Europako Inbertsio Bankuak 700 milioi euroko mailegu berdea onartu du Iberdrolak Espainian duen sare elektrikoa hedatzeko. Maileguaren lehen zatia, 500 milioi eurokoa, Jean-Christophe Laloux EIBko Eragiketen zuzendari nagusiak eta Jose Sainz Armada Iberdrolako Finantza, Kontrol eta Garapen Korporatiboko zuzendariak sinatu dute Madrilen.
Denera, inbertsioa 1.440 milioi eurokoa izango da, eta gainontzeko 740 milioi euroak Iberdrolak jarriko ditu. Proiektuak sare elektrikoaren eraginkortasuna eta erresilientzia areagotzen lagunduko duela eta konexioa erraztuko duela adierazi du energia konpainiak. Horrez gain, Iberdrolak azaldu duenez, elektrifikazio-erabilera berriak erraztuko ditu, besteak beste, bero-ponpa edo mugikortasun elektrikoa, eta sarera energia berriztagarrien iturri gehiago integratzea. Akordio honi esker, trantsizio energetikoa azkartuko dela eta Espainiako sektore elektrikoaren deskarbonizazioan aurrera egingo dela adierazi dute.
Halaber, proiektuak, industrializazioa, ekonomiaren eta enpleguaren hazkundea bultzatuko ditu Espainian, urtean 10.000 lanpostu inguru mantentzea ahalbidetuko baitu 12 autonomia-erkidegotan.
Energia konpainiak proiektu honek REPowerEU planaren helburua lortzen laguntzen duela jakinarazi du. Halaber, segurtasun energetikoa handitzea eta Europako Batasunak (EB) erregai fosilen inportazioekiko duen mendekotasuna murrizteko balioko duela argitu dute.
Bi erakundeek azpimarratu dutenez, finantzaketa-akordioak "agerian uzten du EIBk ekonomia-, gizarte- eta lurralde-kohesioarekin duen konpromisoa, inbertsio osoaren % 65 baino gehiago EBko batez bestekoaren azpitik dauden per capita errentak dituzten eskualdeetara bideratuko baita".
RePowerEU programa
Onartutako 700 milioi euroko mailegua REPowerEU plana babesteko EIBren ekintza-programaren parte da, eta "energia-segurtasuna" babestuko duela argitu dute.
EIBko eragiketen zuzendari nagusiak azpimarratu duenez, "energia berriztagarriko iturri berrien integrazioa errazteko sare elektrikoen modernizazioa babestea da EIBren lehentasunetako bat". Bestalde, Armadak azpimarratu duenez, "mailegu honi esker, konpainiak industriaren deskarbonizazioa bizkortu ahal izango du, Espainiako enpresentzat funtsezkoa den prozesua".
Sare elektriko garrantzitsua
Iberdrolak munduko sare elektriko sistema garrantzitsuenetako bat du, eta dagoeneko 1,3 milioi kilometro baino gehiagoko linea elektrikoak eta 4.500 azpiestazio baino gehiago ditu Espainian, Ameriketako Estatu Batuetan, Erresuma Batuan eta Brasilen.