Iberdrolak itsas parke eoliko berri bat egin du Frantzian

Hiru urte iraun du eraikitze prozesuak, eta 2.400 milioi euro inbertitu dira

Ignacio Galán Iberdrolako presidentea Saint Brieucen | Argazkia: Iberdrola Ignacio Galán Iberdrolako presidentea Saint Brieucen | Argazkia: Iberdrola

Iberdrolak itsas parke eoliko berri bat estreinatu du Bretañako Saint-Brieuc hirian (Frantzia). 496 megawatteko potentzia izango du parkeak, eta urtean 2 milioi MW orduko ekoitziko ditu. Frantzia osoko bigarren itsas parke eolikoa izango da, eta milioi bat pertsona inguru hornituko ditu energia seguru, emisiorik gabeko eta autoktonoarekin.

Itsas parke eoliko hau egiteko ideia 2012an sortu bazen ere, duela hiru urte besterik ez ziren hasi eraikitze prozesuarekin. 2.400 milioi euro inbertitu dira proiektuan, eta 1.700 lanpostu inguru sortu ditu. Parkea 62 turbinez dago osatuta, eta guztira, 150 enpresa baino gehiagok hartu dute parte parkearen eraikuntzan, hala nola: Siemens Gamesak, Haizea Windek, Prysmianek edo Van Oordek.

Enpresakoek adierazi dute Saint-Brieuceko itsas parke eoliko berria Frantziako itsas industria eolikoarentzat bultzada handia dela. Izan ere, parkea eraikitzeko Siemens Gamesaren aerosorgailu fabrika berri bat jarri da martxan, baita Navantia-Windarren zimenduentzako lantegi bat ere.

Egun, Iberdrolak lau itsas parke eoliko ditu: bat Alemanian, bi Erresuma Batuan, eta azkena, Frantzian. Gainera, 2026. urterako beste lau eraikiko ditu. Martxan dauden eta eraikitzen ari diren parke guztiak kontuan hartuta, inbertsioa jada 15.000 milioi euro baino handiagoa da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK