Iñigo Ansola: "Berriztagarriak ezartzea baino garrantzitsuago da eraginkortasun energetikoa"

Egun EAEko mix energetikoaren %16 dira berriztagarriak, %10 inportatzen ez dena kontuan hartzen bada, eta 2030erako %21eko zifra lortzea aurreikusi da. Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari orokorra "baikor" da

Iñigo Ansola | Argazkia: EEE Iñigo Ansola | Argazkia: EEE

2020ko datuen arabera 25.928 langile zituen energia berriztagarrien sektoreak EAEn, eta are enplegu gehiago sortzea espero da datozen urteetan. 100 milioitik gora fakturatzen duten 17 enpresa daude, eta 2023an badirudi bultzada berezia eman ahal dakiekeela parke eoliko eta fotovoltaikoei. Erronkak eta aukerak sortzen ditu horrek, Iñigo Ansola Kareaga Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendari orokorraren hitzetan. Tendentzia hori izanik ere, energia berriztagarrien euskal mix energetikoan ez dira bi nagusiak.

Zein da gure erkidegoko energia iturri berriztagarri nagusia?

Berriztagarriez hizketan, burura etortzen zaigun lehenengoa dira beti eguzki-plakak edo haize-errotak. Aldiz, biomasa da gure erkidegoan gehien ezarrita dagoen berriztagarria, baita zaharrena ere. Gainera, potentzial handia du, baso asko dugulako. Biomasa asko sortzen —eraldatzen— da urtero, eta biomasa horrek urtero gaitasuna du energia biotermikoa sortzeko. Edo, batek daki, energia elektrikoa sortzeko.

Zein potentzial du biomasak mix energetikoaren barruan?

Gure berriztagarrien mix energetikoaren % 62 da. Urtero-urtero 3 milioi tona berri sortzen dira, eta hortik erabiltzen dena % 50 baino gutxiago da. Potentzial ikaragarria dago, bai elektrizitaterako, bai termikorako. Azken horretan, esaterako, etxebizitzak berotzeko, airean dagoen energia aprobetxatuz —aerotermia— edo lurrekoa —geotermia—, ponpa eredu baten bitartez.

"Gure berriztagarrien mix energetikoaren % 62 da [biomasa]. Urtero-urtero 3 milioi tona berri sortzen dira, eta hortik erabiltzen dena % 50 baino gutxiago da"

Horrek eskatzen du eragitea dagoeneko eraikita dauden etxeetan ere.

Eraikin berrietan beti da errazagoa, diseinatu dezakezulako dituzun premiak kontuan izanda. Besteak beste, Donostian, Txomiñenean, eraikin batzuetan biomasa erabiltzen da etxea berotzeko, eta Txabarrin, Sestaon, ere badago beste adibide bat, baita Gasteizen ere, Koroatze auzoan.

Eraikin zaharretan, aldiz, aztertu behar da. Erkidegoan ditugun etxebizitza gehienak pisuak dira. Pisuetan halako teknologiak sartzea ez da oso erraza. Ezta eraikinetan ere. Biomasak logistika behar du, pelleta edo ezpalak nonbaitetik etorri beharko baitira. Baina argi dago geroz eta tendentzia handiagoa dagoela halako teknologiak jartzeko.

Une honetan, EAEko mix energetikoan, energia berriztagarriak zenbat dira?

Inportatzen dugun energia berriztagarriarekin, %16. Hori kenduta %10.

Zuen helburua da 2030erako mixaren %21 izatea. Bide onetik goaz?

Bide onetik goaz, zalantza gabe. Nik etxe honetan sei urte daramatzat honezkero, eta ez du zerikusirik orain instalatzen ari diren proiektu energetiko guztiak orain sei urte jartzen ari zirenekin. Beste kontu bat da zerk bultzatu duen hori. Baina momentu honetan uste dut, esan bezala, bide oso onetik goazela, kontuan edukita aerosorgailuen proiektuak, eguzki parkeak —parke handiez ari naiz, MW asko sortuko dituztenez—, komunitate energetikoak eta autokontsumoan ezartzen ari diren energia berriztagarri guztiak. Ezin dut esan aerosorgailuetan aurreikusita ditugun MW guztiak gauzatuko diren edo ez, baina eguzki plaketan, bai.

"Momentu honetan uste dut bide oso onetik goazela, kontuan edukita aerosorgailuen proiektuak, eguzki parkeak, komunitate energetikoak eta autokontsumoan ezartzen ari diren energia berriztagarri guztiak"

Aerosorgailuenean ingurumen betebeharrak daude tartean.

Gure lurra malkartsua da, eta dentsitate ikaragarriarekin, pertsona aldetik, eraikin aldetik, bide eta errepide aldetik... Hori da gure berezitasuna. Era honetako proiektuek, haize-errotek, mendira jo behar dute, haizeak bertan jotzen duelako. Guk ez dugu haranik parke eolikoak jartzeko, eta eguzki parkeek lur asko behar dute. Lur asko dagoen parkeetan, aldiz, nekazaritzako ustiapenak daude. Horiek biak ustiatzea ez da batere erraza, beraz. Beraz hor ditugu ingurumen baldintzak, zaindu egin behar direnak, eta bestetik lurralde antolamendu baldintzak. Eta zalantza gabe, mugak ditu halako proiektuekin bateragarriak izateko.

Nahikoak dira helburuak?

Unibertsitateko doktore batek esan zidan “helburu ahulak" jartzen genituela. Ahulak dira, ikuspegiaren arabera. Kontuan hartzen baduzu guk zenbat energia kontsumitzen dugun, agian helburu horiek ez dira batere ahulak. Ez da berdina Extremadura edo Erkidegoa. Ez da berdina ehunka edo milaka hektarea izatea eta giza-jarduera gutxi. Han apenas duzu kontsumorik, eta hemen kontsumo itzela duzu. Hango puntu portzentual batek berriztagarrien alde egitea askoz errazagoa da hemen egitea baino; hemen puntu portzentual hori lortzeko berriztagarrien alde askoz plaka edo haize-errota gehiago jarri beharko dituzu, energia kontsumo askoz gehiago dugulako.

Gure industriak intentsiboak direlako?

Bai, gu energia intentsiboak gara. Ni fundidore familia batetik nator, eta gure fundizioa gainera aluminiozkoa zen. Guk aluminioa 690 gradutan injektatzen genuen. Baina galtzairugintzara bazoaz, 1.200en bueltan gabiltza. Pentsatu zer zelako kopurua den. Edo beiragintza. Aukera izan nuen hemendik gertu dagoen fabrika bat ikusteko, eta hari jaten ematea ez da edozer.

Eta ondoren datu esanguratsua emango dizuet: gure kontsumoko mix horretan industriak du % 36ko parte hartzea; baina garraioa da gehien kontsumitzen duen sektorea, % 42. Eta gure garraio sistemak dependentzia erabatekoa du.

"Gure kontsumoko mix horretan industriak du % 36ko parte hartzea; baina garraioa da gehien kontsumitzen duen sektorea, % 42"

Garraioa elektrifikatzea, gainera, zaila da.

Eta egun ere ez da erraza kontu horiei buruz hitz egitea. Baina zuk apustua egiten baduzu gasolioa gas naturalagatik aldatzeko, hor ere deskarbonizaziorako urrats garrantzitsua ematen ari zara, nahiz eta erregai fosil batekin jarraitu. Kontua da gasa orain asko garestitu dela. Eta ez du edonolako gasak balio. Orain lantzen ari dira zenbait proiektu. Repsolek adibidez GLPren aldeko apustu garrantzitsua egin zuen., eta GNCren aldekoa ere egin zen. Izan ere, kamioi elektrikoak badaude, baina alternatiba batzuk behar dira.

Eta ibilgailu elektrikoen gainean hitz egiten denean, garrantzitsua da zelan sortu den. Ikatza erabili baduzu, kontsumoan ez duzu isurketarik, baina horrez gain ibilgailuak dakartzan osagaiak nondik datoz, non sortu dira, zelan garraiatu dira, zenbat dago garraio sisteman elektrifikatzeko... Hor kezka garrantzitsuak sortzen dira. Horrek ez du esan nahi elektrifikatzeko joera ekidin behar denik. Saiatu behar gara ahalik eta gutxien kutsatzen duten ibilgailu gehien jartzen.

Energia berriztagarrien lurralde plan sektorialarekin ari zarete lanean. Zer moduz doa?

Hori Eusko Jaurlaritzako Sustapen Ekonomikoko departamentutik bultzatzen den tresna da. Berez lurralde antolamenduko tresna da, non agertuko diren gune egokienak modu honetako proiektuak ezartzeko betiere ingurumen eta lurralde antolamendu ikuspegi batetik. Hala ere, toki bat bertan jasotzeak ez du esan nahi derrigorrez ezer egingo denik, agian ez duelako konexiorako bide nahikoa. Zer moduz doan? Ahal den bizkorren eman nahi dio Jaurlaritzak lehen onarpena. Hala ere lurralde antolamenduko edozein plan burutzeak epe luzeak behar ditu, prozedura administratiboagatik. Gainera parte hartze prozesuak egin dira eta egingo dira. Bide luzea da. Dokumentu bizi bat da, hobetzen joango dena azkeneko onarpenera arte.

Energia eolikoa aipatu dugu. 2023 hasieran badirudi proiektu askoren tramitazioa hasi dela. Kasualitate kontua izan da?

Hauxe da guk egin dugun hausnarketa. Lehen EAEn, Bilboko Portuan dagoen Accionaren parkea izan ezik, Eolicas Euskadik egin zituen gainontzeko parkeak —Elgea-Urkilla, Oiz eta Badaia—. Entitate horretan orduko Iberduero zegoen, %50ekin, eta Energiaren Euskal Erakundea beste %50ekin. Egia da garai hartan heldu gabeko merkatua eta teknologia zela. Orduantxe hasi zen gorantz egiten, eta parke horiek jarri ziren abian. EEEren ibilbidean —dagoeneko 40 urte pasa dira—, beti izan da bere senean teknologiak garatu eta industriari laguntzea eurak posizionatuta gera daitezen. Egun 15.000 enplegu daude sektore eolikoan.

Hori ikusita, Eolicas Euskadik bere misioa betea zuela, industria pribatuari bere ibilbidea jarraitzen utzi zitzaion. Baina portukoa izan ezik, ez dira gehiago eraiki azkeneko hamabost bat urteetan EAEn. Eta aldi berean, mix energetikoan oso sorrera gutxi da.

"Mix energetiko geroz eta garbiagoa behar dugu, eta proiektu handiak falta zaizkigu, proiektu handiek eraldatuko digutelako mix hori"

Hortik Aixeindarren aldeko apustua, eta hark egindako Labraza, Azazeta eta Laminoriako parkeena?

Autokontsumoa bultzatu dugu, batez ere Next Generation funtsekin eta energiaren prezioen gorakadarekin, baina urte asko behar dituzu horretarako. Baina lehen esan bezala hori ez da nahikoa gure mix energetikoa benetan aldatu nahi badugu. Mix energetiko geroz eta garbiagoa behar dugu, eta proiektu handiak falta zaizkigu, proiektu handiek eraldatuko digutelako mix hori. Horrela sortu genuen Aixeindar, Iberdrolarekin —haiek %60, EEEk % 40—.

Araban hasi ginen pentsatuta orain dela 20 urte izan zen eztabaida soziala leunagoa izango zela, denok dakigulako aldaketa klimatikoaren aurrean zer edo zer egin behar dugula deskarbonizaziorako. Hala joan ginen Arabara, eta ikusi genuen, haize ikuspuntutik, toki aproposenak zirela Montes Iturrieta, Arkamo, Labraza eta Azazeta. Baina lehenengo biek sekulako babesgune naturala dute, eta atzera egin behar izan genuen. Besteekin ikusiko dugu zer gertatzen den. Indargunea da Azazeta eta Laminoriako proiektuek argindarra eratzeko linea bakarra izatea da.

Beraz, eztanda erreala da.

Bai, baina ez bakarrik hemen, baizik eta Europa guztian. Gurean, garrantzia handia izan duen beste proiektua nire ustez da Ekian parke fotovoltaikoa. Inork ez zuen begiratzen EAEra, ez haize-errotentzat, ez eguzki plakentzat. Ekian abian jarri genuen, 24MWko proiektu bat, eta gainera modu kooperatiboan nolabait esateko, 25 enpresek hartu baitzuten parte hori egiterakoan. Eta bat-batean enpresa desberdinak sortu dira EAEn inbertitu nahi dutenak eguzki plaken proiektuekin. Eta beste alde batetik, EEE berriro parke eolikoak jarri nahirik. Kasualitatea izango zen, baina nik esango nuke balio izan duela guk pauso hori ematea enpresa pribatuak ere hona begira jartzeko inbertitu nahirik. Ondo etorriak izan daitezela betiere araudia betez gero.

Piaspen eta Las Llanesen kasuetan ikusten ari gara eoliko enpresa bat biltzen ari dela herritarrekin prozesu parte-hartzaileak egiteko. Aurreikusi duzue halakorik?

Bai, zalantza gabe. Ekianekin hasi ginen. Bertan enpresak sartu ziren parte hartzen. Eta ikusi genuen hurrengo urratsa zela herritarrengana nola iritsi behar genuen. Hortik sortu zen Ekiola eredua.

Orain gure erronka da, eta zuk aipatu duzun proiektuak ere badauka erronka hori, zelan egin genezake herritarrak proiektu honen parte izan daitezen. Eta ez naiz ari batzar informatiboez, hori Labrazan ere egin baita. Etorkizunera begira, ikusteko dago zelan integratu proiektu horiek ekosisteman, eta zelan egin genezake herritarrak hor sortzen den argindarraren onuradun izateko, eta proiektu horren jabe ere egiteko. Erronka handia da, proiektu handiak direlako. Horretan dihardugu, horri forma eman nahirik.

"Ikusteko dago zelan integratu proiektu horiek ekosisteman, eta zelan egin genezake herritarrak hor sortzen den argindarraren onuradun izateko, eta proiektu horren jabe ere egiteko"

Kontrako iritziak sortu ohi dituzte.

Lur horren jabe geu garenez, herritar modura, gure paisaiaren parte da. Askok mendiarekin halako konexioa dugu, eta inpaktua da halako bat jartzea. Nik neuk ikusi nuen Oizen. Baina denborak erakutsi digu bateragarriak direla haize-erroten sektorearekin. Egun dauden aerosorgailuak askoz handiagoak dira, hori bai, Oizen daudenak baino. Azken honek 800 kilowatteko potentzia du, eta orain egiten ari diren parkeek 3,5-5 MW. Askoz handiagoak dira, baina errotazioko maiztasuna askoz geldoagoa dute Horrek esan nahi du zarata gutxiago ateratzen dutela eta bertako txorientzat ere talka egitea nekezagoa da. Eta neurri zuzentzaileak ere daude, baita sentsorika ere.

Edozein kasutan, herritarrekin batera jaio eta garatu den proiektu batek beti ere arrakastarako aukera gehiago izango du, inposatutako batek baino. Nik oso argi ikusten dut informazio gehiago izatea hobe dela, proiektuak epe luzerako baitatoz, 25 edo 30 urte barrena.

Kontsumoa murriztearen filosofia hori ere hor dago?

Bai. Eta EEEk argi izan du, batez ere sorreran, eraginkortasun energetikoaren aldeko apustu garrantzitsua behar zela. 1982an izan zen krisi energetikoa, eta petrolioarekiko dependentzia itzela zegoen. Barrilak igo ziren 3 dolarretik 60 baino gehiagora, eta horrek sekulako kolpea ekarri zien zenbait enpresei. Lehen eraginkortasun politika orduan abiatu zen, ez ingurumen irizpideengatik, baizik eta lehiakortasunagatik. Izan ere, industriak dependentzia handia zuten. Egun oraindik esango nuke lehiakortasun irizpideak pisu handia duela, baina horri gehitu behar zaio azkeneko urteetan ezarritako ingurumen irizpideak eta horrek ekarri dezakeen eragina poltsikoetan.

Zer lortu da geroztik eraginkortasun energetikoan?

Grafiko baten ikusten da, eraginkortasun energetikoa bultzatzeko 1982tik —EEE sortu zen urtea— 2020ra bitartean harturiko neurri zuzentzaileei esker, gaur egun ari gara kontsumitzen neurri horiek hartu ez balira kontsumituko genukeena baino % 50 energia gutxiago. Alegia, neurri horiek hartu izan ez bagenitu % 50 energia gehiago kontsumitzen arituko ginateke. Horrek asko nahi du esan. Eta egun eraginkortasun energetikoan politika indartsua burutzen dihardu. Eta hor ez EEE bakarrik, Eusko Jaurlaritza ere. Industria eraginkortasunerako 60 milioi baino gehiago daude jarrita mahai gainean. Etxebizitzak eraberritzeko ere 60tik gora daude. Zaborretan esaten da zaborrik onena sortzen ez dena dela. Kasu honetan, mila aldiz esan dut, energiarik onena erabiltzen ez dena da. Berdina lortu, energia gutxiago erabilita. Berriztagarriak ezartzea baino garrantzitsuago da eraginkortasun energetikoa.

"1982tik —EEE sortu zen urtea— 2020ra bitartean harturiko neurri zuzentzaileei esker, gaur egun ari gara kontsumitzen neurri horiek hartu ez balira kontsumituko genukeena baino % 50 energia gutxiago"

Digitalizaziora doan gizarte bati energia aurrezteko eskatzea erronka da.

Gu oraintxe gabiltza borroka horretan. Europak aginduta, 2022ko abuztutik 2023ko martxora arte, biak barne, gure gas kontsumoaren %7 murriztu behar dugulako gutxienez, aholku modura ipini dutelako emergentzia klimatiko baten gaudelako.

Next generation funtsak hor daude, eta beldurra dago ea galduko diren. Bai Espainiako gobernuak, bai Jaurlaritzak indartu ditu departamentuak hori bideratzeko. Heltzen ari dira?

Hor bi eredu dira. Bata, proiektu zehatzetara doazen dirulaguntzak, Madril bera kudeatzen dabilena. Beste kontu bat dira trantsizio energetikorako bideratuta dauden dirulaguntzak, horiek banatzen direlako. Badaude funtsak, normalean IDAEk banatu dituenak, eraginkortasun energetikorako, autokontsumorako, ibilgailuetarako... Horren bitartez kudeatzen ari gara. Sumatzen ari da, bultzada garrantzitsua, eta gainera autokontsumoan sekulako eragina edukitzen ari dena.

Eta Ekiolarentzat ere jaso ditugu, eta sekulako garrantzia dauka. Ekiola bakoitzeko 650.000 eta 700.000 euro bitartean ari gara jasotzen. Gainera kooperatiba da, eta dirua jarri behar duenari merkeago ateratzen zaio laguntza horri esker, bere mesedetan.

Ekiola zein puntutan dago?

Harrera oso ona izan da, eta oso ondo ikusi da. Baina esan behar dut ez dela oso erraz egiten den proiektu bat. Eredu aldaketa da, herritarroi esfortzua eskatzen digun proiektua da dirua jarri behar delako, baina eredu eraldatzaile oso garrantzitsua da, non herritarrok jartzen gaituzten energia kudeaketaren zentro-zentroan, izango baikara energiaren sortzaileak eta sortzen dugun energia horren kontsumitzaileak. Eta gainera erabakiak hartzeko eskubidearekin. Zelan bururatu zaigun? Hemen oso errotuta dagoen eredu baten bitartez: kooperatiba. Horretan dihardugu. Gaur da eguna non ez garen ari oraindik argindarra sortzen. Kooperatibak sortuta ditugu, bazkideak ere baditugu, baina aurtengo lehenengo seihilekoan eduki beharko genituzke bi edo hiru hilabetetan argindarra sortzeko moduan.

"Ekiola bakoitzeko 650.000 eta 700.000 euro bitartean ari gara jasotzen [Next Generationen bidez]. Gainera kooperatiba da, eta dirua jarri behar duenari merkeago ateratzen zaio laguntza horri esker"

Hidrogenoa da puri-purian izan den beste gaia.

Deskarbonizatu beharra dago, eta badaude sektore batzuk ezin direnak elektrifikatu —altzairugintza, burdina, papera, beira, produktu kimikoak, garraioa—, ezin direnak aldatu argindarragatik. Erregai fosilak kendu behar badituzu deskarbonizatzeko, hidrogenoa altenatiba izan daiteke. Hori da arrazoietako bat. Horrekin batera, hidrogenoa izan daiteke energia metatzeko modu bat, esaterako, gehiegizko argindarra duzunean. Artikulu baten irakurri nuen energia berriztagarriak asko desakoplatu direla, alegia, larregi sortzen ari zirela. Hor duzu beste irteera bat, ekoizpena ez galtzeko. Beraz, premiaz ari gara, baina era berean geroz eta berriztagarri gehiago eduki, argindarraren soberakinak izango diren eta horiek gorde ahalko diren.

Hor, noski, hidrogeno berdea nahi dugu. Hidrogeno asko kontsumitzen da, esaterako, petrolioa fintzerakoan (Petronorrek, adibidez), baina grisa eta urdina da. Petronor bezalako enpresa handi bat behar dugu, hidrogenoaren kontsumitzaile dena eta berak ere deskarbonizaziorako prozesu hori egin behar duena. Horrekin batera, ekosistema sortu behar dugu, non ekoizten den eta kontsumitzen den, industrian zein garraioan, eta amestu dezagun, etxebizitzetan ere. Eta gainera teknologia sortu balio katea sortuko dizuna hidrogenoaren inguruan, teknologia hori esportatzeko. Hori izango da helburua. Horregatik egin da hidrogenoaren estrategia bat. Eta gu, zehazki, sartuta gaude Hidrogenoaren Euskal Korridorean, eragile publiko eta pribatu ugarirekin, eta bertikal asko dituena —kontsumoa, diseinua, teknologia, erregulazioa...—.

Zein puntutan dago Korridorea?

Batzarra izan berri dugu. 36 proiektu ari dira gauzatzen. Laster izango dugu Petronorren elektrolizadorea, eta hodia eginda dago Abantoko parke teknologikorako. Horiek dira adibideak. Eta gero helburua da industria joatea probak egin daitezen eta apurka hor jarraitu behar dugu.

H2Valley of the Year saria jaso zuen abenduan Bruselan.

Lehenengo Hidrogenoaren harana izan da sari hori jasotzen. Eta Europan izan berri naiz Hydrogen Partnership deritzon Europar Batasunaren menpean dagoen elkargo batean, hidrogenoa bultzatzeko eratu dena. Eurekin hartu-emanetan gaude. Eta egiten dugun adibideak oso begi onez ikusten dute. Hor egin nahi duguna da haran bezala proiektuak gauzatu, baina ondoren Europako haran desberdinak lotu, proiektu bateratua izan dadin.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK