 14:00etara, Lazkaoko udalean dago; asteazkenean, 10:00etatik 14:00etara, Beasaingo Martina Maiz kalearen 3. zenbakian; eta ostiraletan, 9:00etatik 13:00etara Ordiziako udaleko arreta bulegoan. Arratsaldez ere bada zerbitzua erabiltzeko aukera, kasu horretan, Goiekiko bulegoan, Ordiziako Arranomendia 5en, NBF eraikinean, 15:00etatik 17:30etara bitarte, astelehenetik ostegunera. Goierriko gainontzeko herrietan ere zerbitzua aurrez aurre jaso dezakete herritarrek. Kasu guzti-guztietan aldez aurretik hitzordua eskatzea gomendatzen da, bulegora joanda, emailez edo telefonoz eska daitekeena.