Aste honetan bertan iragarri du Repsolek 15 milioi euroko inbertsioa egingo duela Portugalen, hidrogenoari loturiko proiektu baten, baita Espainian dituen zenbait proiektu industrial geldituta dituela. Proiektu horien artean da Muskizeko findegiko 100 MWko elektrolizadorea, Europa Press agentziari enpresako iturriek atzo jakinarazitakoaren arabera.
Proiektua aldi baterako gelditzeko erabakiak harremana du bete-betean egunotan aktualitatearen lehen lerroan dagoen enpresa energetikoen eta bankuen gaineko zergarekin. 2023ko urrian iragarri zuen Espainiako gobernuak, hasiera batean 2022 eta 2023ko ekitaldietarako aurreikusitako zerga, %1,2ko kargakoa, eta hortik gutxira jakinarazi zuen Emiliano López Atxurra Petronorreko presidenteak Muskizeko proiektua eteteko erabakia. Berriki, zerga mantentzeko asmoa helarazi du Madrilgo gobernuak, eta horri erantzunez, Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari delegatuak hainbat hedabideetan iritzi artikulua argitaratu du, "Espainiako ezegonkortasun fiskala" azpimarratuta, eta ohartarazita neurria luzatzeak eraman dezakeela Espainiako energia sektorea "minimora mantsotzera". Hain zuzen ere, testuinguru horretan atera da berriro ere Muskizeko elektrolizadoreari buruzko galdera.
Petronorrek Euskal Autonomia Erkidegoan eraiki asmo duen hiru elektrolizadoreetako bat da Muskizekoa, konpainiaren deskarbonizazioan eta Hidrogenoaren Euskal Korridorearen beharrak asetzeko rol gakoa joka dezakeena. Gailu horrek ahalbidetzen du hidrogeno berdea eskuratu ahal izatea, prozesu kimiko baten bitartez. Hidrogeno horrek ezinbesteko rola jokatu dezake etorkizunean energia berriztagarrien biltegiratzean, hori baita energia garbiek duten erronka nagusia. 200 milioi euroko inbertsioarekin, 2026rako martxan izatea zegoen aurreikusita.
Beste bi elektrolizadoreek, aldiz, aurrera dihardute. Are gehiago, lehenengoa martxan dago jada. 11 milioi euroko inbertsioa egin zuen taldeak horretarako, eta erabilera industrialerako —findegirako bereziki— hidrogeno berdea ekoizteko. Era berean, 10MWeko beste bat eraikitzen ari dira, hidrogeno berriztagarria sortuko duena. Erregai sintetikoen planta demoa elikatzeko helburua izango du. Aurtengo irailean hasi dira eraikitzen planta hori, Bilboko portuan kokatuta izango dena. Enagás, Energiaren Euskal Erakundea eta Aramco ere dira proiektuaren bazkide.