Iberdrolak 41.000 milioi euro inbertituko ditu 2026ra bitartean, inoizko inbertsiorik handiena

"80.000 milioi euro inguruko kapitalizazioa duen Europako lehen konpainia elektriko gisa" aurkeztu da gaur energia konpainia

Sanchez Galan presidentea, gaur goizean, Bilbon | Argazkia: Iberdrola Sanchez Galan presidentea, gaur goizean, Bilbon | Argazkia: Iberdrola

Iberdrolak Akziodunen Batzar Nagusia egin du gaur bere egoitza nagusian, Bilboko dorrean. José Ignacio Sanchez Galan taldeko presidenteak akziodunen ia erabateko babesa jaso du konpainiaren kudeaketan. %75etik gorako asistentzia izan du gaurko bilkurak, eta gai-zerrendan jasotako proposamen guztiak onartu dituzte akziodunek, %98,2ko aldeko botoekin batez beste.

2023an sare elektrikoetan, berriztagarrietan eta biltegiratze-azpiegituretan inbertitutako 11.400 milioi euroei esker, "Iberdrolak are gehiago sustatu ditu autonomia energetikoa, ingurumenaren babesa, lehiakortasuna eta enplegua mundu osoan", konpainiatik azpimarratu dutenez. Ahalegin horri esker, 150.000 milioi euro gainditu ditu aktiboetan, eta 4.803 milioi euro irabazi ditu.

Galanek taldearen momentu ona azpimarratu nahi izan du: "Inbertsio itzelak, dibertsifikazio geografikoa, gure finantza-sendotasuna eta giza talderik onena dira emaitzak eta dibidenduak hazteko dugun bidearekin jarraitzeko oinarriak ".

Iberdrolak 150.000 milioi euro gainditu ditu aktiboetan, eta 4.803 milioi euro irabazi ditu 2023an

Emaitza horiekin,  akziodunen artean 3.500 milioi euro baino gehiago banatzea onartu du Akziodunen Batzar Nagusiak, Administrazio Kontseiluak proposatuta. Bestela esanda, 2023ko emaitzen kargurako ordainsaria %10,8 handitzea 2022koaren aldean, akzioko 0,55 euro arte.

Konpainiaren etengabeko hazkundeari esker, 2001etik bere dibidenduak berrinbertitu dituen inbertitzaileak bere errentagarritasuna hamar aldiz biderkatzea lortu du. Horrela, "80.000 milioi euro inguruko kapitalizazioa duen Europako lehen konpainia elektriko gisa" aurkeztu da gaur Iberdrola.

Etorkizunerako aurreikuspenak

Agerraldian presidenteak konpainiaren 2024-26 plan estrategikoaren esparru nagusiak nabarmendu ditu, eta inbertsio "errekorra" egingo dutela aurreratu du: "41.000 milioi inbertituko ditugu 2026ra arte, aurreko hirurtekoan 32.000 milioi izan ziren bitartean". 

Era berean, aurreikuspen positibo horiekin batera konpromiso sozialari bultzada berri bat emango zaiola azaldu du, konpainiarentzat balioa sortzen jarraituko duela ziurtatuz: "Hiru urte hauetan mundu osoan 10.000 profesional berri konpainiara sartzeko konpromisoa dugu, 90 herrialdetako lantaldea, aniztasuna handituz eta emakume profilak are gehiago sustatuz, 2024an %40 hazi baita".

"Hiru urte hauetan mundu osoan 10.000 profesional berri konpainiara sartzeko konpromisoa dugu"

Energia erakundeko lehendakariak ere erosketak iragarri ditu. Zehazki, 40.000 milioi euro inguruko ondasunak eta zerbitzuak erosi nahi dizkie milioi erdi pertsona baino gehiagori enplegua ematen dieten hornitzaileei. Gainera, konpainiak 25.000 milioi euro inguruko ekarpena egingo du 2026ra arte diru-kutxa publikoetan.

Azkenik, 2026an EBITDA 16.500-17.000 milioi euro bitartekoa lortzea aurreikusten duela nabarmendu du, eta irabazi garbiak 5.600 eta 5.800 milioi euro artekoak izango direla adierazi du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK