Deskarbonizazioa eta trantsizio energetikoa bultzatzeko, energia komunitateak izenekoak hazi egin dira, energia sortzeko, erabiltzeko eta kudeatzeko herri mailako egitasmoak. Helburua da, beraz, kontsumitzaile huts izatetik kontsumitzaile eta ekoizle izatera igaro daitezen herritarrak. Hain zuzen, horiek izan dituzte hizpide Arrasateko Garaia Parke Teknologikoan. Mondragon Unibertsitateak, Mondragon Korporazioak eta Repsol Fundazioak antolatua, egun merkatuko energia komunitate ereduak aztertu, eta zenbait arrakasta kasu aurkeztu dituzte.
Aurkezpen eta ondorioez gain, jardunaldiak bi jarduera nagusi izan ditu: bata, Energia Komunitateen Erregulazio Alderdiei buruzko hitzaldia, Natalia Diaz de Arcaya Sorrera Banatuaren eta Eskariaren Kudeaketaren Arloko arduraduna Euskal Energiaren Erakundean; bestea, arrakasta kasuei buruzko mahai ingurua, Eguzki energiaren kontsumo ereduak izenburupean, askotariko eragile publiko eta pribatuekin. Aurkezpenari dagokionez, Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak eta Antonio Calçada Repsol Fundazioko lehendakariordeak egin dute; ondorioez, aldiz, Aitor Arzuaga Alba Emission Free Energyko kontseilari delegatua, Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia eta Iñigo Ucin Mondragon Korporazioko lehendakaria aritu dira.
Ekitaldia Repsol Fundazioaren Open Room egitasmoaren baitan antolatu dute, trantsizio energetikoari lotutako askotariko hausnarketak bultzatzen dituena.