Itsas-energiaren POEM(ak)

Itsasoan aerosorgailuak non jarri ahalko diren finkatzeko ordenazioa onartu berri du Espainiako gobernuak, POEMs delakoak. Euskal kostaldean momentuz eragin mugatua izango badute ere, energia mota horren noranzkoa ezartzeko lehen pauso bat dirudi. Hain zuzen, testuingurua ematen die World Maritime Weeken eztabaidatuko diren zenbait gairi

Saitecek eginiko ur-gaineko aerosorgailua | Argazkia: Europa Press Saitecek eginiko ur-gaineko aerosorgailua | Argazkia: Europa Press

Ontzigintza eta portuez gain, arrantza eta itsas-energia izango ditu protagonistak gaur BECen abiatuko den World Maritime Week kongresuak. Eta hain zuzen ere, bi horietan jorratuko diren gaiekin zerikusia du bete-betean Espainiako gobernuak onartu berri duen POEMs itsas-eremuaren ordenaziorako planak. Adibidez, Eurofishingen egingo den itsas-eremuko plangintzari buruzko saioak.

“Plan horrek ezartzen ditu lehenetsitako gune batzuk itsas-energia eolikoa baimentzeko. Dena den, egia da proiektu bakoitzak ebaluazio propioa eduki beharko duela”, adierazi du Aitor Urresti Gonzalez EHUko irakasle eta Energia Berriztagarrietan adituak. “Eta horrekin batera, ezartzen dira beste esparru batzuk non ez dagoen baimenduta edo debekatutako guneak diren”, gehitu du.

Euskal kostaldearen kasuan, ezarritakoa 100km2ko eremua izan da, zehazki, harrezkero existitzen den BiMEP Bizkaiko itsas-energiako plataformako bi entsegu guneek hartzen dutena: Armintza-Lemoizekoa, non olatuen eta ur-gaineko itsas-energia eolikoari loturiko probak egiten dituzten; eta Mutrikukoa, olatuetan espezializatua, besteak beste, haize-turbinei loturiko kontzeptu berri batekin.

Teknologia “helduetan”

Momentuz, ordenazioak soilik “une honetan garatuta eta nolabait frogatuta” dauden teknologiak hartzen ditu aintzat. Bestela esanda, “teknologia helduak”. Horiek dira, hain zuzen ere, “itsas hondoa oso sakon ez dagoeneko lekuak, aerosorgailuak itsas-zoruan nolabait kokatu ahalko diren guneak”. Hain zuzen ere horregatik —baita babesguneengatik ere— hartzen du euskal kostaldeko espazio mugatu hori. Izan ere, espazio estua eta berehala sakona da kostaldekoa, eta “eskatuko luke berehala jotzea ur-gaineko haize-energiara. Momentuz, baina, ez da plangintzan sartzen”, azaldu du Urrestik.

Momentuz, ordenazioak soilik “une honetan garatuta eta nolabait frogatuta” dauden teknologiak hartzen ditu aintzat. Bestela esanda, [...] “itsas hondoa oso sakon ez dagoeneko lekuak”

Kantauri isurialdeko beste gune batzuetan, baina, egoera bestelakoa da. Galizian, esaterako, 2.350 km2ko aerosorgailu parkea izatea ahalbidetu dute, eta horrek hautsak harrotu ditu bertan. Besteak beste, arrantza lasai egiten uztea aldarrikatu dute, eta planak naturarekiko inpaktuaren parte bat soilik hartzen duela aintzat, adibidez, energia itsasotik lur-eremura garraiatzeko kablea alde batera utzita. Horren ondorioz, Eólica Así Non plataformak deituriko protesta egin zuten duela aste batzuk A Coruñan, non 200 entitatetako ordezkariek hartu zuten parte, Asturiasekoek barne —bertan ere hiru eremu definitu dira—.

Esparru bat

Ordenazio planak hiru esparruri loturiko abantailak izan ditzake Urrestiren ustez. Lehenengoa, ekonomikoa, “merkatuak eta sustatzaileek jakin dezaketelako hemendik proiektu bat garatzeko zein lekutara bideratu behar duten. Gardentasuna eta segurtasuna ematen du”. Bigarrena, gizarteak hemendik aurrera jakin dezakeela non izango den proiektua. “Alegia, ez dugula edukiko Bermeo aurrean, esaterako, ikusgarria izango den tokiren baten”. Eta hirugarrena, ingurugiroaren ikuspegitik ahalbidetzen duela “aurretik aztertzea zein espezie dauden, zer nolako inpaktua sor dezakeen, eta aldez aurretik erabaki proiektu horiek onargarriak diren edo ez”.

Dena den, ordenantza berriak oraindik bidea du egiteko. Hala gogorarazi zuen Javier Marqués Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari teknikoak World Maritime Weeken aurkezpenean: “Ordenantza-plana lehenengo pausoa da, baina oraindik beste zenbait pauso eman behar dira sektorearen garapenerako, hala nola proiektuen kudeaketa izapidetzeko erregulazioa onartzea, proiektuen enkantea egiteko diseinu aproposa, egutegia, eta saree-elektrikoarekin koordinazioa proiektuekin aurrera egiteko”.

Aitor Urresti: “Segur aski, teknologia garatzen den heinean, kostaldetik aldenduago dauden beste toki batzuetan ere aerosorgailuak jartzea ahalbidetuko du"

Gainera, adierazi bezala, heldutasuna duten teknologiei soilik aplikatzen zaie. “Segur aski, teknologia garatzen den heinean, kostaldetik aldenduago dauden beste toki batzuetan ere aerosorgailuak jartzea ahalbidetuko du. Ez dakit Espainiako gobernuak ezarriko dituen, edo bultzatzaileek ezarriko dituzten beste lege batzuk”, nabarmendu du Urrestik. Baina hori oraindik ikusteko dago.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK