Industriaren "bisio partekatua" eraikitzeko eztabaida bultzatu du Energia Berriztagarrien Kongresuak

Energia eolikoaren plana izan da kongresuko protagonista nagusienetakoa

Chivite, gaur goizeko aurkezpenean | Argazkia: EnpresaBIDEA Chivite, gaur goizeko aurkezpenean | Argazkia: EnpresaBIDEA

Energia eolikoaren Europako ekintza-plana onartu berritan iritsi da Energia Berriztagarrien Nazioarteko III. Kongresua Iruñeara. Baluartera bertaratutakoen espektatibak betetzeaz harago, "bisio partekatu batekin industria bezala aurrera nola egin dezakegun" aztertzea desiatu du Ana Goyen Enercluster Nafarroako Energia Clusterreko presidenteak, "gizarteari ekarpen hobea egiteko". Hain zuzen ere horretarako, "ezagutza eta debatea" izan ditu hizpide kongresuak.

Kongresua, Enerclusterrek antolatutakoa, Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeako Udalaren laguntza ere izan du, eta aurkezpenean parte hartu dute Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak eta Cristina Ibarrola Iruñeko alkateak. Biek ala biek nabarmendu dute Nafarroa "lurralde aitzindari eta erreferentea" dela energia berriztagarriak sustatzean, foru erkidegoaren BPGaren %5 suposatzen baitute. Horretarako, "lankidetza publiko-pribatuaren garrantzia" nabarmendu du Ibarrolak, eta "teknologia, gaitzean eta industrian" jarri du fokua Chivitek.

Sara Aagasen Espainiako gobernuaren Energiarako estatuko idazkariak ere bat egin du Ibarrola eta Chiviteren adierazpenekin. Era berean, "autonomia estrategiko irekiaren" garrantzia azpimarratu du, baita Europan onartutako ekintza-planaren zenbait informazio aletu ere: finntzazioa, berme jaitsierarekin; berrikuntza funtsa; eta batez ere energia enkanteen diseinuaren hobekuntza. Iaz Espainia guztian kontsumitutako energiaren %52 jatorri berriztagarria zuen.

Aurkezpena eginda, zazpi herrialdetako 40 hizlarik baino gehiagok hartu dute eta hartuko dute hitza egunean zehar, energia eolikoaz ez ezik, eguzki-energiaz, biltegiratzeaz, hidrogenoaz, ekonomia zirkularraz, edo komunikazioaz ere hitz egiteko. Besteak beste, trantsizioa eta hornidura katearen errentagarritasuna ere izan dute hizpide mahai-inguruetako baten Víctor M. Equisoain Nordex-Acciona Windpowerreko nazioarteko dibisioko zuzendari nagusiak eta Adolfo Rebollo Ingeteameko zuzendari nagusiak, Juan Diego Díaz AEE enpresa eolikoen elkarteko presidenteak moderatuta. Bai Equisoainek, bai Rebollok adierazi dut sortutako balioari garrantzia ematea ezinbestekoa dela, eta ez hainbeste prezioari, prezioetan lehiatuz gero, Txinarekin partekatu beharko baita lehia. Horrek, gainera, beste arrisku bat duela uste dute: hornidura katea deslokalizatuta, soilik herrialde baten menpeko izango dela hura, baita kontrola ere. Horrekin batera, tokian-tokian estrategiak garatuta gizartean balioa erantsiko edo bermatuko duten aldagaiak zaindu daitezke, hala nola soldatak edo berdintasuna.

Bestalde, biek ala biek Europak onartutako ekintza-planak "hotz" utzi dituela nabarmendu dute. "Enkanteetan zentratu da oso, baina beharrezkoa da lurreratzea, eta neurriak zehaztea, denbora-helmuga argi batekin", plazaratu dute. Besteak beste, plan hori herrialde bakoitzak nola legeztatzen duen ikusi beharko da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK